Teknologia albisteak

Kaletegiko galderak zailak dira... (euskal hiriak ezagutzen ez dituenarentzat)

Erabiltzailearen aurpegia
2021-12-07 : 09:20

Azken asteetan galdera mota berri bat ikusiko zenuten Egunean Behin jokatzen duzuenok. 8. denboraldia amaitzera doan honetan ere (lasai, abenduaren 16an luzapena ETB1eko Biga Egunean Behin zuzeneko berriarekin) ikusiko dituzue mota honetakoak. Bilbokoak sartzen hasi ginen, eta kexuak entzun genituen Twitter bitartez, zenbat Bilbo eta ze Bilbo! Tira, gero Baionakoak ere sartzen ari gara (BAB-ekoak zehazki: Biarritz-Angelu-Baiona), eta horiekin ere pozik ez batzuk. Tira, lagunok, jakintza orokorra da, gure hiriak dira, eta hiri horietako toki/monument/eraikin ezagunenetakoak jarri ditugu bakoitzean. Mendietako galderekin ez da hainbeste kexu izan, badirudi 100 handiak euskaldun orok eginak ditugula!

Galdera mota hauen inguruko zehaztapen batzuk jarraian. Irudi fondoek OpenStreetMap mapa libreetan dute jatorria. Bertan adierazitako tokiei dagokienez, Wipiediako Wikidata zerbitzutik ateratako kokapenak dira. Kasu batzuetan oker egon dira, eta zuzenketak ere egin ditugu. Esate baterako, erabiltzaile batek esan zigun hau oker zegoela:

Ez, Donostiako Trinitate plaza ez dago hor, Urumearen ibar-eskuinean, Alde Zaharrean baizik. Galdera hauek zuzentzeaz gain, Wikipedia/Wikidata ere zuzen dugu bide batez.

Galdera motari dagokionez, bi estilotakoak daude. Batzuetan hiru puntu markatu ditugu kaletegian, eta izen bakarra ea zein punturi dagokion galdetu. Bestean puntu bat jarri, eta hiru izen proposatu. Bi kasuetan, distantzia minimoak kontuan hartu ditugu, puntu hurbiltasun handiegirik ez egoteko. Esate baterako, Bilboko kasuan, toki zerrendan Guggenheim Museoa zein Puppy daude, baina bi puntuak ez dira galderetan aldi berean azaltzen, hurbilegi daudelako eta ez luketelako utziko anbiguotasunik gabe erantzuten.

Hiri aukeraketari dagokionez, Bilborekin hasi ginen, eta gehitu ditugu gero Gasteiz, Iruñea, Donostia eta BAB. Bai, Biarritz-Angelu-Baiona, konurbazio jarraitu gisa, da Ipar Euskal Herriko hiri handiena. Hiriburu txikiagoak kanpoan utzi ditugu, Donibane Garazi eta Maule, eta hedaduragatik kaletegi interesgarria eman zezaketen beste hiri batzuk ere bai: Barakaldo, Getxo, Irun... 

Hiri batzuk beste batzuk baino ezagunagoak izango zaizkizue erabiltzaileoi. Zer egingo diogu ba. Kaletegi-planoak ere, batzuei ezagunagoak besteak baino. Donostiak, itsasoagatik, ezagutzeko profil ezaguna ematen du. BAB ere bai, gure iritziz, ondo markatzen dute itsasoak eta Aturri eta Errobi ibaiek. Bilbo ere bai Ibaizabalek nola zeharkatzen duen badakizu. Gasteiz, ordea, ibai markarik gabe agertzen da mapetan, baina bere erdialde kontzentrikoak laguntzen du kokapenak igartzen.

Iruñeari dagokionez, ipar partetik Argak bide argia egiten du... baina hegoaldeko puntu bakarreko mapetan, akaso ez da agertzen. Tira, hor ere pista bat.

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago