Skip to main content

Nazio garapena 2015

2015eko azaroak kontuan hartzeko gertaerak ekarri dizkigu Euskal Herria herri gisa garatzeko bidean. Herri egin eta herri moduan geroratzen lagun diezaguketen jarrerak eta prozesuak ikusteko aukera izan dugu. 2015. urteak luzaro geldirik egondako, edo oso makal garatutako prozesua (dei diezaiogun nazio garapena, NG) bizkortzen ikusteko aukera eman digula esan dezakegu.

Ipar Euskal Herria egitura instituzional (eta funtzional) bakar batean biltzeko aukeraren inguruan eragile sozioekonomikoak eta instituzionalak posizio organikoak hartzen hasi izana da, beharbada, urteko gertaera. Behingoagatik aitortza instituzionalik ez duen euskal geografiako eremu honek arkitektura instituzional bateratzailea izango du,  bai tokiko politikak gauzatzeko, bai gainerako euskal lurraldeekin harremanak formalizatzeko.

Halaber, Hego Euskal Herrian, udaberriko hauteskundeen ondoren, eta Nafarroa Garaiko aldaketen eraginez batik bat, euskal lurraldeen arteko lankidetzaren bidea jorratzeko adierazpen instituzionalak ezagutu ditugu. Euskal esparru funtzionala trinkotzeko pauso formalak eman aurreko egoera eraikitzen ikusi dugu. Esaterako, azaroaren 23an Ayerdi eta Tapia sailburuek hego euskal herriko enpresen arteko lankidetza sustatzeko beharra adierazi eta lankidetzarako konpromisoa hartu zuten. Egun berean Hegoaldeko pentsionisten mugimenduak Hego EH osorako 1.080 eurotako gutxieneko pentsio baten aldarria ekimen legegile bidez bi legebiltzarretara eramateko kanpaina hasi zuen. Ukaezina da bi urrats horiek, adierazpen mailan gauzatu arren, bere garabidean eragin egituratzailea izan dezaketela.

Azaroa emankorra izan da, eta urteari errepaso azkar bat emanez urte emankorra izan denik ezin uka. Emandako urratsen emaitzak ikusteko badaude ere (ikusteko zer ekarriko duten), askotariko adierazpidea duen nazio xedeko dinamika biziago ikusteko aukera izan dugula esan dezakegu. Baina gertaera guztiak ez dira berdin, adierazpenak, portaerak eta prozesuak berezituz, urteak nazio garapenari dagokionez zer ekarri duen biltzen saiatuko gara.

Adierazpenen alorrean, esaterako, aipagarriak dira lankidetza hitzarmenen alde tokian tokiko instituzioen aldetik egindako adierazpenak, bai eta euskal hiriburuetako lau alkateek elkarrekin topo egiteko izan duten jarrera ere (hiriburuetako ospakizunetan, Aralarren elkartzea lauak euskararen egunarekin…). ”Euskal” subjektu baten inguruan bizikidetza eremu komun bat irudikatu duten adierazpenak gero eta argiago agertzen hasi zaizkigu diskurtsoetan (Baiona-Donostia euskal euro-hiriaren eremuan lankidetza indartzearen alde…).

Baina adierazpenak ez ohi dira aski izaten asimilazio prozesuetan, eragin handiagoa dute portaerek. 2015ari dagokionez aipatzekoak hainbat, besteak beste: lan praktikaldia hegoaldean egiteko Xiberoa herri elkargoak Oarsoaldea agentziarekin hasi duen bidea; Errigorak Erriberako produktuak sustatuz euskalgintzarekiko elkartasuna bultzatzeko egindako kanpainak; UEUk lurralde guztietako euskal ikertzaileak, naturzaleak eta informatikariak nazio mailako jardunaldi korporatiboetan biltzeko antolatutako foroak; Donostiako Udalak 2016 egitasmoaren inguruan gainerako euskal lurraldeetara hedatzeko emandako urratsak; LOMCE legearen aurka eta hezkuntza lege propio baten alde Hegoalde osoan gorpuzten joan den mugimendua; euskal laborarien produktuak merkaturatzeko sortzen ari diren kontsumo kooperatibak. “Alternatiben Herrixka” deitu den proiektuak ere balio izan du trantsizio energetiko eta produktiboaren euskal paradigmaz gogoeta egiten hasteko. Okela sormen tailerrak euskal sortzaileak saretzeko sortutako mapak edo Batura, ekonomia sozial eraldatzailearen mapak, ere herri xedea duen bide bat adierazten dute. Halaber, EITB taldeak euskal geografia aintzat hartzen duen aktualitatea azaleratzeko joera argia hartu du eta Nafarroa Garaian Euskalerria Irratiak behingoagatik lizentzia lortzearekin batera NTB11 telebista emititzen hasteak aurrera egiteko urratsak direnik ezin uka.

Arestian aipatutako portaerak garrantzitsuak izan arren, prozesu eratzaileak, herri gisa funtzionatzen lagun diezagukeen arkitektura da bereziki interesatzen zaiguna.  Alor honetan bidean jarritakoak azpimarratuko nituzke, besteak beste, Ipar Euskal Herria instituzio bakar baten inguruan biltzeko abiatu den dekantazio prozesu formala eragile sozial eta instituzionalen artean, Nafarroa Garaia eta EAE Akitaniarekin batera euro-eskualde berean bilduko dituen protokoloa abiatzea, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroakoa Foru Gobernuaren arteko hitzarmena enpresen arteko lankidetza sustatzeko eta maila berean hego-ipar enpresak saretzen dituen Bihartean egitasmoaren garapena. Maila apalagoan eskualde mugakideetan garraio, osasun, turismo edo lan merkatu mailako hitzarmen formalak sinatu izana azpimarratu behar da. Udalbiltzaren Kohesio Fondoak ere Pirinioetako problematikan arreta jartzeko egin deialdiak bigarren urtea bete du.

Arkitektura sozioekonomikoari dagokionez ere kontuan hartzekoa da EHko labela sortu izana EH osoko ekoizle ekologikoen elkartearen bultzadaz. Maila teknologikoan Bidarteko ESTIA ingeniari eskolak eta EHUk daramaten lankidetzak ikerlariak, ikasleak eta proiektu berritzaileak uztartzen dituen aldetik, aipatua izatea merezi du.

Prozesu eratzaileen artean jarriko nituzke, halaber, .eus domeinua hedatzen hasi izana espazio zibernetikoan edo Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriaren geroaz gogoeta egiteko abian jarri duen prozesua ere.

Esandakoak agerian uzten du 2015 urtea nazio garapenari dagokionez ez dela urte antzua izan, baina herri xedea duten ekimen sozialak ugari diren bezala horrek ez gaitu itsutu behar. Urte honek ere agerian utzi du egiturako prozesu garrantzitsuenen aurrean ez dugula erantzun adosturik aurkitu, ezta nazio mailako gogoeta eremuak osatu ere. Urte luzeen ondoren enplegua sortzen hasi den honetan, prekarietatean oinarritutako lan merkatu batean biziko garela ziurtatzeko urtea izan da. Gure ekonomia gaitasun handikoa izan arren, ez gara gai izan lan baldintzen eremuan euskal kasuari dagokion oinarri bat adosteko. Bide beretik, babes sozialeko euskal sistema baten gaineko gogoeta eta adostasuna lortzeko prozesuak itxaroten jarraitu du, nahiz eta pobrezia zein gabezia egoerak gero eta jende multzo handiagoei eragin, eta munduan azkarren zahartuko den herria izan.

Halaber, ekonomia produktiboaren arloan, industriaren aro berriari begira aurreikuspenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan badugu ere (industria 4.0, manufaktura aurreratua…), eta euskal enpresek nazioarteko merkatuetan bide berriak urratu, ehun industrialak ahultzen jarraitu du eta falta zaigu, falta zaigunez, hurrengo aroari egokituko zaion euskal eredu produktiboa zehazteko eztabaida eta adostasun prozesu bat. Ikerketa eta Garapenari bideratzen zaizkion baliabideek ere atzera egin dute kanpotik ezarritako arau presupuestarioen eraginez, horrek dakarren guztiarekin garai berrietara ekonomia eta gizartea egokitzearen aldetik.

Nazioarteko merkataritzan (TTIP) edo klima eta energia kontsumoaren inguruko nazioarteko hitzarmen garrantzitsuak (COP21) adostu diren urtean, Euskal Herrian nola jokatu adostu gabe amaituko dugu urtea, bai maila instituzionalean zein sozialean.

Beraz, egindakoa ez da gutxi, baina asko dago egiteko gure herria XXI. mendeko herrien dinamika parametroetara ekartzeko. Esandakoak gure arkitektura gabeziak dakarren galgaz jabetzeko balio izan behar digu. Arkitektura sozial, instituzional edo juridikoa falta dugu. Gogoetak ez dira komunean jarriko harremanetarako espazio nazional komunik gabe, nazio xedeko egitasmoak ez dira gorpuztuko aurrera egiteko inguru egokia aurkitzen ez badute. Gaur gaurkoz euskal espazio formala eraikitzea falta zaigu.

Halaber, ongi dakigu batetik irabazten duguna bestetik galtzen jarraitzen dugula. Horregatik urrats egituratzaileak eta zentripetoek balizko galera horien aurrean sendoago egiten gaituzte. Orain posible ez dena bihar izan dadin, urrats egituratzaileak bata bestearen segidan ematen jarraitu behar da, presarik gabe, baina determinazio osoarekin. Eta oportunitate argiak dauden eremuetan lehentasunez. Gaindegian lehengaiak eskaintzen jarraituko dugu bide horretan lagungarri. Zume hauekin etorriko dira urrats berriak.