"Itzultzaileak bere hizkuntza eduki behar du zabal, malgu eta presente"

  • “Godoten esperoan gaudek”, esan zion Vladimirrek Estragoni; “Izan ala ez izan: horra hor auzia”, Hamletek bere buruari, eta “Aukeran nahiago ez”, Bartleby izkribatzaileak nagusiari, izenik ezagutzen ez diogun abokatuari. Hiru idazle kanoniko, hiru garai, hiru lekukotza ezinago ezagun: euskarara, ordea, Juan Garziak ekarri ditu denak.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Juan Garzia Garmendia (Legazpi, 1955)

Testuen bueltan egin ditu Juan Garziak azken lau hamarraldiak: idazten, itzultzen eta irakasten. Filologia Hispanikoa ikasi zuen Donostian eta Bartzelonan. 1987tik hasi eta 90eko hamarkadaren amaierara bitarte, lau narrazio-liburu eta nobela bat argitaratu zituen, eta saiakerak eta prestakuntza-liburuak kaleratu ditu orobat. IVAPeko itzultzaile-eskolan aritu zen irakasle, eta EHUko Euskara Zerbitzuan, berriz, Zientzia Irakurle Ororentzat bilduma zuzendu zuen zenbait urtez. Hamaika liburu euskaratu ditu, horietako asko Literatura Unibertsala bildumaren barruan. Besteak beste, Garziak ekarri dizkigu Borgesen Ipuin hautatuak eta Juan Rulforen Pedro Paramo. 2013an, euskaltzain urgazle izendatu zuten.

Noiz eta nolatan sartu zinen itzulpenaren kontu honetan? Garai hartan, zer premia zegoen?

Hizkuntza eta literatura eskolak ematen ari nintzen Santo Tomas Lizeoan.[Jesus Mari] Lasagabasterren eskema horrekin ematen genuen literatura, betiko minimo horrekin: hiru epe; Garoa [Txomin Agirre], Leturiaren egunkari ezkutua [Txillardegi] eta Egunero hasten delako [Ramon Saizarbitoria]. Garoa irakurraraztea gogorra zen orduan, eta gaur egun uste dut ia ezinezkoa dela, baina nik planteatzen nuen ariketa berezi modura, adibidez, lexikoa biltzea kapituluka, aurre hartuz problemari. Gero, Leturiarekin, existentzialismoaren gauza dibulgatibo bat egin zenezakeen, gainera adin horretan oso ondo datorrena, kontu pixka batekin betiere, jendeari ez areagotzeko sindromea. Saizarbitoriarenak, berriz, oso joko polita ematen zuen, modernismo horrekin eta erabiltzen diren teknika guztiekin. Esan nahi dut neuk gustura emango nukeela oraindik ere literaturari buruzko eskola hiru horiekin…

Baina…

Baina material gutxi zegoen, hori argi dago. Eta egun batean –irudi hori iltzatuta geratu zait–, ikasle bat etorri zitzaidan, oraindik gogoratzen naiz zein, eta esan zidan jada irakurriak zituela nik gomendatu nizkien guztiak, baina bestelakoak nahi zituela, eta La historia interminable erakutsi zidan, Michael Enderena. Bai, nik ere nahi nituen horrelakoak. Harira etorrita, horixe zen: ez zegoela gauza handirik. Eta neuk ere baneukala hizkuntza landu beharra, zeren gauza bat da gauza handirik ez egotea, eta beste bat, berriz, norbera ere noraino iristen den.

Gogoan duzu egin zenuen lehenengo enkargua?

Andu [Lertxundi] Ereinen zebilela, gauza txiki batzuk egin nituen, adibidez, haurrentzat liburu labur bat itzuli nuen, katalanetik. Gauza xume bat zen, baina polita, zeren ipuin tradizionalen antzekoa zen, eta aukera ematen zuen bertsoak-eta sartzeko.

Eman zizuten lehen enkargu handia, berriz, hauxe: Herman Melvillen Bartleby izkribatzailea euskarara ekartzea.

Hori ere Anduk proposatu zidan, eta ordurako Inazio Mujika [Iraola] ere bazebilen Ereinen. Bartleby saila egin nahi zuten eta, noski, lehenengo zenbakiak Bartleby izan behar zuen –bide batez, sail horretako liburu denak uholde gogorrenetan galdu ziren–.Gogoratzen naiz Anduk misterio handiarekin esan zidala [Koldo] Mitxelena ibili zela hori itzuli nahian, eta lehenengo esaldia ezin zela euskaraz eman. Horrekin pikatu nintzen.

Argazkia: Dani Blanco.

Eta, halako misterioa al zeukan lehen esaldi hark?

Liburua ez nuen aurrez ezagutzen, oso asistematikoa izan naiz-eta irakurketan, zalea izan arren. Hartu nuen Bartleby eta, hara, lehen esaldia ez zitzaidan problematikoa iruditu, bai ordea gerokoa: baiezkoa eman aurretik ere ikusi nuen han problema ez zela hasierakoa, baizik eta ondoren Bartlebyk behin eta berriro errepikatzen zuen esaldi hura, eta nire ondare komunera pasa dena, batez ere burokraten artean: aukeran nahiago ez [I would rather not to]. Ni gustura gelditzeko moduan ematea hori… horra hor koska. Azkenean, egin nuen, eta jendeari gustatu zitzaion. Edonola ere, niretzat itzulpena beti izan da nolabaiteko atseden-bide bat.

Batek esan omen zuen itzultzea dela idaztearen plazerra, sortzearen tormenturik gabe.  

Horixe da. Sortzearen parte bat tormentua da, fabulatzea bera ez, baina bai gero idaztea: zalantzaz beteta egoten zara, ez dakizu jeniala den edo huskeria. Itzulpena, berriz, desafio bat da, beste batzuek hitz gurutzatuak egiten dituzten bezalaxe egiten nuen nik. Ez duzu zalantzarik egiten jatorrizkoaz, badakizu ona dela, orduan kontua da hori euskaraz ipintzea: arazo tekniko bat da. Gustura egiten duzu literatura onarekin ari zarelako, eta tarte horretan inork ez bezala irakurtzen duzulako testu hori: idazlearekin bizi zara, mundutik abstraituta. Bide batez, idazketa lantzen ari zara, bestela berezkotik landuko ez zenukeen moduan gainera, zeren berezkoan beti bilatzen duzu erresistentzia gutxieneko ildoa.

Iaz berrargitaratu zen Bartleby izkribatzailea, Ereinen 4nak bilduman. Asko zahartu al da testua?

Gu hasi ginenean, Hiztegi Baturik ere ez zegoen. Gauzak ez zeuden hain lotuta, estandarizazioaren aldetik ezinbestekoak ziren gauza batzuk ez zeuden ezarrita. Gero, egin denean, jendea kexatu da, baina baldintza batzuk premiazkoak ziren, eta orain badago estandar bat, osatuz doana, denon artean egiten ari garen hori.

Bartleby lehenengo aldiz argitaratu zenetik 25 urte pasa dira, eta berrikusteko eskatu zidatenean pentsatu nuen hiztegia begiratu beharko zela pixka bat. Baina ez zen hori bakarrik. Begiratu behar izan dut zer egitura erabiltzen ziren eta abar. Ikasi egin dugu maila horretan: testuak hobeak dira, teorizazio esplizitu eta inplizitu bat dago.

Bestalde, esan beharra dago garai hartan jolasa politagoa zela, batez ere sormenean. Neu orain ez nintzateke atrebituko Itzalen itzal idatzi nueneko askatasun berarekin aritzera hiztegian… Egin gabe egoteak bazituen abantaila batzuk.

Itzultzaile on batek zer behar du?

Lehenengo baldintza, eta igual azkena, jakin-min unibertsala da, jakin-min patologikoa. Itzultzaileak egon behar du gauza guztiez interesatuta, hizkuntzaren alderdi guztiez, eta irakurtzea maitatu behar du. Faulknerrek esaten zuen irakurri egin behar dela, prospektu farmazeutikoak badira ere. Kontua ez da jakitea, azken batean kultura orokorra eta erudizioa ezin bailitezke erabatekoak izan, definizioz; kontua da saltsan ibiltzea, kazetariei buruz esaten denaren antzera: ahal den gehienean ibili, ez baitakizu gero zer baliatuko duzun. Jakina, itzulpen literarioaz ari naiz batez ere; administrazioko itzultzaileen kasuan beste baldintza batzuk dira. Haiek eduki behar dute pazientzia eta etsipena.

Itzultzailea naizela esatean, jendeak galdetzen dit ea zenbat hizkuntza dakizkidan, baina jardunean ikasi dut norbere hizkuntza landu behar dela jatorrizkoa baino gehiago.

“Hik hitz egingo dek ingelesa!” esaten didatenean, probokatzeko erantzun ohi diet ez naizela gauza elkarrizketa arrunt batetik gora joateko. Gauza ezberdinak dira. Zuk esan duzun hori da ibili den guztiaren esperientzia. Jatorrizkoaren arazoak dokumentazioarekin konpon daitezke. Idazlea bizirik baldin badago, berari edo beste natibo bati galde dakioke, eta hilda badago eta zer edo zer bada, aparatu kritikoa egoten da, zer esanik ez Shakespeare itzultzen ari bazara: lerro bakoitzari buruz dauzkazu ehun liburu.

Gauza gehienetan bezala, intuizioa eduki behar da, sena, eta jakin behar duzu zer den literatura, zer den generoa eta zer egiten ari den idazlea. Ipuin bat baldin bada, jakin behar duzu zer den ipuin bat, eta ikusten baduzu gauza bat, zeuk zentzurik bilatzen ez diozuna, ez etsi hiztegiak dioenarekin. Gero hori dena konpentsatu daiteke denborarekin. Niri hori gertatu zait: zenbat eta gutxiago menderatu hizkuntza, orduan eta denbora gehiago eskaini diot lanari, eta hori ez dator batere gaizki. Borgesek ere esaten zuen, itzuliz ikasi zuela alemana. Ni eskola horretakoa naiz, ez alemana ikasi eta gero itzultzen hasi, baizik eta arian-arian jardun.

Argazkia: Dani Blanco.

Lehen adibide kurioso bat aipatu didazu, kontu hau dela-eta…

Bai, badago itzultzaile bat AEBetan, izugarri famatu zutena alemanetik egindako poesia-itzulpen batzuengatik: eman zizkioten sariak, kritikariek txaloak jo... Handik urte batzuetara, Txinako poemen antologia bat itzuli zuen, eta kritikari haietako batek esan zuen oso nabarmena zela itzultzaileak ez zuela jatorrizko hizkuntza ezagutzen. Itzultzaileak, orduan, adierazi zuen alemanez ere ez zekiela.

Azkenean, literatura itzultzen ari baldin bazara, zuk eman behar diozu bezeroari atseginez irakurriko duen eta interesgarri egingo zaion testu bat. Hura konforme gelditzen bada, zuk zeure lana bete duzu. Zer edo zer aldatu baduzu, bada agian hobetu egin duzu. Zertarako argitaratzen da literatur testu bat? Erabiltzeko, ezta? Gero, jakina, fideltasunari eutsi behar zaio ahal den gehiena, baina gakoa beste hori da.

Beraz, helburu hizkuntzan funtzionatzen duen testu bat emateko, nola landu behar du itzultzaileak bere hizkuntza eta testua bera?

Teknikoki landu behar duzu zeure hizkuntza, gimnasia egin, aztertu zer modutara esan daitezkeen gauzak. Euskararen kasuan bereziki egin behar duzu hori guztia, derrigor aldatu beharko baituzu dexente. Eduki behar duzu almazena ondo beteta eta errepertorio nahiko zabal bat, gero baliatzeko, eta itzultzen hasi aurretik egin behar duzu hori guztia, itzultzen ari zarela ezin zara, bat-batean hasi dokumentatzen edo Axular irakurtzen. Jatorrizko hizkuntza ezagutu egin behar duzu, bai, baina zeurea eduki behar duzu zabal, malgu eta presente. Kontua ez baita jakitea, baizik eta etortzea, lotura ebidentea ez denean ere.

Azken gaitasun berezi bat da beste eskizofrenia moduko hori: lehenik, itzulgaian sartu behar duzu erabat, hari tripak atera eta hartaz jabetu, idatzi duenak baino hobeto ulertu, eta, gero, ahaztu egin behar duzu erabat, eta existituko ez balitz bezala egin.

Azken urteotan, hainbat ikastaro eman dituzu, testu formalak idazten dituztenentzat (itzultzaileak, irakasleak…). Neuri harrigarria egiten zait zenbat kostatzen zaion euskaraz ederto moldatzen den jende askori testu natural eta irakurterraz bat idaztea.

Bi gaitasun dira. Ahozkoaren oinarria ez daukanak ezin du ondo idatzi, baina hemen mitifikatuta dago ahozko hori. Hortik dator dena, noski, zeren batzuek kontrako problema dute, uste dute hizkuntza idatziz jaio zela, eta gero batzuetan ahoskatu egiten dela. Hori ere kendu beharra dago burutik. Idaztea artifiziala da, Platonek berak zioen idatziak ez zuela balio bizirik gabe. Horrexegatik landu behar da gehiago, teknika bat delako eta bere logika duelako.

Hurbilago ibili behar dutela ahozkoak edo idatziak? Dudarik ez. Ez dut uste gehiago urrundu behar dutenik, baina diskurtsoak eurak ezberdinak dira.

Baina ahozkoa ezin liteke abiapuntu gisa baliatu?

Beste gauza bat esango dut: idazteak, ondo idazteak eta idatzia asko lantzeak traba egiten dio ahozkoari. Traba-edo… Magnetofoia asmatu zenean izugarri eskastu zen gure memoria, ezta? Ba berdin. Telebistan agertzen direnez dakit nongo nekazari erdi-analfabetoak, horiexek izaten dira hiztunik onenak: hori da hori hitz egitea! Besterik ez dakizunean, harekin moldatu behar duzu. Hori da zure mundu guztia. Zentzu horretan, kondenatuta gaude, baina beste aukera zer da, idatzia bazter uztea? Hizkuntza guztiak aldatu dira, eta zurrundu eta eskematizatu, idatzira pasatu direnean.

Ahozko jatorrenari eutsi eta idatziari kasurik egin nahi ez dion jende askori gertatu zaio, gai tekniko bati buruz idatzi nahi izan duela, eta ez dela kapaz izan, nahiz eta gaia ondo ezagutu. Eta, orduan, zein da euskaldun horren euskara batua? Erdara.

Azken hitza: Ikasketa iniziatikoak

Garziak ondo ezagutzen du Shakespeare. Hain zuzen ere, azkenaldiko lanetako bat horixe izan du,autore ingelesaren soneto guztiak euskaratzea. Aspaldi egin zuten biek elkarren ezaupidea: “Nik, karreran, gehiago landu nuen linguistika literatura baino, eta orain oso damututa nago, eduki nuelako literaturaren alorrean eduki zitekeen irakasle-kuadrillarik onena: Blecua anaia biak, Paco Rico… Hala ere,geroagoko gauza batzuk han ikusitakoen haritik etorri dira. Shakespeareren sonetoak, adibidez, han ezagutu nituen, han ikusi nuen poesia ez zela gauza mistiko, etorri hutseko zera hori; orduantxe konturatu nintzen hor ere bazegoela zientziarik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Juan Garzia
Eguneraketa berriak daude