Teknologia albisteak

Literatura unibertsaleko bideoak Ikusgelan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-04-09 : 12:59

Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak gidatzen duen Ikusgela proiektuak literaturako klasikoen inguruko bideoak egiteari ekin dio, Safo olerkigile greziarraren bideo batekin. Ikusgelak 72 dibulgazio-bideo argitaratu ditu gaur-gaurkoz: Filosofia, Ekonomia, Euskal literatura, Ingurumena, Erronka Digitalak eta Zortziko txikian sailetan banatuta. 2022an aurkeztu zen ekimena, eta ikasturtean zehar astero bi bideo argitaratzen ditu. Hurrengo asteetan, beraz, Literatura Unibertsaleoak izango dira.

Itziar Orbegozok eta Imanol Epeldek aurkeztuko dituzte sorta honetako bideoak. Bakoitzak 7-10 minututan jasoko ditu autore eta obra baten gakoak. Bi astean behin aterako dira lehen sortako lauak: Safo, Dante, Homero eta Cervantes-en bideoak izango dira lehenak, baina udazkenean saioak jarraitu egingo du, eta beste lau bideo ere argitaratuko dira.

Literatura unibertsalaren gaineko bideo hauek Youtubeko Ikusgela kanalean, Wikipedian eta sare sozialetan ikusi ahalko dira, baita Ikusgelaren webgunean ere. Bideoen gidoiak Imanol Epeldek landu ditu. Berarekin batera aritu da aurkezle lanetan Itziar Orbegozo. Errealizazioa Xabier Aguadok egin du, edizioa Manex Aranburuk eta animazioetan Brian Soutzo aritu da.

Apirila-maiatzean ikasturte honetako azken bideoak argitaratuko dira, baina irailetik aurrera, sorpresa gehiagorekin itzuliko da Ikusgela. Hirugarren denboraldia sail berriekin abiatuko du.

Hemen duzu, beraz, lehen bideo hori, Safori buruzkoa:

Ikusgela.eus webguneaz gain, sare sozialetan ere presentzia du Ikusgelak: Youtube | MastodonTikTokTwitter | Instagram | Telegram.

Erantzun

Sartu