´Iñurrategi anaiak´ liburuaren aurkezpena

2021 / 02 / 05

Otsailaren 19an, ostirala, arratsaldeko 19:00etan Zaldibar antzokian “Iñurrategi anaiak – Mendiari bihotz emanak” liburua aurkeztuko da, eta bertan  Alberto Iñurrategi, Ramon Olasagasti (idazlea) eta Cesar Llaguno (marrazkilaria) egongo dira. Moderatzaile gisa Aitor Elduaien , Mendi Tour Filmeko komunikazio arduraduna egongo da.

Antzokiko edukiera mugatua denez,  joan nahi dutenek telefonoz (943 71 46 88) edo WhatsApp bidez (650 49 51 66) gonbidapena eskatzea komeni da.

Egun berean, antzokian bertan,  CVCEPHOTO argazki erakusketa inauguratuko da, eta bertan mendi argazki zoragarriak ikusteko aukera egongo da.

Egunean bertan, antzokian “Iñurrategi anaiak” liburuaren aleak salgai egongo dira, euskaraz zein gaztelaniaz, “Dorleta liburudenda” herriko dendak utzita.

Iñurrategi anaiak – Mendiari bihotz emanak

Euskal mendizaletasunaren historian aparteko sokada izan da Felix eta Alberto Iñurrategik osatutakoa: soka sendo bat, egiteko modu bat, sokalagunekiko nahiz babesleekiko leialtasun bat, mendia bere hedadura osoan aintzat hartzen jakin duen begirada bat. Mendia ez baita gailurra soilik, mendia batez ere bidea da, eta mendirako bidean dauden herriak, eta herri horietan bizi den jendea…

Gasherbrum II, hamabigarren zortzimilakoa elkarrekin igo eta gero, beherakoan istripua izan eta hil egin zen Felix. “Bihar ere argituko du egunak” esan ohi zuen Felixek sarri, adore premian zenari bihotz emateko, eta ausaz mendiari ez ezik bizitzari aurre egiteko modu horrek biziarazi zuen berriro pultsua.

Mendiari bihotz emanak bizi izan ziren, bizi da oraindik ere Alberto, mendiak ematen zielako bihotz. Gerozko urteotan, Felix hil ondoren sortutako Baltistan Fundazioaren eskutik, altuera xumeagoan gailur zailagoak ere bilatu dituzte, Hushe ibarreko baltiarren bizimodua zertxobait duintzea, besteak beste.

CVCEPHOTO argazki erakusketa

Zaldibar antzokiko sarreran CVCEPHOTO nazioarteko lehiaketa irabazi duten lanetako batzuk erakutsiko dira.

CVCEPHOTO, Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako mendi jardueren argazki lehiaketa da, eta bertan  Petr Piechowicz, Fredrik Schenholm eta Paul Bride argazkilari ospetsuek egindako 20 irudi ikusgarri jasotzen dira, mendia, natura eta bertan egiten diren jarduerei buruzkoak guztiak.

Argazki erakusketa hau otsailaren 28ra arte egongo da ikusgai.