Teknologia albisteak

Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldia aste honetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-04-08 : 16:23

Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldia apirilaren 12tik 19ra egingo da. 26 film luze eta 19 film labur programatu dira, eta horien artean Indarkeriaren oi(h)artzunak euskarazko filmaren estreinaldia izango da, Tamara Muruetagoiena aktibistaren esperientziaren inguruko dokumentala.

 

Hemen film luzeen zerrenda, eta egunez eguneko agenda. Film laburrei dagokienez, aipatzeko modukoa da bost labur Palestinaren ingurukoak emango dituztela apirilaren 14an: From Palestine with Love (Annemarie Jacir), Gaza-London (Dima Hamdan), Area C (Salah Abu Nimah), Headcount (al-Waara Akram) eta Vibrations from Gaza (Rehab Nazzal).

Zine emanaldien programazioaz gain, lau erakusketa egongo dira eta iaz bezala jakintza astintzeko Mugi Tú jokoa ere online jarri dute.

Jarduera gehigarrien artean ere, hizketaldi interesgarria: Lamine Thior aktore senegaldar-espainiarraren hizketaldia. Kontatuko du bere esperientzia pertsonala, nola igaro zen "ume beltz maitagarria" izatetik "beltz heldu kriminalizatua" izatera. Thiorrena zinemaldia propio hasi baino lehenago izango da, asteazkenean, apirilak 10, 19.00etan izango da Donostiako Antzoki Zaharrean.

Bost kidek osatutako epaimahai batek zinemaldiko pelikularik egokiena aukeratuko du, eta irabazleak Koldobika Jauregi eskultorearen lan bat jasoko du garaikur gisa.

Informazio gehiago, zinemaldiaren webgunean: https://www.zinemaetagizaeskubideak.eus/2024/ 

Erantzun

Sartu