Teknologia albisteak

Elhuyar Zientzia Azokako sariak banatu dira

Erabiltzailearen aurpegia
2023-06-05 : 10:50

Bilboko Areatzan egin zen sari-banaketarekin amaitu da 2023ko Elhuyar Zientzia Azoka. Sarituek nazioarteko zein Espainiako azoketarako bidaiak, ikerketa-zentroetan egiteko egonaldiak eta ikasketa-bekak jaso dituzte.

Bilboko Areatzan egin den sari-banaketarekin amaitu zen 2023ko Elhuyar Zientzia Azoka. Ekitaldia Arnaitz Fernández Elíasek eta Elene Barrutia Loroñok gidatu dute. Elhuyar Zientzia Azokaren babesleek eta Elhuyarreko kideek eman dituzte 8 kategoriatan banatzen diren sariak.

Hauek izan dira proiektu sarituak:

  • Arratia BHI ikastetxeko “Mendikateak eraikiz” proiektuak jaso du “Ciencia en Acción”-en parte hartzeko aukera.

Saria Danel Solabarrieta Arrizabalagak eman die, Elhuyar Zientzia Azokaren arduradunak.

  • Muskizeko CF Somorrostro ikastetxeko “Ba al dakite kontatzen landareek” proiektuak jaso du “Galiciencia” azokan parte hartzeko aukera.

Saria Maria Rubio Zabalak eman die, Kutxa Fundazioko Proiektu eta Gizarte Berrikuntzaren arduradunak.

  • Loiuko Lauro ikastolako “Butroetxe” proiektuak jaso du Galiziako “Open Science Cambre” azokara joateko aukera.

Saria Inmaculada Arostegui Madariagak eman die, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerketaren Arloko errektoreordeak.

  • Loiuko Lauro ikastetxeko “Marterako bidaiariak”  proiektuak jaso du “Feria de la Ciencia de Granada” azokan parte hartzeko aukera.

Saria Arola Urdangarik Ferreirak eman die, Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko zuzendariak.

  • Gernikako San Fidel ikastetxeko “Aurrezpen-sistema komunitoarioa kiroldegietan”  proiektuak jaso du Galiziako “Ciencia en la calle” azokara joateko aukera.

Saria Isabel Sarrioandia Ibarrak eman die, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresak Sustatzeko Zerbitzuaren buruak.

  • Amorebieta-Etxanoko Lauaxeta ikastolako “Ekonomia zirkularra erabiliz, moluskoen oskolekin egindako material berria”  proiektuak jaso du Kataluniako “Expo-recerca” azokara joateko aukera.

Saria Amaia Agirre Pinedok eman die, Eusko Jaurlaritzako Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak.

  • Coruñako “IES Rosalía de Castro” ikastetxeko “Muñeca De Reanimación”  proiektuak jaso du Portugalgo “Mostra Nacional de Ciencia Portuguesa” azokan parte hartzeko aukera.

Saria Koldo Narbaiza Olaskoagak eman die, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak.

  • Loiuko Lauro ikastolako “Mikroplastikoen eragina indaba landareen hazkuntzan” proiektuak jaso du Italiako “I giovani e le scienze” azokara joateko aukera.

Saria Jon Abril Olaetxeak eman die, Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak.

Egindako lan onagatik, zenbait mailatako beste 18 taldek ere Elhuyar Zientzia Azokaren aipamena eta sareko ikerketa-zentroetan egiteko egonaldiak eskuratu dituzte.

Elhuyar Zientzia Azoka

Aurtengo Elhuyar Zientzia Azokak 3 egun iraun du, ekainaren 2tik 4ra, eta Bilboko Areatzan egin da. Bertan 200 proiektutik gora egon dira ikusgai eta 60 ikastetxetako 700 gaztek hartu dute parte. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta nazioarteko azoketako saridunak ere izan dira: 7 talde etorri dira.

Elhuyar Zientzia Azokaren helburua gazteen artean zientziarekiko zaletasuna suspertzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea da, eta ez bakarrik Areatzan egiten den azoka honetan, baita urtean zehar ere. Aurten, hain zuzen, 1.450 gaztek parte hartu dute (haietatik, % 52 neskak, % 45 mutilak eta % 3 ez-binarioak), eta 79 ikastetxek. Ikasle gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartzen dute Azokan. Eta azpimarratzekoa da, gainera, proiektu honekiko urtero erakusten duten konpromisoa: ikasturte-hasieran, unibertsitate eta zentro teknologikoetako 244 ikertzailek (haien artean,138 emakume) eman zuten izena ikasleekin lan egiteko eta azken faseko ebaluatzaile-lanak egiteko.

Elhuyarrek antolatutako Elhuyar Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euroeskualdearen, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioa), Kutxa Fundazioaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntza jasotzen du.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago