Skip to main content

Gipuzkoa sarean, bidean

Berriki aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, egungo arduradunek eta aurreko agintaldikoek batera, “Gipuzkoa Sarean, bidean” izeneko liburua. Aurkezpeneko argazkiak beharrezko keinu politikoa uzten digu. Ez da erraza elkarren arteko lehian ari diren bi indar ekimenaren sustapenean bat egiten ikustea, baina arduradun diren aldetik,  egoera honetan, ezin zitekeen gutxiago eskatu. Orain egitasmoari, herri, bailara eta herrialdeko instituzioetan bultzatzeko lankidetza gradu handiago bat eskatu beharko genioke baita lurraldez haratagoko eragile garrantzitsuak parte hartzea, EJ kasu, saretzea hori baita. Berdin Eusko Jaurlaritzaren aurrean edo beste ezein instituziotan aurkeztu beharrekoak adostu eta defendatzerakoan. Lankidetza aldarrikatuz ez dugu adiskidetzearen sentsazio gozoa bilatzen, aurrera begirako urratsak ditugu buruan. Denoi eragiten diguten gaietan lankidetza eta inplikazioa alderdien eremura iritsi izanak eraginkortasuna eta emaitza hobeak ekarri behar lituzke.  Herrialdeko bi indar nagusiak batera gurdiari tiraka ikustea ez da ohikoa, baina ez ikustea larri sentitzekoa litzateke, oso larri.

Lurralde baten gaineko ekonomikoak garai berrietara eramateko estrategia ez da lan arrunta. Gizarteko eremu asko eta maila instituzional desberdinak ukitzen dituen prozesua da. Esan daiteke, saretu gabe, jarduera ekonomikoen berritzeari dagokion lurralde mailako (herri, bailara, eskualde…) estrategia ezinezkoa dela. Adostasunik handienarekin ere, ederki kosta behar du Gipuzkoaren moduko lurralde batean ekonomiaren berritze adierazleak nabarmen hobetzen ikustea bailaraz bailara. Dauden baliabide guztien,  ekonomiko zein gizatiarrak ahalik eta modu efiziente eta orekatuen erabiltzeko garaia da, hauek Gipuzkoa egunero egiten duten eragile sozial eta ekonomikoetara iristera ahalbidetu behar delarik. 

Larritzekoa dela diogu, izan ere, krisiak krisi, Gipuzkoak badu mendetako ibilbide industrial bat. Azken ehun urtetan izaera industrial horrek indar berezia hartu du. Industria txiki eta ertaina, bailaraz bailara hedatua, eta oso lotua bertako gaitasunei (pertsonak, eskolak, finantzazio egiturak, enpresari txikien familiak, langileen organizazioak, instituzioak eta hauen zerbitzu teknikoak…). Baina hori guztia agortu da edo agortzear dago. Teknologiaren bilakaerak inbertsio izugarriak eskatzen ditu, gas isurketa handiak eragiten dituzten enpresek ez dute etorkizunik, ez eta energia kontsumoan intentsiboak direnek ere. Are gutxiago egokitzeko gaitasunik ez dutenek. Gizakiaren aro berri baten aurrean gaudela esanez adierazten da aurrean dugun aldaketaren tamaina. Ezinezkoa izango zaigu orain arte bezala jarraitzea, ez ikuspegi produktibotik, ez ikuspegi formaletik. Zein da, ordea, baleko eredua Gipuzkoaren kasuan? Ez behin betiko eredua, garai berrietara geure kabuz iragateko balio diguna izanda aski.

Jarduera ekonomikoari dagokionez, badirudi Gipuzkoan bederen, enpresa txikien arteko aliantzak eta saretzeak ezinbestekoak izango direla  garaiok eskatzen duten eskaintza egitera iristeko. Orain tailer bakoitzak berea egiten duen bezala, geroan, batzuk elkar hartu beharko dute eskaintza osoagoa egiteko eta hemendik urrun saltzeko, bertako kateak eta sareak. Hori bera ez da nolanahiko aldaketa enpresen kulturan, formazioa, metodologia, sentsibilitatea eta abar beharko dira lehia lankidetza eta osagarritasuna bihurtzeko.

Lan harremanek eta enplegu politika aktibo eta pasiboek aldaketa latza beharko dute. Gabezia materiala eragiten duten enpleguak, adinagatik (gazte zein heldu) edo sexuagatik lan merkatuaren mugetan milaka pertsona uzten ez dituen eredu bat beharko dugu Gipuzkoan. Enpresarien ordezkariek gazteak kritikatu eta lan harremanetarako eredu berri bat aldarrikatu duten arren, azken urteotan enpresek inbertsioak atzendu eta kualifikazio oneneko enpleguak sortzeari utzi diote errentagarritasunaren mesedetan. Gaitasunak lardaskatzeak ez dakar etorkizun hoberik, baina hortxe gaude.

Lurraldeari dagokionez, problematika ez da errazagoa, bailara batzuk garraiobide indartsuen ondoan, besteak ez, poligono zenbait ibai arroetan uholde arriskuarekin besteak zaharkituta. Halaber, nola lortu lurralde osoan berrikuntza eragile diren eremuak dena gune bakar batean (Donostia?) bildu gabe. Lurralde orekaren helburuari arretaz erreparatu beharko zaio, Gipuzkoan eskualdeek izan duten pisuari esker, lurralde orekatua izan dela eta izaten jarraitu nahi dela kontutan hartuz.

Gure artean indarra hartzen ari dira ekonomia endogenoa, ekonomia zirkularra eta ekonomia urdina moduko kontzeptuak. Erabateko aldaketa dakarte jarduera ekonomikoa baliatzerakoan. Irizpide horiek aplikatu ezean badaezpadako eredu ekonomiko baten aurrean egongo garela esan daiteke.

Adostasunek bakarrik ez, desadostasunek ere balio izango dute zerbait eraikitzeko. Erabaki adostuak ez dira errazak izango. Honela, nora jo ez badakigu ere, bidea nola egin zehazten hasi garela izan daiteke “Gipuzkoa sarean” izeneko prozesuaren emaitza nagusia.

Bidea egiteko aukera bat orain arteko ereduari eustea da, lurraldean oso errotua (lurraldearen orografia, pertsonak, sare profesionalak, eskolak, udalak, garapen agentziak…), bestea kanpoko inbertitzaileen zain egotea, konpromiso handirik gabe, etekin ekonomiko hutsaren bila eta zuztarrik errotu gabe. Lehen ereduak adostasun handiak eta konpromiso kate estua dakar (horra hor saretu beharra zerbait lortzeko) bigarrenak inoren esku jartzen du gure geroa.

Gipuzkoa geroa behar duen lurralde moduan ikusi ala pabilioi erraldoi baten moduan ikusi, hor dago gakoa.