Natura nola bizi eremu urbanoko ikastetxeetan

  • Ados, baso eskolak eta naturaz inguratutako ikastetxeak abagune paregabea dira pedagogia berdearen onurez gozatzeko, baina Euskal Herrian asko dira hiri eta eremu urbanoetan kokatuta, asfaltoa lagun duten eskolak. Horiek ere, ordea, uste baino gertuago dute bioaniztasuna bertatik bertara lantzeko aukera. Horren lekuko, artikuluaren bukaeran aurkituko dituzun esperientziak.

Ordiziako ikastetxeek Natur Eskola abiatu dute aurten, herriko Oiangu parkean. Arg: Uxue Urzelai
Ordiziako ikastetxeek Natur Eskola abiatu dute aurten, herriko Oiangu parkean. Arg: Uxue Urzelai

Naturatik aldendu ditugu hiriak, berdea erauzi eta porlanaz ordezkatu dugu, gehienez eremu domestikatuetara mugatu, eta aurreko belaunaldiek landaz zuten ezagutzaren transmisioa moztu dugu, hori esan digute elkarrizketatuek. “Urte luzez asfaltorako joera nagusitu da, erosoagoa, lauagoa, garbiagoa… dela iritzita. Orain horri buelta ematen ari gara, ingurumenarekiko sentsibilizazioa gero eta handiagoa da, baina aldi berean tarteko urte horiek guztiek kaltea egin dute: nola konbentzitu herritarrak, berdea zen eta asfaltatu egin duten gune hori berriz berdetzeko?”, dio Iñaki Sanz biologo eta irakasleak. Haur ugari dira egunerokoan zelairik zapaltzen ez dutenak, baina jakin badakigu osasun, ongizate, ikasketa eta sormen iturri agorrezina dela natura: motrizitatea, autonomia, autokontrola, oreka, arreta, segurtasuna, norberaren trebezia eta potentzialtasunak, mugak eta interesak modu naturalean garatzeko aliatu ezin hobeak dira lokatza, lurra, zuhaitzak, belarra, hostoak… Naturarekin interakzio zuzena duten haurrak erlaxatuago bizi direla dio Heike Freire psikologoak (Berdean hezi liburuaren egileak) eta adimen abstraktua, afektibitatea, gaitasun sozialak, autoestimua, enpatia… garatzeko lagungarri zaiela. Eskoletako curriculumek ere bere gain hartu dute naturarekiko harremana eta ezagutza transmititzeko ardura, baina gaur egun oro har ikasgela barruan egiten da transmisio hori eta kontzeptu asko eman arren, ikasleari abstraktuak egiten zaizkio, ez dituztelako errealitatean ikusten, ukitzen, usaintzen, probatzen, ikertzen eta esploratzen.

Planteatu al dugu hirietako parke publikoak erreminta egokia direla inguruko eskolek baliatzeko? Zenbat eta kontzienteago izan eta parkeak hobeto diseinatu, orduan eta bideragarriagoa izango da helburu hezitzaileekin erabiltzea

Soluzioa, lorategi edo espazio berderik ez duten ikastetxeentzat, gertu dituzten hiriko parke eta gune berdeak erabiltzea da, Iñaki Sanzentzat eta Maialen Sistiaga eta Irati Andoño Kutxa Ekoguneko baso eskolako hezitzaileentzat. Gakoa litzateke, Europa iparraldeko hainbat herrialdetan egiten den moduan, Udalarekin akordioak lortu eta parkearen kudeaketan hezkuntzaren ikuspegia txertatzea; hala, parkearen zati bat helburu hezitzaileetara bideratuz gero, belarra moztu gabe basati eta natural hazten utzi daiteke adibidez, eta bertako flora eta fauna mantendu. “Beti dago inguruan horma zaharren bat, huntzaz eta orbelaz betea, sugandilak bueltaka dituela. Edo larreren bat bere horretan, basalandareekin… Baliabide horiek aprobetxatu ditzakegu”, dio Sistiagak. Azken finean, mendira joatea ez du ahalbidetzen hezkuntza sistemak, urtean behin egiten den txangoan ez bada: Natura ikasgaiak ordubeteko iraupena du, eduki asko eman behar dira eta 30 ikasleko gela ezin duzu egunerokoan urrutira mobilizatu, bai ordea ondoko parkera. “Txangoa eta parkea osagarriak izan daitezke: Aiako Harritara joaten bazara, habitat eta bioaniztasun handiagoa ikusiko dituzu, baina momentu horretan nola dagoen baino ez duzu ikusiko, eta egunerokotasunak ematen dizu eboluzioa ikusteko aukera: loreak nola doazen aldatzen, urtaroak, egunetan edo egunean bertan zehar naturak duen bilakaera…”, azaldu digu Sanzek. Eskolan bertan konposta egitea, baratzea, oilategia edo negutegia jartzea, txoriak erakartzeko patioan haientzako bazkalekuak eraikitzea edota putzuak mantentzea, adarrekin zomorroentzako etxetxoak sortu eta zerbeza botatzea (xomorroak etorrarazteko), lorontziak jarri edo loreak landatzea… natura ikastetxera gerturatzeko modu errazak direla kontatu digute Sistiagak eta Andoñok, baina aukera artifiziala direla: “Inoiz ez da izango mendira joatea bezala, edo ikastetxeko lau paretetatik atera eta inguruko naturgunera hurbiltzea bezala”.

Egur hila, basoko supermerkatua

Ikuspegi hezitzailetik parke urbanoak zer eduki beharko lukeen galdetu diegu elkarrizketatuei. Gutxienez, diote, larre bat, bere horretan hazten utzia eta etengabe mozten aritu gabe, bertako loreekin. Zuhaitzak eta zuhaitzetatik eroritako enborrak, egur hilak, aproposak dira baita ere, egur hila delako basoko supermerkatua: xomorro pila bat erakartzen ditu, baita onddoak ere. Eta hortik aurrera, elikadura-katean gora egin ahala, gainerako bizidunak agertzen hasiko dira. Hondarra bera ere baliabide aproposa da eta kostalde eder askoa dugu Euskal Herrian, hondartzak eta arrokak. “Onena litzateke hiri barnean egotea parke bat ahal den heinean inguruko gune berdeekin konektatua, eraztun bioanitza izatea eta ez irla bat, baita ibilbide edo korridoreren bat diseinatzea ere, eta ikastetxetik bertatik bada, are hobeto. Bertako espezieak mantentzen dituzten habitat ezberdin ugari baditu, primeran: urmaela, errekasto txikia, basotxo bat, zelaia… Eta horrelako parkeak egon badaude”, ziurtatu du Iñaki Sanzek. Kontua da, planteatu al dugu noizbait hirietako parke publikoak erreminta egokia direla inguruko eskolek baliatzeko? Sarri, parkeak paseatzeko eta aisialdirako gune baino ez direla iruditzen zaigu, eta ikuspegia apur bat zabaltzea da koska, diote elkarrizketatuek: zenbat eta kontzienteago izan eta zenbat eta egokiago diseinatu parkeak, orduan eta bideragarriagoa izango da helburu hezitzaileekin ere erabiltzea.

Iñaki Sanz, biologoa:
“Mendira urtean behin joango gara eskolarekin. Ondoko parkeak, egunerokoak, ematen dizu eboluzioa ikusteko aukera: loreak nola doazen aldatzen, urtaroak, egunean zehar naturak duen bilakaera...”

“Guraso eta irakasleek jakin-mina izan badute, eta ateratzeko gogoa ere bai, baina sarri atera eta gero ez dakigu aurrean daukaguna zer den, ez ditugu landare eta zuhaitzak ezagutzen, zein txori mota den, ahatea ala lertxuna den… eta horrek segurtasun falta handia sortzen digu helduoi”, diote Sistiagak eta Andoñok. Irakasleak formatzea da lehen urratsa, eta horretarako ikastaroak ematen ditu Ekoguneak.

Beste kezka bat ere aipatu digu Sanzek: lorategi ereduko gestioa. Edo beste era batera esanda, behin eta berriz belarra mozten eta loreak aldatzen aritzea. “Parkeko gune batean bertako loreak hazten utziz gero, udaberri osorako belaze koloretsua izango duzu, baina ez dakit zenbateraino apreziatzen dugun hori. Estetikarekin zer ulertzen dugun, hor dago funtsa: iruditzen zaigu horma zaharrak bota eta berriak egin behar ditugula, baina niri horma zahar bat, goroldioa eta zintzilik belarrak dituela estetikoki zoragarria iruditzen zait. Estetikaren lerro oso markatua daukagu, ordena oinarri, eta eskema horretatik ateratzen dena iruditzen zaigu kaosa eta zikina. Txipa aldatzea litzateke”.

Eta euria ari badu?

Kanpora ateratzeko Euskal Herriko klima muga izan daitekeela uste duenarentzat, bere esperientzia kontatu digu Sanzek. Landareak ikasi berri dituzte eta horretarako ikasleak ondoko zelaira eraman ditu hiru astez jarraian, astean hiru bat aldiz: “Ikasleei esan nien, ‘gutxienekoa eskatuko dizuet, ekarri aterkia, xira eta izan hemen aldatzeko galtzerdi eta zapatilak’. Ez dugu inongo arazorik izan. Dinamika hori sortzea eta Gorputz Heziketarako bezala arropa egokia ekartzea besterik ez da”. Europa iparraldeko ikastetxe ugaritan ohikoa omen da: barrutik kanporako (eta kanpotik berriz barrura sartzeko) trantsizio guneak dituzte, eta bertan, besteak beste, katiuskak eta eguraldi traketsari aurre egiteko jantzi aproposak. Ekogunean abiatu duten baso eskolarako ere, arropa berezia eraman dute haurrek, arrantzaleek jantzi ohi dituzten buzoen modukoak, egiten duen eguraldia egiten duela kanpoan eroso aritu ahal izateko. “Gainera, eguraldi ‘txarra’ ikasketa-prozesu izugarria da umeentzat: putzu bat deskubritzea, euripean jolastea…”, nabarmendu digu Sistiagak.

Ekoguneko baso eskolan, arropa berezia daramate haurrek, arrantzaleek jantzi ohi dituzten buzoen modukoak, egiten duen eguraldia egiten duela kanpoan eroso aritzeko

Ezustean, zirauna

Gelan landutakoa benetan ikustea, naturako gaiak naturan lantzea; hain xede sinplea, baina maiz hain ezohikoa. Hortik aurrera, bestelako gaiak ere jorratu daitezke naturguneetan. “Oinarrizko kontzeptuak irakastea erraza da, baina bertatik bertara bizi badituzu askoz aberasgarriagoa da emaitza –dio Sanzek–. Landareak landu ditugu, eta ezberdintasun handia egon da aurkezpena gelan egin dutenen eta lorategian egin dutenen artean: ikasgelan, loreen zatiei buruz hitz egiten aritu dira, aurrean lorerik izan gabe, eta orokorrean ez da ulertu, ez dute barneratu. Lorategikoen aurkezpena askoz praktikoagoa izan da, batere abstraktua”. Inguruak berak ere eragiten du klasean: loretik marrubia ateratzen ikusi dute, “eta tontakeria dirudi, baina ikasle bati behin esan nion tomatea loretik ateratzen zela, eta zur eta lur geratu zen; apustu egingo nuke ez dela bakarra”. Aurrekoan, zirauna agertu zitzaien lorategian, klasea moztu eta ziraunaz aritzeko aprobetxatu zuten. “Adi-adi egon ziren denak, eta gelan ikasia genuen zirauna, baina ziur naiz lorategiko esperientzia eta gero ez zaiela ahaztuko hitz egin genuena. Azken finean, jakin-mina sortzeko aproposak dira errealitatera bidaia hauek; beharbada ez dituzu eduki guztiak emango, baina gaiarekiko interesa sortu baduzu, bide handia duzu egina”.

Izan ere, ez da gauza bera orduak arbelari begira eserita ematea, edo zelaian jardutea. Lorategira ateratzen hasi zirenean, ikasleak aztoratuta joaten zirela kontatu digu Iñaki Sanzek, berria baitzen haientzat, eta irakasleentzat ere deserosoa izan daiteke eguneroko kontrol eremutik ateratzea, baina kanpora egun gehiagotan jo ahala, irakasle eta ikasleak halako guneetan normaltasun osoz eta lasai mugitzeko ohitura hartzen joan dira.

Jarri enbor pare bat hiriko jolas-parkean

Eskolaz kanpoko orduetan ere, jakina, asko egin daiteke, eta hirietako jolas-parke uniforme, gris, gatzgabeak eraldatzea urrats inportantea litzateke. Auzoetan bestelako jolas-parke berdeagoak eta askeagoak aldarrikatzen dituen mugimendurik bada jada. Elkarrizketatuen esanetan, kulunka bezain dibertigarria izan daiteke egur hil bat eta adituen arabera zuhaitzera igotzeko prozesua hezkuntza-prozesu perfektua da haurrarentzat, adrenalina, erronka, oreka eta koordinazioa tarteko. Jarri enbor pare bat, lurra erliebe ezberdinetan, eta jolas-dinamika erabat aldatuko da, diote, baita natur-baliabideak neutroak direlako ere; naturan ez daude neskentzako eta mutilentzako jostailuak: rolak nahasten dira, sormena piztu, joko indibidual eta bideratuak alboratu… Hori bai, “umea gehiago zikinduko da –gogoratu du Sanzek–, eta guraso bezala planteatu beharko duzu: merezi dizu? Ba agian bai, hain gustura dago umea, bestelako interakzio eta jolas batzuk probatzen”.

Mezu bateratua dute elkarrizketatuek: eskola ez dadila izan inguruarekiko isolatuta dagoen irla, izan daitezela kanpoaldea eta ingurunea ere ikasgela, eta ingurune horrek izan dezala berdetik. Maialen Sistiagak argi du: “Trantsizioa helduok behar dugu, haurrak segituan moldatzen dira”.

Jolas-parke basatiagoetan, rolak nahasten dira, sormena piztu, joko indibidual eta bideratuak alboratu... Hori bai, “umea gehiago zikinduko da. Merezi du? Ba agian bai”

ESPERIENTZIA BERDEAK

Adibide gehiegi ez daudela aipatu digute elkarrizketatuek, eta daudenean, sarri irakasleen apustu pertsonalak direla. Eredu batzuk bildu ditugu eta horretarako, elkarrizketatuez gain arkitektura eta diseinua oinarri dituen Tipitik taldeko Ane Abarrategi eta Manuela Abasolok lagundu digute.

Eskolako patioa eraldatzen

Ikastetxeak berak zelaia, naturgunea edo lorategia izatea altxorra da, eta horren jakitun, eskola batek baino gehiagok abiatu du jolastokia eraldatzeko proiekturen bat. Durangoko Kurutziaga ikastolan, esaterako, patioa aztertu eta berritzeko proposamenak haurrek eurek egin dituzte marrazki bidez, eta ikasleen lanetan argi ikusi dute guraso eta irakasleek: “Berdea da nagusi”. Zuhaitzetara igotzeko sokak, zubi tibetarrak, ortua… eskatu dituzte eta norabide horretan berritu dute patioa. Behin naturgunea lortuta, jolasteko, ikertzeko eta ikasketa prozesuarekin lotzeko aprobetxatu ohi dute eskolek: Donostiako La Anunciatan lorategiko zuhaitzak eta hostoak identifikatzeko Trivial jolasa sortu dute; Irungo El Pilarren hegaztientzat jantokiak eraiki dituzte ikastetxeko lorategian…

Tokioko Fuji Kindergarten haurreskolan, umeak eskalatuz sartzen dira ikasgelan.

Ereñotzun, arbelaren ordez putzua

Alemanian, ikastetxe batzuek ohitura daukate inguruko hezeguneren baten ardura hartu eta ikasgaiak lantzeko bertara mugitzeko. Ideia horri tiraka ekimen interesgarria sortu zuten Hernaniko Ereñotzu auzoko Txirrita eskola txikian, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean: garai batean putzu izandakoa baina denborarekin galdutakoa berreskuratu zuten 2013-14 ikasturtean, zonaldea inpermeabilizatuz eta egokituz. Zepadi putzua birsortzea lortu zuten, orain gune babestua, eta urtebetean landare urtarrak eta anfibio ugari agertu ziren. Putzua baliabide ezin hobea bihurtu zen curriculumeko gaiak jorratzeko: Matematikak landu behar zituztela? Igelen arrautza kopurua edo putzuaren azalera zituzten horretarako; beroaren eraginez putzua murriztu zela eta baso-igel gorriek arrautzak bertan jartzeari utzi ziotela? Aldaketa klimatikoaz aritzeko adibide paregabea zuten; eta kartografia, toponimia, animalien metamorfosia… jorratzeko ere baliagarria izan zitzaien. Ziraba proiektuak unitate didaktiko baterako eman zuen eta gaur egun oraindik lotura mantentzen dute ikasleek putzuarekin: gurasoek txangoak eta ekintzak antolatzen dituzte bertan.

Zepadi putzua (Arg: Xabier Rubio)

Natur eskola Oiangun

Ordiziako Oiangu parkea golf-zelai bihurtzeko proiektu polemikoa bertan behera geratu ostean, gune berdeari beste erabilera bat ematea erabaki dute. Aranzadiren ekimenez eta Udalak finantzatuta, herriko bi ikastetxeek baliatu dute ikasturte honetan lehenengo aldiz, Natur Eskola gisa. 10-12 urteko ikasleak aritu dira bertan naturarekiko harremana lantzen eta hainbat gai jorratzen. “Natura bizitzea eta harreman positiboa sortzea bera bada helburu eta lorpen –dio Yoana Garcia ekimenaren bultzatzaileak–. Orain asmoa da adin gehiagotara zabaltzea eta irakasleek jarrera baikorra eta borondatea agertuz gero, maiztasuna ere areagotzea, edukiak aire librean lantzeko”.

Oñatiko parkea hobetzeko gomendioak

Oñatiko Zuazola-Larraña institutuko ikasleek, gelan oinarrizko kontzeptuak landu ondoren, herriko San Martin parkera joan eta ingurunea aztertu dute, biodibertsitatean arreta jarriz. Fauna eta floraren diagnostiko xehea osatu dute gazteek eta parkeko aniztasunaz jabetuta, berau baloratzeko, babesteko eta hobetzeko neurriak proposatu dituzte. Tartean, zuhaitz gehiago landatzea, espezie ezberdinak ongi identifikatzea, zelai zabal bat egokitzea, haritzaren enbor hilak mantentzea, bizilekuak egitea hegazti, saguzar, triku eta intsektuentzako... Maiatzean, gomendio sorta aurkeztu zioten alkateari, parkea biziberritzeko udalbatzak kontuan izan ditzan.

Baso eskola, ugaritzen ari den eredua

Basoa bera ikasgela duten eskolak errotutako eredua dira Europa iparraldean (1.000 baso eskola baino gehiago daude Alemanian, esaterako) eta Euskal Herrira ere iritsi da zipriztinik. Ozaetan, hiru ikasturte daramatzate curriculumeko edukiak inguru naturalean lantzen, gela itxi baten beharrik gabe: inguruko 20 ikasletik gora hartzen dituzte Plisti Plasta heziketa gunean. Bihotz Inguru Elkarteak berriz, hirian bizi arren naturan hazi daitekeela frogatu nahi du: Donostiako Ulia basoan, duela lau urte jaio zen baso jolasgunea, 3-6 urte arteko haurrei zuzendua. Datorren ikasturtetik aurrera, astelehenetik ostiralerako hezkuntza proposamen normalizatua abiatuko dute bertan, “gure txikien garapenerako benetako beharrak ase eta errespetatuko dituen pedagogia” aplikatu asmoz. Orendainen ere, antzeko ekimena dute buruan.

Baso eskolen eredua gizarteratzeko eta hezkuntza publiko osora eskaintza zabaltzeko xedez, proiektu anbiziotsua abiatu dute Ekogunean. Hiru ikastetxe publiko ari dira parte hartzen aurre-proiektu pilotuan: Hernaniko Langile, Donostiako Amara Berri eta Alkizako eskola txikia. 3-5 urteko haurrak ari dira, egiten duen eguraldia egiten duela kanpoan jardun ahal izateko arropa jantzita (ikusi argazkia). “Lehenengo, espazio berriko oinarriak azaltzen ditugu –kontatu digu Maialen Sistiagak–. Adibidez, zuhaitz bat aukeratzen dute ikasleek, galduz gero erreferentziatzat hartzeko. Egunaren hasieran, bildu egiten gara, ikasgelan egingo luketen moduan eguneko gaiez hitz egiteko eta bide batez naturari lotutako kontuez mintzatzeko (ze eguraldi egiten du, nola daude lore eta zuhaitzak, zein urtarotan gaude?...). Gelako dinamika jarraitzen dugu, baina naturan eta naturara egokituta. Paperean beharrean makilarekin lurrean margotu dezakete edota horma-barrara igo ordez, zuhaitzera igo daitezke. Uztartzen ditugu jolas librea eta jarduera gidatuagoak (baratzera edo animalien gunera goazenean, adibidez)”. Etorkizunean, hala nahi duten eskolek ikasturte osoa egunero baso eskolan klasea ematea da helburua, inguruan dituzten berdeguneak baliatuz. Metodologia aukeratzen duten ikastetxeei aholkularitza eman nahiko lieke Ekoguneak, eta horregatik du martxan esperientzia pilotu hau.

Ekoguneko baso eskolan, haurrek buzo bereziak daramatzate soinean.

Utikan jolas-parke gris eta tristeak

Jolas-parke naturalagoak eskatzen dituzten mugimenduek sustatuta, material birziklatuek eta naturak berak eskaintzen dituen baliabidez hornitutako parkeak aurki daitezke, haurrek aske jolasteko pentsatuak. New Yorkeko play:groundNYC edo Galesko Plas Madoc abentura parke itzeletaraino joan gabe, inguruan ere badira adibide interesgarriak, Amurrioko Tertanga jolasgunea edo Lakuntzakoa kasu, umeen euren ekinetik sortuak. Berriki, inguruko haurren proposamenetatik abiatuta, labirintoa egin dute Atotxako parkean (Egia, Donostia), bizilagunek, hainbat ikastetxetako ikasleek eta zenbait erakundek elkarlanean.

Egiako auzokideek elkarlanean egindako labirintoa (Arg: Egia Segurua Haurren Egia)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


Eguneraketa berriak daude