Teknologia albisteak

Euskara Aurrera manifestazioa, antolakuntza gazte berri batek deitua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-05-16 : 09:07

Euskara Aurrera leloarekin manifestazioa deitu dute datorren larunbaterako, maiatzak 21, Donostian (Antiguako tuneletik, 17.30etan). Duela aste batzuk aurkeztu zen Gazte Euskaltzaleen Sareak deitu du.

Agiri bat ere jarri dute sarean, sinadurak biltzeko. Bertako pasarte parea:

"Euskara galbidera zeraman joera ustez aldaezina itzultzea lortu dugu azken hamarkadetan egindako lanari esker. Baina gaur Euskal Herria berreuskalduntzeko eta euskara normalizatzeko bideak aurrera segiko badu, mehatxu berriak eta beraz erronka berriak ditugu esku artean. Batetik, euskararen eta euskaldunon aurkako erabaki politiko eta juridikoek ez dute etenik. Bestetik, kultur globalizazioaren ozeano zabalean euskararen presentzia lausotzen ari da. Belaunaldi berriok ere euskararen aldeko olatura igotzeko ordua da. Lehenago ere adierazi izan dugu gazteok euskararen aldeko fase berri bati bidea emateko konpromisoa dugula eta hori erakusteko gaude hein batean gaur hemen.

Euskarak aurrera egin dezan, egoerari parez pare begiratu behar diogu: instituzioen eta gizarte zibilaren arteko akordio berria behar du. Herri bultzada berri bat behar du. Aurrera egin behar dugu."

Gazte Euskaltzaleen Sarea apirilean aurkeztu zen, baina lehenagotik ari ziren lanean, pandemiak eten bat ezarri zuelarik beren planetan. "2016ko abenduan GaztEraiki topaketan hasi genuen bidea. (...) Gazte euskaltzale eta euskara arloko gazte eragileen sare irekia gara. Gazte belaunaldiak borrokara diksurtso eta egiteko modu propioz batzeko tresna gara", irakurri dugu Instagram-eko mezu collage batean.

Telegrameko kanala ere sortu dute, manifestazioarekin lotuta: https://t.me/EuskaraAurrera 

Erantzun

Sartu