OARSOALDEA ESKUALDEKO MUSEOEK ELKARLANEAN EGINDAKO EKIMENAK AURKEZTU DITUZTE

05/10/2017

Oportunidad de visitar 8 museos a mitad de precio y atractivas actividades diseñadas combinando diferentes museos.

 

Gaur, urriak 5, goizeko 11:00etan Errenteriako Kapitain Enean kokatzen den Jantziaren Zentro berrian egindako prentsaurrekoan, Oarsoaldeko museoek beraien ekimenak aurkeztu dituzte, elkarlanean aurrera atera dituzten jarduera eta produktuak ezagutzera emateko asmoz.

Prentsaurrekoan parte hartu dute Maria Jesus Telleriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, Jexux Leonetek, Oiartzungo alkate eta Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakariak, Joseba Zabaletak, Soinuenea museoaren izenean eta Erme Pedrosok, Albaola Itsas Kultur Faktoriaren izenean.

jantzi 1 web

Jexux Leonetek aipatu duenez, 2014 urtean Oarsoaldea Garapen Agentziaren turismo sailak bultzatuta, eskualdeko museoen mahaia jarri zen martxan. Honen bidez, urte osoan zehar eskualdeko museoek hainbat jarduera egiten dituzte elkarlanean, eta prentsaurreko honen bidez elkarlan honen fruitu diren 2 ekimen aurkeztu dituzte. “Museo bakoitzak bere identitate propioa du eta gai desberdinak jorratzen dituzte baina hau ez da izan eragozpena beraien arteko elkarlanerako. Tematika desberdinak uztartuz, beraien arteko sinergiak sortzeko gai izan dira”, aipatu du Jexuxek.

 

8 museo sarrera bakarrarekin

Bietako lehena eskualdeko Museoen Bono berria da. Produktu hau duela urte batzuk sortu zen, eta orain arteko eskaintzari Errenteriako Jantziaren Zentro berria gehitu zaio. Eskualdeko 8 museoak erdi prezioan bisitatzeko aukera ematen digu, urtebeteko epean. Eskualdeko museoetan eta Pasaia eta Errenteriako turismo bulegoetan eskuratu daiteke bonoa 12,50€ren truke. Gai anitz jorratzen dituzten museoak dira hauek: geologia, musika, historia, literatura, arrantza eta itsas ondarea, arkeologia, etab. hain zuzen:

 

                             museoen-bonoa-sarrera

 

  •      San Marko gotorlekua (Errenteria): 1888ko gotorleku honek iraganera bidaia egiteko aukera ezin hobea eskaintzen digu, garai hartako kainoi, metrailadore eta soldaduen erreplikei esker
  •      Jantziaren Zentroa (Errenteria): Bisitariari, Janzkeraren mendez mendeko bilakaera ezagutzeko parada eskaintzen dio. Jatorrizko euskal jantzien egungo bildumarik oparoena dago bertan, garai desberdinetako 300 aletik gorakoa.
  •       Arditurri Meatze gunea (Oiartzun): Meatzari baten azalean jarri eta erromatar garaitik gaur arte egindako lanak bertatik bertara ezagutuko ditugu meazuloan barrena murgilduta.
  •       Luberri, geologia museoa (Oiartzun): Museo hau bisitatzea 500 milioi urtetan zehar bidaia egitea da. Bertan, Aiako Harria Parke Naturalaren eta Euskal Herri osoaren historia geologikoa ezagutzeko aukera daukagu.
  •     Soinuenea, Herri Musikaren Txokoa (Oiartzun): Munduko kontinente guztietako instrumentu eta soinu jostailuen soinuaz gozatu ahal izango duzu, bertan ikusgai dagoen musika tresna bilduma zabalari esker.
  •      Albaola, Itsas Kultur Faktoria (Pasaia): Albaolak, gure itsas ondarea ezagutu eta XVI. mendeko baleontzi baten erreplikaren eraikuntza zuzenean ikusteko aukera ematen digu, eraikuntzaren fase ezberdinak ezagutuz.
  •     Mater, museo-ontzia (Pasaia): Eskualdean daukagun museo originaletako bat, dudarik gabe. Bisitarako egokitu den atunontzi tradizional honek, arrantzaleen bizitza, arrantza-tresnak, itsas biologia, etab. ezagutzeko aukera ematen digu.
  •     Victor Hugo etxea (Pasaia): Pasaiako badiara begira dagoen XVII. mendeko etxe honetan hartu zuen ostatu Victor Hugo idazle frantsesak 1843ko udan. Tokiak liluratua utzi zuen Victor Hugo, eta hainbat testigantza ikusi edo entzun ditzakegu egungo “Victor Hugo, oroimenera bidaia” erakusketa iraunkorrean.

 

jantzi 2-web

Ondarearen Europako jardunaldiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak Europar Batasunarekin lankidetzan antolatzen ditu jardunaldi hauek, erakunde ugariren partaidetzari esker eta ondare kulturalari buruzko sentsibilizazioan sakontzeko helburuz. Horrela, “Paisaia bizia” lemapean iraila eta urrian hainbat jarduera antolatu dira lurralde osoan. Aipatu jarduera hauen barne, gure eskualdeko museoek elkarlanean eta konbinaketa desberdinak eginez, hainbat jarduera antolatu dituzte:

 

URRIAK 7

 Gaskoiniako eta Euskal Herriko herri musika”. Arditurri eta Soinuenea artean antolatua. Oiartzungo Ergoien auzoaren paisaian azken urteetan eman diren aldaketak ezagutzeko egun bateko egitaraua prestatu dute bi museoek. “Katua dantzarako” tailerra goizez Arditurrin, meategian bisita egiteko aukera doan, eta 18.30ean, Soinuenea ondoan dagoen Auzokalte elkartean udazkeneko kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek Joan Francés Tisnèr (goizean tailerra ere berak eskainiko du) eta Alan Griffin musikarien eskutik. -Sarrera 5€koa da eta kontsertua + afaria 20€-.

 

URRIAK 22

Luberri ikasgune geologikoak eta Mater Museoak Jaizkibelgo paisaia eta bertako itsasertza ezagutzeko aukera emango digute, elkarrekin eskainiko duten natur ibilbide batekin. Gure paisaiaren jatorriaren berezitasunak azaldu ondoren, leku honen ingurumen-egoera aztertuko da.

 

URRIAK 28

  “Albaola itsas kultur faktoriaren ontzigintza Soinuenean” Albaolak eta Soinueneak antolatua. Pasaiako Itsas Kultur Faktoria Oiartzun herrira mugituko da, itsas ondareak eskualdearen barrualdean duen garrantzia erakusteko asmoz. Egun horretan, 15.00etan Soinuenean arotzak lanean ikusteko parada izango dugu, San Juan baleontziko haritzezko piezak landuko dituzte jendaurrean. Etxeko txikienak ere, atsaldeko 17.00etatik aurrera, egurrezko itsasontzi txikiak modu dibertigarrian egiteko aukera izango dute.

 

Prentsaurrekoan parte hartu dutenek jendea animatu dute bisita berezi hauetan parte hartzera. Guztiak doan dira eta parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da Errenteriako turismo bulegoan: 943 494 521 telefonora deituz edota turismoa@oarsoaldea.eus email helbidera idatziz.

  jantzi 4 web

 


Oarsoaldea