Teknologia albisteak

Doraemonen 100 bat atal Primeran plataforman

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-04-09 : 10:12

Pasa den asteburu honetan Doraemonen 100 bat atal, 2015. eta 2018. urteen arteko ekoizpenak, igo dituzte Primeran plataformara, euskarazko audioarekin noski, eta azpititulu euskarazkoen gainera. Dragoi Bolarekin batera, euskaraz ETBn ikusi ahal izan den marrazki bizidunen serie oparoenaz gozatzeko aukera.

Primeranen agertzen den informazioaren arabera, 17. eta 20. denboraldien arteko lau denboraldiak dira igo direnak, guztira ia 100 atal. Egiazki, Doraemonen denboraldi eta atal zenbaketak kaotiko samarrak dira, ia mila atalekin honenbestez. Hona 2015tik aurrerako atal-zerrenda bat ingelesez, eta Euskal Encodings-en bildutako zerrenda. Euskarazko ikus-entzunezkoak biltzen dituen webgune horrek deskargarako atak mordoa ere baditu.

Ekoizpenaren aldetik, ETBk eman dituenak Japoniako bi ekoizpen arotako atalak izan dira, 1979-2005 tarteko ekoizpen sortakoak, eta 2005ean hasitako sorta, oraindik atalak egiten dihardutena Japonian.

Primeranera igotako atalak 2015eko udatik 2018ra ekoitzitakoak direla uste dugu. 

Spoiler: Doraemon 22. mendeko katu kosmiko bat da geure garaiko Japoniara etorria, non Nobita mutikoarekin bizi den. Kanguro baten erako papar-poltsa du Doraemonek eta bertatik era guztietako gailu erdi-teknologiko erdi-magikoak ateratzen ditu, Nobitak eskatu dizkiolako... Nobitak beti bihurrikeriaren bat egiten du trasto horiekin, baina errua azken batean Doraemonena da, katu kosmiko halakoak ez duelako ikasten, eta beti Nobitak eskatzen duenari ameto egiten diolako.

Doraemon Primeran plataforman, hemen: https://primeran.eus/s/doraemon-telesaila

 

Erantzun

Sartu