Teknologia albisteak

Arantzazu dokumentala, aro baten testigantza

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-04-11 : 08:47

Iazko azaroan Zinebi jaialdian estreinatu zen Arantzazu dokumentala, baina berriki hasi du herriz herriko emanaldi sorta bat sustapeneko webgune batekin: aukerak izango dira beraz filma ikusteko datozen asteetan. Eta merezi du, Arantzazuko santutegiaren historia eta bertako frantziskotarren bizipenak jasotzen dituen lan gomendagarria baita.

Pello Sarasua (Amasa-Villabona, 1969) ekintzailea da dokumentalaren zuzendaria, Arteman komunikazio-enpresa ekoizlea eta Arantzazulab zentroa enkargua egin zuena. Hain zuzen ere, Arantzazulab-en ekimenez, Arantzazun dauden fraide frantziskotar urriei elkarrizketa sorta egiteko ideia landu zuten Artemanekoek. 30 bat ordu grabaketetan, gutxitzen ari den erlijio-komunitatean. Baina grabaketa horiekin batera ikusi zuten dokumental bat egiteko aukera ere ematen zuela lanak, eta halxe egin dute.

Azpitituluarekin, Arantzazu, 36 zm, 5 mende eta herri 1 (euskara) izena du filmak. 36 zentimetro dira Arantzazuko Andre Mariaren irudiak neurtzen duena, santutegiko eliza barruko absidean dagoen hori. Bost mende, frantziskotarren erlijio-komunitate hori Oñatitik gorako mendi horietan dagoela. Eta herri bat, bereziki azken 75 urteetan Arantzazuk eta bertakoek Euskal Herrian izan duten eragin kulturalaren pisuagatik. 

Artxiboko eta gaur eguno irudiez gain, elkarrizketak dira dokumentalaren 70 minutuen funtsa. Fraide elkarrizketatuak dira Paulo Agirrebaltzategi, Joxe Mari Arregi, Juan Miguel Dorronsoro, Juan Ignacio Larrea, Manolo Pagola eta Angel Txabarri. Joseba Intxausti frantziskotar ohia ere agertzen da; iaz hil zen, post-produkzioan ari zirela filmarekin. Beste elkarrizketatu batzuk dira Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria, Xabier Euzkitze, Jon Sarasua, Miren Elgarresta, Alazmne Guridi eta Marije Goikoetxea.

Errepasatzen diren kontuak: Jakin aldizkariaren sorrera, basilikaren eraikuntza eta Oteizaren apostoluena, euskara batuaren biltzarra, Gomiztegiko artzain eskola, 20. mendeko azken laurdenetik gertatzen ari den deskristautzea...

Gehiago jakiteko, emanaldiak ikusteko (edo programatzeko), ikus webgunea: https://arantzazudokumentala.eus/ // Beste gehigarri interesgarri bat, Pello Sarasua zuzendariari eginiko elkarrizketa hau.

Argazkia: cc-by-sa, Wikipedia. Donostian asteartean egindako aurkezpen eta solasaldikoa da, taula gainean ageri dira ezkerretik Pello Sarasua (zuzendaria), Mikel Serrato (Artemaɲ), Paulo Agirrebaltzategi (frantziskotarra) eta Iñaki Luzarraga (Arantzazulab).

 

Erantzun

Sartu