Teknologia albisteak

Amazonen 'dendaririk gabeko dendak' iruzurti samarrak dira

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-04-08 : 08:45

2017an hasi ziren martxan Amazon Go dendak Seattle hiriko adibide batekin. Dendaririk gabeko denda fisiko berritzailea omen zen: kontu bat ireki sisteman, denda fisikoan sartu, jarri saskian produktuan, irten, eta kamera, sentsore eta adimen artifizialeko zerbaitek zure erosketak konputatu eta ordainaraziko zizkizun kontu korrontetik. Aste honetan jakin da milaka langile (urrutiko dendariak) ari zirela Indian sistema monitorizatzen eta erosketak begiz eta eskuz konputatzen; eta kaleratu egingo dituzte sistemak itxura batean ez duelako etorkizunik horrela.

Amazon Go izenarekin merkatura iragarri zutena, hauxe izan zen, bideo hobean azaldua: 

2016 amaierakoa da bideoa eta orduan ez zegoen 'adimen artifizialaz' hitz egitea hain boladan, baina 'bisio artifiziala' eta 'ikasketa automatikoa' bezalako terminoak erabili zituen Amazonek.

Amazon Go izenak ere eboluzio bat izan zuen harrezkero: denda fisikoei Amazon Fresh deitu izan die Amazonek harrezkero, eta zerbitzu gehigarri bat ere badute, online erosi eta etxera bidaltzekoa, Fresh marka horrekin. Detekzio automatiko dendaririk gabeari, berriz, Just Walk Out izena jarri zioten, eta ez bakarrik erabiltzen omen zuten euren dendetan, eskaintza gisa saltzen da teknologia beste batzuek ere dendaririk gabeko dendak ezar ditzaten. Hortxe dago iragarria oraindik ere: "Handitu metro karratuko salmentak", diote. "Langileen efizientzia hobetu", "Fidelizatu kontsumitzaileak"... horrelako berbekin saltzen die beste batzuei zerbitzua Amazonek. Goiko irudia webgune horretakoa da.

Zerbitzu teknikoa ere iragartzen zuen Amazonek... hortxe zegoen kakoa. Mila lagun baino gehiago zeuden dendetako bideoei begira Indian, erosketa kalkuluak ondo egiten zirela konprobatzen. Amazon Web Services sareko zerbitzuen adarrean egon diren kaleratzen batzuen haritik jakin da, kaleratzeen artean Indiako langile horienak daudela. Hemen albiste parea hori kontatzen dutena: batbi.

Lasai, Amazonek badu fiasko hau konpontzeko modua: orain erabiliko dutena da Amazon Dash Cart delako zerbait, cart edo gurditxoetan integratuta kamera, sentsore eta gauzak, eta zeuk gurditxoan jartzean gauzak, orduan eskaneatuko ditu sistemak eta, horrela, dendaririk gabe funtzionatu ahal izango du oraindik munstro moduko honek.

 

Erantzun

Sartu