Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Datorkigun mundua

Datorkigun mundua

Amatiño 2016/04/21 20:50
Etorkizuna ez da gero batere erraza gaur eguneko gizartearentzat, oro har, eta, zer esanik ez, lan-merkatura estreinako atera behar duen gazteriarentzat edo sortu beharreko enpresa txikientzat. Baina, datorkigun mundua... sekulako txarrena al da? Aurreko belaunaldiek abagune errazagorik aurkitu al zuten?

“Datorkigun mundua” izan zen atzo Elkargik Kursaalean jarritako puntua, eta Adela Cortina, Cristina Garmendia, Josu Jon Imaz eta Antonio Garrigues Walker adituak-edo, berriz, erantzuteko propio aukeratutako koplariak, 1.300 inguru entzuleren aurrean.

Mundu globala, digitala eta teknologia-garapena; elkar-laguntza eta elkar-harremanak; jarrera, konpromisoa eta berehalakotasuna; berrerabilpena eta mugarik eza; baloreak eta gardentasuna… Hizjario handi samarreko lau lagunek, bi ordutan, gauza asko eta interesgarri plazaratu ahal izan zuten. Ez dut esango gauza berdintsu samarrak adierazteko zorian egon ez zirenik, baina bai, ordea, adierazpen kontrajarri gutxi sumatu zela.

Batere zalantzarik gabe, lauetarik mezurik bertokoena Josu Jon Imazek eskaini zuen. Repsolen kontseilari delegatuaren hitzetan, “datorkigun mundua” ez da inondik ere berria. Urteak eta mendeak dator etortzen eta, adibide gisa baino ez, euskal gizarteak XVIII. mendean gainditu behar izan zituen krisialdiak (burdinolen gainbeherakada Ingalaterrako lehen Labe Garaien aurrean), edo 1939ko hondamendiaren osteko belaunaldiak menderatu behar izan zituen erronkak, ez ziren, behar bada, oraingoak baino errazagoak izan. Eta, edozein modutan, balitez ere, Xabier Muniberen inguruko zalduntxo ilustratuek edo Joxe Mari Kortaren baserri-giroko hazi xumeek indarrean jarri zituzten errezetak berdintsu samarrak izan bide ziren, oraingoan ere, beste behin, baliagarri izan daitezkeenak.

Alegia, nork bere burua ondo prestatu, hizkuntzak ikasi, konplexurik gabe mundura atera, apal eta gozo asko kanpotarrak ekarri, gogotik lanik egin, arriskuak hartu, lehiakorrak izan, beti ere berritu eta, aurrenengoetan ez asmatu izanaz, ez lotsatu. Ekin eta jarrai... eta jarrai... eta...

Elkargi4

Josu Jon Imaz, Cristina Garmendia, Antonio Garrigues Walker eta Adela Cortina, atzo Kursaalean.

jaime
jaime dio:
2016/04/22 16:03
Alegia, nork bere burua ondo prestatu, hizkuntzak ikasi, konplexurik gabe mundura atera, apal eta gozo asko kanpotarrak ekarri, gogotik lanik egin, arriskuak hartu, lehiakorrak izan, beti ere berritu eta, aurrenengoetan ez asmatu izanaz, ez lotsatu. Ekin eta jarrai... eta jarrai... eta...
Eta noraino jarraitu egin behar? Zertarako? Sortu al da gizakia inoren jopua izateko bere bizitza osoan? Ezinezkoa al da BIZI IZATEA? Zertarako hainbeste prisa eta ardura? Nora garamatza bizitza puta horrek hilobira ez bada? Hori kontuan hartuta, ez dezakegu tarte hau, nolabait, gozatu, bizitza esperientzia hain frustragarri izan ez dezan?
Munduak 2.000.000 dolar/minutuko xahutzen omen du gastu militarretan, ustelkeria planeta osoan nagusi. Beraz, sobera diru dago mundu honetan bere biztanle guztiak duinki bizi daitezen. Beste aldetik, adituek diotenez, gertuko etorkizun batean, robotika arloa hain aurreraturik denez gero, robotek gizakiaren lanaren %45 egingo omen dute. Beraz, hain txarra izan behar datorkigun mundua?
Lehiakortasuna, arriskuak, berritzeak; ekin eta jarrai… eta jarrai… eta… ez al da inoiz gauza gizakia bizitza gurpila zoro hau geldiarazteko izango, behingoz?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: