Teknologia albisteak

Ikusgela proiektuak katalanera egin du salto

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-06-08 : 08:31

Duela urtebete jaio zen (publikoki, aurretik lana egon baitzen) Ikusgela proiektua, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako euskarazko Wikipediaren proiektua (hura kudeatzen duen EWKE elkartearen bidez), ikus-entzunezkoen bidez hezkuntza kurrikulumeko gaiak azaltzeko egitasmoa. Orain, katalanera salto egin du egitasmoak. Bideo eta eduki libreen abantaila, eta euskarazko proiektu fin baten esportagarritasuna agerian hemen.

Ikusgelako lehen edukiak euskaraz izan ziren Simone de Beauvoir eta Hannah Arendt pentsalariei buruzkoak. Katalanez, bikoiztu duten lehenetan Beauvoir dago baita ere, baina Nietzsche aukeratu dute bestearekin bat egiteko. Kataluniako ikus-entzunezkoetan ezagunak diren bi bikoiztaileren ahotsak entzuten dira bideoetan, Marc Gómez Domènech eta Ricard Soler i Rogerrenak. Eta ez bakarrik ahotsa, Ikusgelako bideoen egileek, Hiru Damatxo ekoiztetxeak errotulazioa eta beste kontu batzuk ere moldatu dituzte bideotan, goiko ilustrazioan ikusten dugun eran: "[de Beauvoir] nor zen?".

Atzo egin zen aurkezpena Katalunian, bertako bigarren hezkuntzako selektibitatearen aktibazioarekin. Hemen katalanezko bideoak (laster gehiago etorriko dira). Itsatsita Nietzscheren gainekoa:

Nazioartekotze lan honetan Kanadako WikiCred ekimenak lagundu du. Wikipediaren edukia berrerabili eta sustatzeko proiektuak diruz laguntzen dituen fundazio bat da WikiCred, eta Ikusgelari potentziala ikusita, Kataluniarako saltoa lagundu dute.

Ikusgelako beste bideo batzuek ere izan dituzte beste hizkuntza bertsio batzuk lehenagotik ere, boluntarioen laguntzarekin. Ingelesezko eta hausazko (Nigeriako hizkuntza nagusietako bat) azpidatziekin ikus daitezke, sakatu azpidatzi aukerak eta hobespenak hausa agertzeko.

Ikusgelaz gehiago jakiteko: http://ikusgela.eus/ 

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago