Katalunia 2 Espainia 1

  • ARTUR MAS-EN danbatekoaren ondoren, independentziaren bidea malkartsuago jarri zaie Kataluniako subiranistei. Bai, esan liteke oraindik ere oso gehiengo handia dutela legebiltzar berrian, ia bi herenak haien alde: 87 eserleku subiranista eta 48 unionista; erabaki eskubidearen aldekoak gehituta (PSCk hori defendatu du bere progaman), 107 alde eta 28 aurka lirateke. Baina, une honetan, kontua ez da zenbakien alorrekoa bakarrik. Hauteskundeen aurretik asko hitz egin izan da CiUk eta Masek zer egingo zuten dena ondo atera izan balitz –CiUk atzera egin gabe, alegia–, eta ez zegoen erabat argi. Orain are eta gutxiago.


2012ko abenduaren 01an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Azken urteotan egosi den independentismo eta nazio molde berri horrek hor jarraitzen du eta, apurka, joango da itxura hartzen.

Joan den astean ERCko buruzagi ohi Josep Lluis Carod Rovira izan zen Iruñean independentziaz berbetan. Futbolaren irudia erabiliz, Kataluniak 2-0 irabazten zion Espainiari orduan: tanto bat, irailaren 11ko manifestazioa izan zen, eta bestea, nazioarteko iritzi publikoaren aldekotasuna. Ñabardura jarri zuen ondoren, egoera askoz ulergarriago eginez: “Espainiak oraindik ez du jokalaririk atera zelaira”. Bada, hasi da ateratzen, eta aurrera begira ez da zalantzarik hamaikako sendoa aterako duela, jokalari onez jantzia eta, El Mundo-k ondo erakutsi duen moduan, zikinez ere bai.

Dena korapilatu zaio CiUri eta orain erabaki sendo eta azkarrak hartu beharko ditu. Hauteskundeen helburua independentziaren bidea prestatzea zen, eta Masek horrekin jarraituko duela iragarri zuen igande gauean. Ikusiko da nola, baina hala balitz, CiU-ERC gobernua eratu beharko da. 2003an ERCk PSC eta ICVrekin hiruko gobernua osatu zuenean, aire korronte berri bat zabaldu zen Katalunian. Baina porrot egin zuen, eta ERCk larrutik ordaindu zuen apustua (2006an ere errepikatu zuena). 2003an eta 2006an, alabaina, jende askok egin zuen CiU-ERCren gobernuaren alde, apustuak aurrera egin ez bazuen ere. Orain, independentziaren hautuak ez du beste biderik.

ERCk ICV erakarri nahi du apustura, baina badaki Joan Herreraren jendeak ez diola kosk egingo amu horri. ERCk bakarrik egin beharko dio aurre desafioari, batetik ilusioz betea, erreferenduma prestatu beharko dutelako; eta, bestetik, kezkaz gainezka, CiUren murrizketekin gobernatu beharko dutelako. Eta batzuk geldiaraziko ditu, baina ez denak, diru ezak ezinbestean eragingo baitio gobernu berriari, eta hainbat murrizketa gauzatu beharko dituelako, Europa osoan ezkerreko zein eskuineko gobernuak egiten ari diren moduan. Hori guztia, gainera, azkenean CiU-ERC gobernua gauzatzen bada. Masek bi hautu ditu: edo erretiratu (Ibarretxe bezala) edo independentziaren bidetik jo.

Independentismoak kolpe psikologiko handia hartu du, batez ere irailaren 11ko izpiritu hura ez delako indar berdinaz islatu hauteskundeetan, baina hura ez zen ameskeria izan eta Kataluniako subiranotasunak aukera itzela du aurrera egiteko. Hori bai, seguruenik ez azken asteotan. Katalunian zabaldu den bezain samur eta azkar. Azken urteotan egosi den independentismo eta nazio molde berri horrek hor jarraitzen du eta, apurka, joango da itxura hartzen. Abantaila handi bat ere badute subiranistek, Kataluniako Biltzar Nazionala eta Independentziaren aldeko Udalen Elkarte indartsuak akuilu lanetan arituko dira.

HEKIMEN sortu da, herri ekimeneko euskal hedabideen elkartea. Euskarazko komunikabideen mundua ezagutzen duenak badaki urrats garrantzitsua dela, mundu atomizatua delako eta euskal hedabideen artean elkarrekin jardutea ez delako samurra. Orain elkarteak martxa hartu beharko du eta bidea egin. Hasteko, badu lanik erakunde publikoetatik azken urteetan eragindako murrizketei aurre eginez. Elkarrekin errazago egingo dute hori.

Orain euskarazko hedabideen munduan errazagoa ikusten dira bi mundu: EITB eta HEKIMEN. Lehena botere publikoetatik sortua, bestea gizarte ekimenetik, biak interes publikoa babestu eta indartzeko asmo argiarekin. Euskarazko hedabideen mundua ezagutzen duenak ondotxo daki hori. Euskarazko jardunari begira, HEKIMEN handiagoa da tamainan eta audientziatan, eta biak dira ezinbesteko euskal komunikazio esparrua garatzeko, baina bada ordua batean zein bestean erabiltzen diren baliabideak orekatzeko: 2012an HEKIMENeko hedabideek 5 milioi euro eskas jaso dute Jaurlaritzatik, EITBk 132 milioi euro. Besteak beste eraginkortasunari begira, asko dago hitz egiteko.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude