‘Aulki Hutsak’ dokumentalak sari berria jaso du, oraingoan Videomed nazioarteko jaialdian

Heriotza eta doluari buruz Arteman Komunikazioak eta Iñaki Peñak elkarlanean egin genuen ‘Aulki Hutsak’ dokumentalak sari berri bat jaso du. Oraingoan Videomed-en (Medikuntza-zinema, Osasuna eta Telemedikuntzaren nazioarteko jaialdia) saritu dute lana. Badajozen egiten den jaialdiak 20. edizioa izan du aurten eta beste herrialde askoren artean, Kuba izan du gonbidatu berezia.

Videomed-en eskuratutakoa batuko da Cine Invisible jaialdian 2014an eskuratutako bi sariei -bata, euskarazko lan onenari dagokiona; eta bestea ikusleek aukeratutako lanarena- eta orain arte foro desberdinetan jasotako aitorpenei.

Interesa izanez gero, Artemanen bertan ale batzuk ditugu saltzeko eta dokumentala deskargatu edo on-line ikusteko aukera ere badago.

‘Aulki Hutsak’ dokumentala 2013an egin genuen, baina lan horren oihartzuna ez da inola ere eten: Euskal Herriko eta Espainiako dozenaka osasun jardunalditan, zinema-aretotan eta kultura etxeetan arrakastaz proiektatua izan bada ere, oraindik ere eskaera handia du gizartean. Izan ere, heriotza eta doluaz ez da orain arte apenas hitz egin eta ikusitakoa ikusita jendeak horren behar handia du.