Izarren hautsa: zientzia eta beste

2006-09-30

Matematikaren urtea eta gero …(Izarren Hautsa, 00-10-31)

Matematikaren urtea badoa joan. Zientzia guztien oinarria den jakintza horren lilura sortzea zen ospakizunaren helburua. Gizarteari ‘matematika bizirik dago’ aldarrikatu zaio. Zutabekide izan dugun Maria Jesus Estebanek maisuki erakutsi digu, 2.000 karaktereko zutabearen laburrean, matematika zein funtsekoa den teknologiarik berrienak ere garatzeko. Asmo berarekin aritu dira makina bat matematikari mundu osoan. Erdietsi al dute? Gizartea jabetu al da matematika iraganekoa ez ezik, etorkizuna eraikitzeko erreminta dela? Lilura piztu al da? Zalantzak ditut neronek. Inpresioa dut urtea joan badoala eta lehen matematikari naftalina usaina dariola eta kontuak egiteko baino ez duela balio pentsatzen zuenak uste horretan jarraituko duela, tamalez.
Zuetako baten batek iritzi hori badu, eskuartean dudan liburu bat leitzea gomendatuko diot. Denis Guedj matematikari frantsesaren ‘Loroaren Teorema’ (Le Théorème du Perroquet, El Teorema del Loro) izenekoa da, azpiizenburutzat ‘matematika ikasteko eleberria’ esaldi argigarria daramana. Izan ere, egileak matematikaren historian murgiltzen gaitu misteriozko eleberri baten hariari jarraituta. Dena dela, liburuaren orrialdeetan barna egin ahala, argitu nahi den misterioa da gutxieen inporta zaizuna eta matematika bera eta bereganako lilura bihurtzen dira protagonista. Egia aitortuko dizuet, matematikarekin adiskidetzen ari naiz. Kontuak egiteko baino zerbait gehiago bihurtzen ari zait. Erabilgarritasuna ez ezik, historia, kolorea, xarma eta bizia badituela jabetzen ari naiz: eskolan ikasi genituen Tales, Pitagoras eta Euklidez landa, al-Juarizmi eta Bhaskara ere izan zirela; zenbaki arabiarrak Arabian ez eta Indian asmatu zituztela; zenbakiak lagunak eta bikiak izan daitezkeela eta …
Eskolan, aitzitik, historiaren alderdi bat baino ez ziguten erakutsi: instrumentala. Aski kamutsa, bestalde, ohartzen ari naizenez. Lilura irazeki ez eta amatatu egin ziguten.

posted by Inaki at 12:33 PM

5 Comments:

Post a Comment

<< Home