"Nirea da Art-behar, Art-natur, Art-denbora... beharrak, naturak eta denborak sortutako zerbait delako"

  • Baserria eta natura dira Gorritiren inspirazio iturriak. Batean zein bestean oharkabean sortzen eta egiten den artea jaso nahi du. Zuraren maitale amorratua, altzariak, eskulturak, margolan koloretsuak eta ipuinak egiten ditu. Denetik eta dena bere modura. Irailaren amaierara arte Aralar itsasmira bere erakusketa ikus daiteke Donostiako Miramar jauregian, Aralarko zati bat itsasoari besarkatuta.


2016ko irailaren 25an
Argazkia: Dani Blanco.

Larraunen sortu eta Araitzera berehala etorri zinen bizitzera?
Aita Uharte Arakilgoa zen. Errepideak egiten ibili zen lanean, gero lorezaina izan zen orain Chillida-leku den tokian, orduan Txurruka familiarena, eta gero mendiko guarda etorri zen Aralarrera. Ni Oderitzen jaio nintzen, baina berehala Betelura etorri ginen.

Txikitan eskolan beti gaizki. Ni beti zigortuta. Makila ikusi orduko leihotik salto egin eta mendira korrika joaten nintzen. Eskolako denbora hala pasa zen. Begira zer kantatzen genuen: “Cálzame las alpargatas, dame la boina y dame el fusil. Voy a matar más rojos que flores tiene mayo y abril”. Nik galdetzen nion aitari rojo zer zen eta aitak, beti beldurrez, isiltzeko esaten zidan. Hor hamahiru urte arte egon nintzen, gaixotu arte. Odola galtzen nuen urdailetik eta erietxera eraman ninduten ebakuntza egitera.

Eta ondoren Iruñera ikastera?
Bai. Zuhaitzak markatzera etortzen zen Diputazioko enplegatu bati laguntza eskatu zion amak eta haren bidez Salestarren ikastetxean hartu ninduten. Entxufeagatik sartu nintzen, eskolan ez nuelako ezer ikasi. Aukeratzerik ez eta azken postuan nengoenez sastre ikastea egokitu zitzaidan. Hura desastrea! Nik ezin nuen jostorratzarekin eta hala esan nion Tolosan sakramentino nuen anaia fraideari. Haren laguntzaz lortu nuen inprentara pasatzea eta hor ongi nengoen, polita zen lana, baina nik izugarrizko inbidia nien zurgintza ikasten zutenei, egurra maite nuelako. Kasualitatez plaza bat libre gelditu zen zurgin tailerrean eta hara sartu nintzen. Zeinen gustura ibiltzen nintzen hor! Jolas-orduan eta guzti aritzen nintzen gelditu gabe. Irakasle italiar bat zegoen, bikaina. Marrazketan eta praktiketan oso nota onak ateratzen nituen baina matematikak, fisika eta horrelakoetan oso gaizki ibiltzen nintzen.

Hortik lanera?
Ikasturte eta erdi han eman ondoren Arribera etorri nintzen Noguera tailerrean lan egitera. Han ikasi nuen baserriko egurrezko tresnak eta lanabesak egiten eta konpontzen. Gero Segurara joan nintzen eraikuntzan lan egitera. Baina nik beti gehiago ikasteko gogoa nuen eta muga pasa nahi nuen. Horretarako baimena eskuratu eta zurgindegi batean hasi nintzen lanean. Hendaian, Baionan, Donibane Lohizunen… hamar urte ibili nintzen han. Baina gero ebakuntza larri bat egin zidaten. Urdailaren hiru laurden kendu zidaten eta pankrearen puska bat. Bi urte oso ahul pasa nituen eta esfortzurik ezin nuenez egin, zaharberritzaile lanetan hasi nintzen Donibane Lohizuneko tailer batean. Zeinen gustura aritu nintzen han! Zurginaren ofizioko atal guztiak ezagutzen nituen jada. Iparralde eta Betelu artean bizi nintzen, baina ezkondu eta semea jaio zenean pentsatu nuen nik ez nuela soilik oporretan etorri nahi. Nik nahi nituela betiko oporrak, oporrik hartu behar ez izateko. Zuhaitzek ez dute ospitalerik behar eta niri ere txikitatik gertatu zait nire sendabiderik onena lana izan dela. Ni ezin naiz egon ezer egin gabe. Oso aspergarria litzateke niretzat. Hona etorri eta 1511ko etxe hau erosi eta berregin genuen. Bailarako batzar etxea zen hau eta erabat eroria zegoen.

Zaharberritze lanak eta altzariak egiten hasi nintzen, kristoren lana baitzegoen orduan. Eta gero artista jendea ezagutu nuen.

Jorge Oteiza, Remigio Mendiburu, Elena Asins, Mikel Laboa, Zumetaren adiskide handia bai, baina zu ez zara artista?
Nirea ez da artea. Artea zer den ere ez dakit. Nirea besteek egindakoaren jarraipena da. Egiten dudan guztia besteek egindakoa da.

Txikitan udaran beti Uhartera joaten nintzen, aitaren baserrira. Han bikain pasatzen nuen. Garia, garagarra bildu eta lan guztiak egiten genituen. Idiak lotu, ordu bat joateko beste bat itzultzeko eta garia jotzen genuen larrainean. Gu, mutikoak, trailuaren gainean joaten ginen erratza eta palarekin idien gorotza biltzeko. Afaldu ondoren freskora ateratzen ginen. Zer oroitzapen! Orain jende askok esaten du denborarik ez duela. Baina denbora eta haizea debalde daude.

Orduan, zer da zuk egiten duzuna?
Haur garaian ikusi eta ikasitakoa, sentitutako guztia. Nirea da Art-behar, beharrak sortutako zerbait delako eta Art-natur, Art-lan, Art-denbora. Horiek guztiek forma batzuk ematen dituzte, baina nik ez dut hori ikasi, sentitu baizik. Gure aitaren etxea 1650ekoa zen eta bota egin zuten. Nik memoria historiko hori sentitu egiten dut. Handik hartu eta gorde nituen egur pusketetan denborak utzitako arrasto guztiak sentitzen ditut. Sukaldeko kedarra, usaina, dena collage bat bezala gordetzen dut nik buruan. Paleolitotik internetera pasa naiz, Euskal Herria bezala. San Telmo museoan Tàpies ezagutu nuenean, Remigio Mendibururi esan nion haren obra bati buruz: “Horrek gure etxeko sukalde zaharra ematen du”.

Remigio Mendiburu eskultorea lagun mina izan zenuen. Nolakoa izan zen zuen harremana?
Adiskidetasun handia izan genuen. Biok batera heldu ginen hona. Ni Betelura eta bera Intzara. Hura bai zela artista handia. Izugarrizko lotura zuen herriarekin. Hona etorri nintzelarik errestaurazioan eta altzariak egiten hasi nintzen. Ene koinatu bat Intzan bizi zen eta berak eman zidan haren berri. Lagun onak izan ginen. Materialei buruz asko hitz egiten genuen. Berak pagoarekin egiten zuen lan, baina pagoa oso sentikorra da. Arbolak bizitza dauka. Neguan, hostoa joaten zaionean, lo gelditzen denean, azaroa, abendua eta urtarrileko ilberrian moztu behar da pagoa, bestela pasmatu egiten da egurra. Nik hori dena azaltzen nion eta interes handiarekin hartzen zuen berak. Ilargien kontuarekin mural eder batzuk egin zituen, adibidez. Harekin, nik ere asko ikasi nuen. Ikasi nahi izanez gero, ikusteko eta galdetzeko lotsarik ez da izan behar.

Artista handia zen, Elena Asins bezala. Zer gauzak egiten zituen! Elena hitzarekin artista ikaragarria zen.

Zer da urdin hori, zuk horrenbeste maite duzuna?
Nik urdinari maitasuna diot nire haur garaiko zeruko kolorea delako. Baina urdin bizi hura, jada ez dut ikusten. Lehengo usainekin, lehengo formekin, lotuta dago urdin hori. Ukuiluko, ganbarako, sukaldeko usainekin.

Eta topaketak?
Eraikin bat altxatzeko edo eskultura bat egiteko erabiltzen den teknika. Baserri batean topaketa da garrantzitsuena: ez da ikusten baina egiturari eusteko izugarrizko indarra du eta askatzen baduzu dena desegiten da.

Aralar itsasmira erakusketarekin hiru hilabetez izan zara Miramar jauregian. Baserria, lanabesak, Mikel Laboaren oroitzapenak, txalaparta, gerraren aurkako lanak… Kontent?
Oso pozik. Donostiara eraman dudana gure Aralarko zati bat da. Aralarrek itsasoa besarkatzen du erakusketa honetan.
Jokin Sorozabal bertsolari handiak behin hitz ederretan esan zuen Gorritiren lan guztien ama askatasuna eta maitasuna direla. Jabier Lekuona arkitekto beratarra izan da komisarioa eta berak askatasun erabatekoa eman dit eta izugarri eskertzen diot. Orain Bergarara eta azaroan Galesera eramango dugu erakusketa.

Donostian behi urdinak harrera egiten dio jendeari.
Bai. Alemaniara ere eraman nuen duela bi urte han egin genuen erakusketara. Lan handia du atzetik. Semea eta beste lagun batzuen laguntzarekin egin nuen: hiru hilabete aritu ginen lanean kofratua egiteko, soldadurak egiten, gero xaflak jarri genizkion, baina erabat estali gabe, eta ondoren margotu. Horretan Irizar Autobusak lantegikoen laguntza izan nuen. Oso lagunak ditut eta haiek margotu zidaten behia izotza, beroa eta denari aurre egiteko. Haiek autobusak egiten dituzte mundu osorako eta badakite zer margo erabili behar diren.

Udaberrian AEKren Korrikarako zuk eginiko lekukoa berriz eskutik eskura ibiliko da.
Remigio Mendiburuk egin zuen lehen lekukoa, baina pagoarekin egina zegoenez laster izorratu zen. Beste bat enkargatu zidaten eta nik, Remirena kopiatu nuen, baina ezpelez egina eta erroskaduna, barreneko mezua bidean eror ez zedin. Honekin sentitzen dudana da herriak ematen didana nik itzuli egiten dudala, Arestik bere poeman zioen bezala.

Eta iaz beste lekuko bat egin zenuen Nafarroa Oinezentzat, “Erronkalekukoa”.
Bai. Euskal Herriko baserririk zaharrenean du jatorria, Oñatin zegoen 1450eko baserri bateko egur puskekin egina baita. Baserriak su hartu zuen eta erre ez ziren puska batzuk ekarri zizkidaten. Pentsatu nuen gure baserriak, gure zuhaitzak, gure euskara… dena lotuta dagoela eta lekuko hori prestatu nuen haurrei hau dena erakusteko.

Hamaika artelan ikusgarri egin duzu. Zer dela eta margotu zenuen Pirritx eta Porrotxen Panpoxa kamioneta?
Istorio bitxia. Asko ibili naiz errepidean eta gauza asko gertatu zait. Karretera komunikazioa da, eta tragedia, eta malkoa. Hori dena nahi nuen adierazi lan batean. Horretarako ehun metroko errepide zatia margotzea bururatu zitzaidan baina ez zidaten utzi. Edozein bizikleta lasterketan errepideak itxi egiten dituzte eta jendeak pintatu egiten ditu eta ez da ezer gertatzen, baina niri ez zidaten baimenik eman. Egun batean, Pirritx eta Porrotx etorri zirenean haien saioetako bat grabatzera haien furgoneta handi txuriarekin, Porrotxek esan zuen: “Nola ez dizutela uzten errepidea margotzen? Kamioneta margotu behar duzu. Ehun metro ez dutela nahi? Orain ehun mila kilometro izango dute!”. Maketa egin eta Autobuses Irizarrera eraman genuen, lagunak ditut eta oso solidarioak dira. Festa izan zen hura. Denak bat eginik.

Agian orain saiatu beharko zenuke, gobernu berriarekin…
Ez. Hori jada pasa da. Furgoneta egin nuen eta kito. Emozioa kazetaritzan notizia bezala da: bihar berandu da.

1942, Oderitz
Juan Gorriti Goldarazena

Eskultore eta margolaria da, baina bere burua zurgintzat du. Arriben bizi da eta han dauzka lantegia eta arte galeria. Mikel Laboa, Remigio Mendiburu, Jose Luis Zumeta eta Jorge Oteizaren lagun mina. Egurraren laugarren dimentsioa bilatzen du: denbora. Erakusketa ugari egin du. Handienetako bat Alemanian duela bi urte. Uztailean zabaldu zuen Aralar itsasmira Donostian. Ondoren Bergarara eta Galesera eramango du erakusketa. Mailopean bizi da naturaren, Euskal Herriaren eta egurraren maitale amorratua eta han jarraituko du “arnastea ahaztu arte”.

Herri bat

“Progresoa onartu behar da, baina ‘Izan zirelako gara eta garelako izango dira’ Joxe Migel Barandiaranek esan zuen moduan. Odol bidea da hori, gure amak esaten zuen bezala. Nire borroka sentitzen dudana egitea da, munduari erakustea herri bat garela. Besterik ez”.

Aralar

“Euskaldunok arbolak bezalakoak gara: sustraiak ditugu baina denborarekin adarrak ateratzen zaizkigu eta haiekin mundu guztia besarkatzen dugu. Guk ez dugu mugarik. Aralar Gipuzkoa, Aralar Nafarroa… esaten dutenean ez zait gustatzen. Aralar da eta kito. Horregatik, erakusketaren irekieran esan nuen ni hemen egon bitartean, Donostia Nafarroa dela”.
 

Lana

“Aberastasun handiena ikastea da. Nire mediku hoberena lana da. Hitzik gabeko liburu bat da hemen dudan guztia”.

Sentitu, pentsatu, ekin

“Behin Pirritx eta Porrotx etorri ziren haurrez betetako hiru autobusekin. Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako haurrak ziren. Hemen, gelditu gabe ibili ziren eta joaterakoan batek egin zidan azken galdera, eta zer galdera!: ‘Gorriti: zuk nola egiten duzu eskultura?’. Eta esan nien lehenbizi sentitu egiten dudala, ondoren pentsatu (edo gure aitonak esaten zuen bezala buruarekin jan), eta gero ekin”.

Off the record:
Ametsetako paradisuan

“Behin Pirritx eta Porrotx etorri ziren haurrez betetako hiru autobusekin. Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako haurrak ziren. Hemen, gelditu gabe ibili ziren eta joaterakoan batek egin zidan azken galdera, eta zer galdera!: ‘Gorriti: zuk nola egiten duzu eskultura?’. Eta esan nien lehenbizi sentitu egiten dudala, ondoren pentsatu (edo gure aitonak esaten zuen bezala buruarekin jan), eta gero ekin”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskultura
2024-02-25 | Hedoi Etxarte
Chillida izan beharraz

Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrenaren kontura, ideologia guztietako hedabideetan hagiografiak izan dira nagusi eta ez da inolako aipamenik egin bere “gaztaro falangista ultra eta erradikalaz”.


Mañariako grisa

1970eko hamarkada hasieran, Robert Smithson artistak bogan zegoen arte minimalista auzitan jarri eta artea paisaian eta naturan bertan egin zitekeelaren ideia zabaldu zuen. Hartara, sortze-ideia horri segika, lursailean prestakuntzak egiten hasi zen hainbat artista, beren... [+]


“Gure herria matriarkalista da eta beste nortasun bat eman nahi izan diet eskulturei”

Xabier Santxotena Alsua (Bozate, 1946) eskulturagilea da. Egurra du lanabes, eta pieza erraldoiak egiten ditu. Buru-belarri dabil uneotan emakumeei eskulturen bidezko aitortza egiten. Agota dela dio harro, “egurraren gremio edo kolektibokoa”. Jorge Oteiza... [+]


“Betirako” Nafarroan gordetzeko eskaera

Pompeluko togatusa Nafarroako Museoan dago ikusgai azken urtebetean, baina urte luzez galduta egon da bere pista. Duela 128 urte aurkitu zuten Iruñeko Alde Zaharrean, munduko aberats baten gordailuan egon da urte batzuetan eta haren jabetza estatubatuar batena da egun.


Buru-belarri, burugogor!

Bilatzeak, etengabe bide baten bila abiatzeak, nahi zein espero ez duguna aurkitzea dakar. Artista bat bilaketa gose hori elikatu beharrean dago bere espiritua bizirik mantendu nahi badu. Burugogorkeria handia ere beharko du bere ibilerak. Bide berriak bilatu, azalberritu eta... [+]


Eguneraketa berriak daude