Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Zalantzaren etorreraz, zalantza batzuk

Zalantzaren etorreraz, zalantza batzuk

Juan Luis Zabala 2005/05/12 11:30



Beste kolaborazio bat heldu zaigu, kasu honetan Juan Luis Zabalak bidalia, Jokin Muñozen Ohe azpia hitzaldiari erantzunez: iragarri genuen bezala, aldizkari hau eztabaidarako espazioa izatea nahiko genuke, eta horregatik dago hemen. Eta orain utz diezaiogun hitza Juan Luis Zabalari:

Ez dakit oso ondo zergatik, Jokin, ez ditut horretarako arrazoiak oso ondo neurtu, baina Volgako Batelarien blog honetan zure hitzaldiaren testua irakurri ahala erantzuteko gogoa piztu zait. Seguru asko kezkatzen nauten gai batzuk jorratu dituzulako, seguru asko nire zalantza batzuk astindu dituzulako. Eskerrik asko, horrenbestez. Testu hau duzu erantzuteko piztu didazun gogo horren emaitza.

Zaharrak berri

Abertzaletasunaren monolitismoari eta ikuspegi itxiegiari egiten dizkiozun kritika horiek guztiek ezer gutxi dute, nire ustez, edo nire pertzepzioarentzat behintzat, berritik. Kritika horiek txiste-iturri oparo agortezin bihurtzeraino ditut nik entzunak (ETB-2ko Vaya semanitako lehen emanaldia baino 22 bat urte lehenagotik; zer urtetakoa ote da ba, esaterako, adibide ezaguna jartzearren, Hertzainaken Drogak AEKn kantua ?), ezker abertzaleko (edo, gutxienez, sistemaren nolabaiteko aurkakotasuneko) zirkuluetatik irten gabe.

Literaturari edo hitz kultuari dagokionean ere, ez dira inondik ere berriak kontu horiek. Iñaki Segurolaren liburu argitaratu berrian (Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Alberdania, 2005) aurkitu ditut oraindik orain, dotore eta zintzo asko adieraziak. Baina Iñigo Aranbarri, Koldo Izagirre, Jose Luis Otamendi, Joseba Sarrionandia eta beste hainbat ez dira atzo goizekoak, ezker abertzaleko jende askorentzat (hori egia da, horretan arrazoi guztia ematen dizut) molestia huts badira ere, traba baino egiten ez duten "intelektualak" edo antzeko zerbait (Sarrionandia salbu da ikuspegi horretatik, jakina, bere borondatearen kontra seguru asko).

Har dezagun Otamendi, esate baterako: ezker abertzaleko militante deklaratua duzu; ados, ongi da. Baina Markos eta Manexak ipuinak idatzi zituen, besteak beste, Euri kontuak (Susa, 1999) ipuin liburu hezur-muinetaraino "konprometitu" eta (ondorioz?) arinegi ahantzian; areago: askok (ondorioz?) irakurri gabe baztertuan.

Horretaz guztiaz aparte, ezker abertzaletik eta inguruko zirkuluetatik kanpo ere (delako "el entorno" horren zabal horretatik kanpo, alegia), maiz jaurti dira gisako kritikak, batzuetan dotore eta errespetuz, beste batzuetan... beste modu batzuetan.

Borroka armatua, ETA eta beste kontu batzuk

Ez dakit beharrik dagoen, baina, inozo samarra naizenez, esan egingo dut, ez zait inporta: ez nago borroka armatuaren aurka "horrela", en plan grande, Juanjo Olasagarrek esango lukeen moduan (eta ez dut sinesten inor benetan egon daitekeenik ere, gogora dezagun The Clashen The guns of Brixton kantuko galdera), baina ez naiz inondik ere ETAren aldekoa; gaitzesgarriak eta salagarriak iruditzen zaizkit ETAk egindako ekintza asko eta asko, oso aspalditik, eta bai, nik, neure aldetik, ez daukat inolako arazorik esateko ETAk egin dezakeen gauzarik onena eta, niretzat behintzat, pozgarriena desegitea dela. (Ñabardura txiki bat: ez daukat arazorik hori hemen esateko; beste leku batzuetan, aldiz, ez nuke esango, eta gero azalduko dut zergatik.)

Baina...

"Zalantzaren etorrera ikusten ari gara" diozunean, niri galdera batzuk datozkit burura arrapaladan. Noren zalantzez ari zara baina? Ikusten al duzu zalantzaren izpirik txikiena ere, adibidez, Vocentoko hedabideetako editorialetan? (Gipuzkoakoak Bizkaikoak baino pixka bat leunagoak dira, eta Bizkaikoak Madrilgoak baino leunagoak, baina horiek ez dira prezixo zalantzak eragindako gorabeherak.) Ikusten al duzu zalantzaren izpirik txikiena ere Espainiako Estatuaren indar-agerpen terroristetan? ETA eta ezker abertzaletasunaren itxikeria al dira Euskal Herriko gurasook seme-alaben etorkizunaz (eta osaba-izebok ilobonaz) serio eta larri kezkatuta egoteko duzuen arrazoi nagusia? Non, eta gaurko mundu globalizatuan? Non, eta politika botere ekonomikoaren menpeko gune hezur-muinetaraino biziatu eta ustela bihurturik dugun gizarte honetan? Noiz, eta hala errepresioaren eta torturaren inpunitateak nola langileen prekarietateak Francoren garaiko markak gainditzen dituzten garai honetan?

Gisa berean, Adolf Eichmannen aipamenak ere galdera baterako bidea eman dit: ETAkideak eta ezker abertzaleko kide itxiak baino ez dizkizu ekartzen gogora Adolf Eichmannek?

Ni ez naiz ETAren aldekoa. Baina ez daukat bihotzik edozein lekutan eta edozein plazatan ETAren aurka agertzeko; ez baztertua izateko beldurrez, ez adiskideak galtzeko beldurrez, baizik eta ETAren Aurkakotasuna bera bihurtu dutelako erakunde, ETA bera baino erakunde terroristago eta izugarriagoa, nola begiratzen zaion. Ez ala? Ez al zaizu zuri, neurri apalagoan bada ere, niri bezala gertatzen?

Literatura, ideologia, konpromisoa eta kontaduriak

Ondo da, Jokin. Arrazoia daukazu: ideologia batetik eta ideologia baten zerbitzuan idaztea ("ezkutu ideologiko" batek edo "aterpe ideologiko" batean babestuta, zeure hitzekin esateko) oso kaltegarria da (edo izan ohi da gehienetan edo askotan behintzat, ez dezagun aterik itxi, ez dezagun gogorregi dogmatizatu) literaturarentzat.

Baina bi kontu horren inguruan: batetik, inolako fede eta ideologia gabekorik ez dago inor; fedearen eta ideologiaren arriskuez ohartu eta ohartarazteak ez du inor ez fedetik, ez ideologiatik eta ez bien arriskuetatik libratzen, mediku izateak gaixotasunetik babesten ez duen bezala. Bestetik, arrazoi osoa zuten Beñat Sarasolak eta Gorka Bereziartuak Juanjo Olasagarreri esaten zioten hartan: ideologiak hondatutako literatura salatzen hasita, nekez ulertzen da zertaz ari garen adibide zehatzik jartzen ez bada.

Idazle batzuen kasuetan, konpromiso literarioak ideologia gainditzen du, eta horiek dira, nik hala uste dut, benetako idazle konprometitu estimagarriak (gogoratu zer esan dudan lehen Otamendiz eta haren Euri kontuak ipuin bildumaz). Beste idazle batzuen kasuan, zirrikitu gutxiegi uzten dio ideologiak zalantzari, heterodoxiari eta, azken batean, literaturari, benetako konpromisoari. Baina inork egin al du kontaduria zehatzik, ziurtasunez egiaztatzeko ezker abertzalekoak direla ideologiak "desliteraturizatutako" liburu gehienen egileak? Nik ez dut kontaduria zehatzik egin, baina euskal literaturaz dudan ezagutzak eta (ona edo txarra) berezkoa dudan intuizioak ez naute susmo hori sinesteko bidean jartzen.

Bere akats eta bertuteekin

Ondo da, Jokin. Arrazoia daukazu: aspergarritik eta artifizialetik asko du euskal abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren inguruko kulturak. Oraindik ere Aitzol, Arana eta are Santa Kruz apaiza ere bizirik daude gure artean, biziegiak aukeran. Ados. Euskararen Kontseilua, ustez behintzat, hiru pertsonaia historiko horien alderdirik itzaltsuenen gainetik dago, baina niri ere, zuri bezala seguru askorik, arreta, nahi gabe ere, beste norabait joaten zait irratian Kontseiluaren inguruko albisteak entzutean edo egunkarian Kontseiluaren inguruko albisteak irakurtzean (Euskal Tonbola izan da salbuespena: horrek behintzat badu grazia, ezta?).

Guztiarekin ere, ordea, herri honek munduari ezer erakusteko edo eskaintzekorik badu, ezer bizi, estimagarri eta zinez poetikorik, hori, nik ikusten dudan moduan behintzat, ez da ez euskal gatazka deitzen den hori eta ez euskara bera, baizik eta euskararen alde egin den eta egiten ari den lana eta borroka, euskararen erresistentzia (barka biktimismo ukitutxoa, oi, ez naiz ohartu!), bere akats eta bertuteekin, bere Euskararen Kontseiluarekin, bere trogloditazaleekin, bere kaiku eta lekeitiar guztiekin, bere filologo armada osoarekin, bere Volgako Batelariekin eta bere putetxeko madrearekin.

Lizardiren poesia bera ere, zer litzateke gai horri heldu ez balio, euskararen zoroak poeta hezur-muinetaraino bizi ez balu? Orduan ez zatekeen seguru asko Rimbaud Lizardiz galdezka etorriko gurera. Gogoratzen al duzu Bitoriano Gandiagaren arima barruan hazitako lore gorri hura: "gogorragoa giroa eta / gorriagoa orduan"? Uste dut lore gorri xume horixe dela, bere akats eta bertuteekin, bere egoskorkeria arrazoimenaz gaindiko horrekin, munduari eskain diezaiokegun gauzarik aberatsena (uste dut nire aurretik eta nik baino hobeto esan zuela horrelako zerbait Joxe Azurmendik, Manifestu atzeratua poeman).

Ez dugula hori sakralizatu behar? Ados. Ironiaz ere mintza gaitezkeela lore gorri horretaz? Aurrera, beldurrik gabe. Euskal gatazka ("La Cosa", Iban Zalduak dioen moduan) baliatu behar dugula munduari interesatuko zaion literatura egiteko? Primeran! ETAk mehatxatu eta hildakoen errealitateari ere lotu behar zaiola euskal literatura? Jakina! Ari ez da ba! Non dago arazoa? Ez duzu zehazten!

Zuk, Jokin, euskal literatura "dinamikoagoa, biziagoa, pluralagoa" nahi duzu. "Hizkuntza eta identidadearen inguruan kolore eta norabide bakarreko diskurtsoa egin eta egiten dugula iruditzen zait". Zergatik ote? Nork uxatzen ditu beste kolore eta norabide batzuetako diskurtsoak dituztenak euskaratik eta euskal kulturatik? ETAk? Ezker abertzaleak? Nazionalismoak? Ikastolek? Udalbiltzak? Euskaltzaindiak? Euskararen Kontseiluak? Laborantza Ganbarak? Euskal prentsak? Euskal kritika literarioak? Euskal Idazleen Elkarteak? Sautrelak? Sorginen laratzak? Arantzazuko fraileek? Ramon Labaienen berunezko soldadoek? Pirritx eta Porrotxek?

Bi aitorpen eta despedida

Badakit, bai, ez dizut ukatuko, euskararen inguruan botere-gune batzuk sortu direla, edo sortzen ari direla, eta botere-gune horiek, indarra bereganatu ahala, aski jokabide larderiatsu eta gaitzesgarriak erakutsi dituztela kasu batzuetan, indarra bereganatzen duten botere-guneen ohiko joera tamalgarriari jarraiki. Baina nik behintzat ezin dut ahaztu euskararen inguruan sortutako botere-gune batzuetan larderiatsu horiek nondik datozen eta nola eraiki diren, ezta ere zein zelaitan eta nolako arbitroekin eta nolako joko-arauekin ari diren lehiatzen.

Gai honek Gari Berasaluzek duela hilabete batzuk Berrian idatzi zuen artikulu bat ekarri dit gogora: Mozorroa aurpegi. Artikulu hartan, Garik zioen orain, Urola Kostako Hitza egunkariko zuzendaria denez geroztik, ezin duela askatasun osoz idatzi, edo ezin duela behintzat nolanahi eta non-nahi idatzi. Neurri apalago batean bada ere, nik ere sentitzen dut lotura hori, muga hori, Berriako erredaktorea naizen aldetik. Baina Gari bezala, ni ere jakinaren gainean nago, eta, Garirena bezala, nire aukera ere kontzientea da. Batetik, uste dut gure askatasunaren murrizpen hori oso lausoa eta oso txikia dela, eta formei dagokiela edukiari baino gehiago (eta, nire kasuan behintzat, neuk onartu nahi ez arren, forma epatante eta probokatiboetarako joeraren garaia pasatuxe dudala uste dut, zoritxarrez); bestetik, nire ustez, oraingoz bederen, lanak ematen didanak (ez naiz diruaz soilik ari, jakina) ordain hori aise merezi duela iruditzen zait. Eta zu, Jokin, benetan guztiz libre zara nolanahi eta non-nahi idazteko?

Ez dakit artikuluaren hariarekin ondo lotzen diren bi aitorpen horiek. Eta batez ere ez dakit oso ondo ulertzen den zer adierazi nahi dudan bi aitorpen horiekin. Alegia: zilegiak direla euskal kulturaren periferiaren (edo ezkaratzaren?) aldeko aldarrikapenak, zilegiak direla askatasun indibidualaren aldeko aldarrikapenak... Ongi. Baina hemen eta orain, euskararen aldeko lana, borroka eta militantzia (barka hitz itsusia, oi, ezin izan dut sihestu!) periferiarik periferikoena bezain periferikoak dira gutxien-gutxienean, eta, aldez edo moldez, askatasun indibidualaren aldeko agerpenak.

Beste modu batera esango dut: euskara jolaserako nahi dugu, nahi duguna esateko eta nahi duguna egiteko, askatasun osoz, arau eta obligazio guztietatik kanpo, kontsigna guztien gainetik, militantzia guztietatik haratago, "barruko koskorretatik" ateratzen zaigulako, Iñaki Segurolak dioen moduan. Ongi ere, oso ongi. Baina kontuak dauden moduan, gauza jakina da: "Egon hadi lo, eta jango duk mehe!" Beste modu batera antola daitezkeela euskararen nekeak eta lanak? Ez al daude ba bideak libre, ibili nahi dituenarentzat?

Nik ez nuen ikusi, baina Patxi Lopezek baimena eskatu omen zion Juan Jose Ibarretxeri Eusko Legebiltzarrean euskaraz hitz egiteko. Ez dakit zer irudituko zaizun, Jokin, baina zuk esandakoek Patxi Lopezen ateraldi hori ekartzen didate behin eta berriro gogora. Zorionez, ordea, inori baimenik eskatu gabe ari zara idazten, euskaraz idazten gainera, matxetearekin bidea zabaltzen, eta segi gogor horretan, denon mesederako izango da eta, benetan diot.


Oharra: argazkia Giovanni Berengo Gardin-ena da (1974).

etiketak: Testuak
Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/06/04 23:01

Ez ditugula Kultura eta Hizkuntza politizau behar askotan esaten eta entzuten dogu, baina Oinaztar, Ganboatar eta Epeltar askok behin eta barriro egiten dabe / dogu. Batzuk Ibarrolaren basoa suntsitzen libertitzen dira, beste batzuk Muguruzaren kontzertuak boikoteatzen...

Hirugarren gune "arriskutsu" eta "epel" horretan inork ez dau egon gura. Inork ez dau Epeltar izan gura. Elkarri-koak traidore, marikoi, terrorearen konplizeak eta "Inguru"koak dira aldi berean. Eta zaila (ezinezkoa?) da benetan Hirugarren Gune horretan egotea, zinezko "Munduko Uritarra" nekeza (ezinezkoa?) dan moduan (azken honek eskatzen dau, adibidez, ezagutzen ditugun hizkuntzez haratago joatea, neure ustez, hizkuntza ahalik eta gehien ikasiz). Neuk ezagutzen dodan mundutxoan behintzat oso adibide gitxi ezagutzen dot Hirugarren Gunetarrena edota Munduko Uritarrena, eta ezagutzen ditudanak ez dakit egiatan badiran ala ez.

Dana dan, orain dala gitxi konturatu naz detaile batez. Pasadizo ezdeusa da, baina kontauko dot. "Circulo de lectores"-etik (bai, bazkidea naz) J. Sarrionaindiaren azken liburua ("Akordatzen") erosi dot. Irakurzaleen erakunde espainiar honen Ohorezko Bazkideen artean Greziako Sofia edo Mario Vargas Llosa dagozala kontuan hartuta, asuntoak badeuko bere grazia. Noski, honek ez dau esan nahi "Circulo"-koak neutralak direla, ez horixe. (Suitza bera be guztiz neutrala al da?) Honek esan nahi dau, besteak beste, euskaradunak gazteleradun asko eta askorendako existitzen ez garela. Ikusi, bestela, euren webgunean (www.circulo.es) "Navegar por circulo.es" leihoan zelan agertzen diran euskarazko eta galegozko liburuak (katalunieradunak hobeto bizi dira) gaztelerazko liburuen hogeita bi (hamaika eta hamaika) kategorien artean.

PD "Inork ez zidan esan euskaldun izateak zein nekeza dan, hobe nuela hautatzea munduko hiritar izatea" (R. Ordorika)

PD' Lehenengo aldia da blog honetan sartzen nazela, "Berria"n gaurko "Serio-demonio" irakurri ondoren akuilatuta. Eta aitortu behar dot bildurrez nenbilela, eta errepasau dodala idatzi dodana, eta blog honek gaitzestuen artean neure burua ikusi dodala,...

Pruden Gartzia
Pruden Gartzia dio:
2005/05/25 12:10

Barkatu, ez dut irakurri jatorrizko hitzaldia, Jokin Muñozena, baina esan behar dudana esateko agian ez da beharrezkoa. Eta hau da:

Hemen nahi duen guzti-guztia libre-libreki esateko Jesukristo ere ez da libre. Bon, agian Jesukristo bai, baina badakigu nola bukatu zuen.

Eta bi: jakin nahi nuke non dagoen gizon eta emakume erabat libreen paradisu hori. Kalifornian? New Yorken? Hara, han ere gizarteak (estatuak, berdin dio) ez dio bere "hertsapena" inposatzen indibiduo libregurako horri?

Euskal kulturaren egoera negargarria da. Ados. Egunero ikusten dugu. Baina hobea litzateke gizarte erabat euskaldun batean biziko bagina, gaztelaniadunak Salamankan bizi diren bezala. Eta independentzia bagenu. Eta sozialismoa (mundu mailakoa, jakina, bestela ez du balio). Edo, hobe, anarkismorik libertarioarena. Hori guztia, Hertzainak-en lehen diskoan duzue, orain dela hogei urte argi eta garbi esanda.

Baina hori guztia ez dakigu noiz etorriko den. Eta badirudi bitartean norbaitek heldu beharko digula eskutik.

Dani Irigoien
Dani Irigoien dio:
2005/06/08 23:37

"Ohe azpia" bezalako testu mamitsuak badauzka ekarpen aberasgarriak, eta gustatzen zaizkit hautsak arrotzen dabiltzan potro-ukitzaileak, beraiekin guztiz ados ez egonda ere, erakusten duten ausardiagatik. Beraz. Ados nago idazlearen urruneratze beharraz, baina Jokin Muñozen ezkaratzaren kontzeptuak badu denaren gainetik dagoenaren halako jarrera faltsua. Zera esan nahi dut: idazleak kaskezurra baino ez du behar boligrafoaren puntatik ateratzen zaiona idazteko, baina kaskezur hori ideologia baino ez da ehuneko ehunean, eta testuak ideologia hori islatzen du. Ideologia ez baita ezkutu edo koraza bat, barruan dugun zerbait baizik.

Uniformizazioari dagokionez, bistan da ez gaudela besteak baino uniformizatuagoak, gutxiago esango nuke nik. Edo bestela, beste patroien arabera mozten gaituzte. Denak, Jokin Muñoz ezik, bera "biluzik" baitago, kaskezurretik ateratzen zaizkion galbae ideologikorik gabeko espresioak trumilka boteaz, benetako gizaki librearen gisan.

Pruden Gartzia
Pruden Gartzia dio:
2005/06/08 19:40

"Ez dago aberriaz aldatzerik. Beraz, harreman osasuntsu bat izan behar duzu berarekin. Neuk ez dut lortu..."

Aipu horren egilea Max Frisch da, idazle suitzarra (euskaraz, "Homo faber" bikaina).

Kuriosoa da: suitzar batek esandako hori, hamaika euskaldunek ere esaten dute.

"Libro izan nahi dugu, geure gurasoak izan ziren bezala. Morrontzan bizi baino lehenago hil."

Horiek dira suitzarrak Rutli-ko zelaian egin omen zuten zina, Habsburgotarren aurka matxinatzeko (XIII. mendea). Egia esan, ez dakigu zehatz-mehatz zer esan zuten, baina Friedrich von Schiller-en bertsioa duzu hori ("Gilen Tell"), eta arrakasta handia izan du. Adibidez, euskaldunen artean.

Literaturaren bi aurpegi, erabat antagonikoak. Eta nor da idazle hobea, Schiller ala Frisch?

Pekatu ote da esatea biek hunkitzen nautela?

Beat Sarasola
Beat Sarasola dio:
2005/06/09 16:45

Zuritu ditzagun gure kontzientziak. Orokortu dezagun dena indiferentzian erortzeko. Dena da politika, dena da biolentzia, dena da askatasun eza; eta horrela, dena izango da berdin. Justifika ditzagun gure bekatuak "dena"ren izenean, dena da on, "everything goes" eta abar. Erlatibizatu dezagun dena gurearekin baino ez gelditzeko, gure irrazionalitate guztiarekin gelditzeko.

Barkatu baina nik ez dut horrelako inmoralitaterik eginen. Dena ez da berdin, busti egin behar da.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44