Gabon usaina

2018 / 12 / 20

Negua eta Gabonetako ospakizunak gertu, asteburu honetan hasiko dugu egun berezi hauetarako antolatu ditugun ekintzen agenda bete-betea.

Ostiral honetan, abenduaren 21ean, izango da “neguko solstizioa”, urteko egunik motzena, lurrak eguzkiarekiko inklinazio handiena duen eguna, eta horregatik, argi gutxienekoa; hemendik aurrera, berriz, egunak luzatzen eta gauak mozten joango dira.

Neguko solstizioarekin batera kristauen Gabonak, oporrak eta jaiak ditugu, eta horregatik, Udalak ekintza programa zabala prestatu du gustu guztientzat.

Larunbat honetan, abenduaren 22an, 18:00etan, “Patata Tropikala” antzerki taldeak 5 urtetik gorako umeei zuzendutako “Denboraren Taupadak” lana aurkeztuko du Zaldibar antzokian. Abentura dibertigarria, txotxongiloak, maskarak, antzerkia, umorea eta irudimena nahasten dituena ez ohiko ikuskizun harrigarria lortzeko.

Igandean, berriz, Eskoriatzako @r emociones antzerki taldeak “Desbloqueadas” lanaren bi saio eskainiko ditu. Lehenengo saiorako sarrerak berehala agortu ziren, eta bigarrenerako hogeita hamar bat gelditzen dira.

Astelehenean Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira, eta urtero bezala, beraien laguntzaileek Olentzerorentzako gutunak jasoko dituzte, goizez, plazan. Gaztaina-erreak, gabon kantak eta trikitilariekin kalejira ere izango dira.

Hortik aurrera, eta urtarrilaren 6ra arte, programa zabal bat dago: umeentzako parkea kiroldegian, ekintzak ludotekan, gazteentzako filmak Zaldibar antzokian, gospel kontzertu aparta, ekintzak gaztelekuan, urteroko Silbestradie, eta nola ez, Ekialdeko Magoen etorrera.

Aurten Ekialdeko Magoekin lotutako berritasun bat dago, izan ere, ez dute aurreko urteetan egin izan duten ibilbiderik egingo, eta antzezpena, osorik, udal pilotalekuan egingo da: Jaiotza bizia eta Bibliako pasarteen antzezpena eskoriatzar askoren laguntzarekin eta argi eta soinu ikuskizun handiarekin. Amaieran txokolatea egongo da nahi duten guztientzat (bakoitzak bere edalontzia eraman beharko du).

Eskoriatzako Udalak herritarrak gonbidatu eta animatu nahi ditu antolatutako ekintzetan parte hartzera: Olentzero, Gabonetako parkea, antzerkia, zinea, gospel kontzertua, Silbestradie, Ekialdeko Magoak…

Gabonetako egitaraua