Hedabideek iragarria gauzatu da

  • Asanblea Nazionaleko 577 eserlekuek beren diputatua daukate bost urteko legealdirako. Alta bada, bozemaileen %58k ez du botorik eman. Frantziak, Europako demokraziaren sehaskak, behea jo du. Edonola ere, Macron uholdea sentitu da Ipar Euskal Herrian ere. Frantziako Legebiltzarrean egonen diren hiru diputatuetarik bi presidentearen Errepublika Martxan mugimendukoak dira: Vincent Bru eta Florence Lasserre-David. Bestea Jean Lassalle da.

Emmanuel Macron presidentearen Errepublika Martxanek (EM) 350 diputatu lortu ditu. Espero zuena baino aise gutxiago, lehen itzulian 400 inguru lortuko zutelakoan zeuden. 350 diputatu horien barnean François Bayrouren MoDemeko 44 daude. Justizia ministroaren alderdia indartuta atera da EMrekiko kanpainan mantendu duen lehia. Konstatazio bat hala ere: Bayrouren jarduera politikoari irregulartasunak antzeman zaizkio azken astean, Le Canard Enchainé aldizkariak salatuta. Abstentzioak abstentzio, ustelkeria ez da zigortua izan azken bi hauteskundeetan. Egungo sistema politikoak, aldez edo moldez, politikaria babesten du; honen jarduera ustela edo sanoa izanda ere.  

Les Republicains (LR) alderdiak eta UDIk, (Demokrata eta Independenteen Batasuna) biek elkarrekin, 130 diputatu lortu dituzte. Eskuinaren porrota agerikoa da, baina bere egoera ez da egungo establishment-en aldeko hedabideek iragarri bezain apokaliptikoa ere. François Baroin eta Laurent Wauquiez dira alderdiaren buru berriak. Alderdiaren presidente kargua euren artean jokatuko da datozen hilabeteetan. Eskuinak antolatzeko eta berritzeko arazoak ditu, baina funtsean, galdutako eserlekuak EMk eskuratu ditu. Zein da EMren alternantzia? LR, hots, eskuina. Funtsean, artean, eskuina izaki boterean, Gobernuaren Matignon egoitzan eta presidentearen Eliseoan.

PSk 32 diputatu lortu ditu. PRG (Ezkerreko alderdi Erradikala) eta Ekologistek 13. Ezkerrak baino, esan dezagun sozialdemokraziak muturreko galanta hartu duela, berea da porrot handiena. PSren hondamendia erabatekoa da. PSko Jean-Christophe Cambadélis idazkari nagusiak bozen emaitzak ezagutu ondoren bere kargua utzi du. Galdera jalgitzen da: EMn dauden sozialdemokratek eraginen ote dute Macronen politika neoliberalean, beraiek neoliberalismo kapitalistaren aliatu zintzoenak direlarik?

Frantzia Intsumisoak eta PCFk 27 diputatu eskuratu ditu. Ezkerrak Frantzian daukan sostengu soziala kontuan harturik, porrota ere begi-bistakoa da. Frantzia Intsumisoaren Jean-Luc Mélenchonek, bere agerraldietan jarrera eta mezu oso erradikalak agertu ohi dituen arren, egin nahi duen oposizioa gauzatzeko, abstenitu diren ezkerreko bozkatzaileekin sintonizatu beharko du. Jean-Luc Mélenchon diputatu berria da Asanblea Nazionalean.

Asanblea Nazionaleko diputatuen gehiengoa kontuan harturik, inork pentsa dezake eskuina galtzailea denik?
 

Marine Le Penen FNk 8 diputatu lortu ditu. Azpimarratzeko bi datu: Marine Le Pen lehen aldiz eseriko da Legebiltzarrean. FNko Florian Phillippotek, alderdiaren bigarrenak, ez du eserlekurik erdietsi. Bi liderren arteko nolabaiteko lehia izan da azken hilabetetan. Phillippoten porrotak FN barruko indar harremanak aldarazi ditzake. FNk ez du talde parlamentariorik izanen, hori lortzeko 15 diputatu erdietsi behar baita, alta bada, FNk inoiz baino “harrabots gehiago” eginen du Asanblea Nazionalean. Bestalde, demagun bosturtekoaren ondorenean, Marine Le Pen presidentea aukeratua dela presidentea, ez da guztiz ezinezkoa, LR eta EMko zenbat diputatu joanen litzateke FNra?

Gainerako alderdiek edo talde politikoek 29 diputatu lortu dituzte. Bitxia da datu hau, boz zenbaketaren gauetik biharamunera, kopurua 9 izatetik 29 izatera pasa zen. Datuak hutsala zirudien une batez, baina finean hauxe erakutsi du: Frantziako ordezkaritza politikoa gero eta zatituagoa eta atomizatuta dago. Ez da demokraziaren aniztasunaren seinalea, aitzitik, alderdi politikoen gainbeheraren erakuslea da, aro ideologiko baten amaieraren erakusle.

Paradoxak eta bitxikeriak: hauteskunde gauean, bozen kontaketa orduan, ardura nagusia zen, ea Marielle de Sarnez, Mounir Mahjoubi, Bruno Le Maire, Richard Ferrand, Christophe Castaner eta Annick Girardin ministroak hautatuak izango ziren edo ez. Bestela, Edouard Phillippe lehen ministroak igarri bezala, ministro kargua utzi beharko zuketen eta. Annick Girardin itsas harantzako ministroa “arriskuan” zegoen, baina azkenik seiek lortu dute Legebiltzarreko eserlekua. Manuel Valls lehen ministro ohia diputatu hautatu dute. Frantzia Intsumisioak ez du onartu haren aldeko bozen kontaketa. Evry herriko Udaletxean gaua luze eta beroa izan da. Horiek horrela, iraganeko ministro edota diputatu inguruen hautatzearen zalantzak bete du hauteskunde gaua hedabideetan eta alderdien egoitzetan. Horratx, egungo politikakeriaren eta politikarien demokraziaren erretratua.

Gauan barrena hainbat eserleku izan ziren “dantzan”, hainbat diputaturen edo “politikari notable”-ren eserleku “finkoak” erabaki artean. Izan ere, politika jarduera “profesional hutsa” bilakatu da. Emmanuel Macron presidentea da esponente agerikoena. V. Errepublikan, Frantziako diputatuen ezaugarria hauxe izan da: herri, departamendu eta erregioko erakundeetako hautetsi bilakatu ahala, diputatu edota senatari hautatuak ziren.  Macron bankari lanetan aritu ondoren, PSko François Hollanderen gobernuan ekonomia ministro izan ondoren, Errepublikaren presidente bilakatu da.

Azkenik, Frantziako politikagintzak bere protokoloa segitzen du. Edouard Phillippe lehen ministroaren lehenbiziko zeregina gobernu berria bertan behera uztea da, bere ministroak dimisioaraztea. 24 ordutan, “kabinete berria” aurkeztuko dio Macron presidenteari. Politikaren formulismoa. Anartean, hauxe galdetu dezakegu: diputatuen gehiengoa kontuan harturik, inork pentsa dezake eskuina galtzailea denik?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 2017ko Frantziako hauteskunde legegileak
2017-09-25 | Mikel Asurmendi
Zentro-eskuineko hegemonia berrindartu da Frantziako Senatuan

Frantziako Senatuaren herena berritu da. 384ko aulkietatik 171 berritu izan ondoren, En Marche (LREM) alderdiak 28 senatari baino ez ditu lortu. Oposizioko alderdiak izan dira garaile. Le Républicains  (LR) eta Alderdi Sozialista (PS) hurrenez hurren.


"Azken mohikanoen sindromea kausitzen dut hainbat abertzalerengan"

Baionan sortu zen 1973an, baigorriar familia batean. Alabaina, Donibane Lohizunen hazi eta hezi da tipitatik. Herri Berri taldeko hautetsia da bere herrian. EH Baiko hautagaia izan da azken bi hauteskunde legegileetan, VI. barrutian. Historialaria da. Elkar argitaletxeko editore... [+]


2017-07-16 | Jakes Bortayrou
Monarkia errepublikanoa

Sorpresaz beteriko frantses ziklo elektoralak aspaldiko panorama instituzionala hankaz gora utzi du. Hauteskunde presidentzialen ondoren, Macron-zaletasun uhin azkarra altxatu da. Komunikazio plangintza eraginkorra garatu du presidente berriak, Frantziaren... [+]


2017-06-25 | Itxaro Borda
Baztertuak

Frantziako Legebiltzarrerako bozek erakutsi dute jendeengan errotua den politikaren erabakimen guneetatik baztertuak izateko sentimendua zein neurritaraino zabaldua den: gazteak eta klase herrikoienak dira arrantzara joaten hauteskunde egunetan, abstentzioak hautesleen erdia... [+]


Frantziako hauteskunde legegileak
Jean Lassallek buru egin dio Emmanuel Macronen uholdeari

Macron uholdea sentitu da Ipar Euskal Herrian ere. Frantziako Legebiltzarrean egonen diren hiru diputatuetarik bi presidentearen Errepublika Martxan mugimendukoak dira: Vincent Bru eta Florence Lasserre-David. Hirugarrena Jean Lassalle da, 2002 urteaz geroz Legebiltzarrean... [+]


Eguneraketa berriak daude