Talka, didaktika eta komunitatea

  • Donostiako eszenan interesa duenak ezagutzen du Unai Pelayo, Pelax. Bakarlari bezala lan bat atera ostean 2015ean Cowboys Orchestrarekin lehen diskoa argitaratu zuen. Ordutik hamaika proiektu eta formatu ondu ditu, udan Telmo Trenor DJarekin lau kantaz osatutako EPa atera du, besteak beste. Joan den urriaren 15ean Talkak eragiten du didaktika (Balio Dute) lana aurkeztu du Le Bukowskin (Donostia). Andoni Olaetxea (Goragaleak, Zozo), Iker Vazquez (Blaka, Liher) eta Iñigo Ozaetarekin (Blaka, Nerabe) batera elkarrizketa interesgarria izan dugu, egia esateko moduei buruz Egian.

Pelax taldeko kideak Donostiako Le Bukowskin (argazkia: Amaia Oca).
Pelax taldeko kideak Donostiako Le Bukowskin (argazkia: Amaia Oca).

Disko aurkezpena igande batean antolatu izanak beldurra eragiten zien, baina Le Bukowskin jotzea etxean jotzea zen, eta leporaino bete zen hilabeteetako lana entzun nahi zuten zaleekin. Kontzertu indartsuak ematera ohituta daude Pelaxekoak, eta hau ez zen gutxiagorako izan. Estanpa-rekin eta Sua dela badio kantekin eman zioten hasiera; indarra eta letra sakonekin, Pelaxen esentziarekin, alegia. Arerio izan zen hirugarren kanta eta areto osoa jarri zuen dantzan. Erritmo apurtuetan eta sampleetan oinarritua dirudien bateria zehatz eta zoroa, zuzenekoetarako ezinbestekoa bihurtuko den kanta dudarik gabe.

Lau musikariak lokatzetan ibilitakoak dira. Azken bi urteetan bakoitzak bere proiektuekin ehundik gora zuzeneko eskaini ditu eta esperientzia hori islatzen jakin dute lan berrian. Andoni Olaetxearen ustez, lehen bi diskoen artean dagoen aldea nabaria da: “Lehen Unairen bakarlari proiektua zen eta guk banda gehitzen genion. Orain Cowboysak desagertu dira eta talde bilakatu gara; oinarriak bera izaten jarraitzen duen arren, noski”.

Iñigo Ozaeta:
“Garai batean Euskal Herrian mezu zuzen eta esplizituak izan dira nagusi, eta orain arte egon da joera bat beste mota bateko mezuak garatzen saiatzeko. Baina ostia txarra ezin da makilatu”

Talka askoz ilunagoa da Cowboys baino. Rock’n’Rolletik eta blues klasikotik aldendu egiten da momentu askotan, eremu berriagoetara iritsiz baina oinarria galdu gabe. Denak ados daude Olaetxearen gitarrak eman diola disko osoari xarma berezi hori. Talde osoaren heldutasuna nabarmena da, hala ere. Vazquezek eta Ozaetak osatzen duten bikotea beste nonbait ikustea zaila da. Lehenak indarrez markatzen ditu kolpe guztiak, bigarrenak, larrua jotzen dio baxuari zuzenekoetan. 

Iñaki Rifaterrak egindako diseinua barne, Talkak osatzen du didaktika osotasun bat da. “Titulua ekarri zenuenean ez zitzaidan batere gustatu –aitortu du Vazquezek– baina esaldiari bueltak eman ostean, izugarria iruditzen zait. Asko ikasi dut prozesu honetan izan ditugun kolpe guztiekin, eta esaldi honi esker hobeto ulertzen dut garai hau”. Talka kanta bera, taldekideei idatzi zien Pelayok, “pasa ditugun momentu zail guztiengatik”.

Hala ere, Cowboysekin antzekotasunak baditu disko honek. Habitus eta Lotailu, adibidez, diskoaren arrazoien sintesiak dira; Dena delitua-ren erritmo pisutsua aurreko diskoko Zeuok-ekin pareka daiteke eta Traba-ren riff dantzagarria lehengo laneko Turbio-rekin. Sua dela badio eta Balio dute-k himno izaera bera dutela esan daiteke. Intro eta outro bera dute bi diskoek ere, biei lotura emanez. “Gure influentzia handiena gara”, diote barre artean.

Argazkia: Eider Iturriaga.

Letrei dagokienez Pelayo bluesman bat da, dudarik ez dago. “Blues-ak zaurien beharrak ditu, eta soberan ditut” dio lehen diskoko kanta batek eta bigarren diskoan zauriak eta haserreak leku guztietatik ageri dira. Ozaetak ere argi ikusten du, “garai batean Euskal Herrian mezu zuzen eta esplizituak izan dira nagusi, eta orain arte egon da joera bat beste mota bateko mezuak garatzen saiatzeko. Baina ostia txarra ezin da makilatu, eta orain berriro ari gara itzultzen amorrutik abestera, barruan zein kanpoan gertatzen diren gauza txarrei abestera”.

“Eszenatokira igotzea festa bat da guretzat. Nik beti jotzen dut irribarrez”, aitortu du Vazquezek. Bukowskiko eszenatoki gainean ikusi zen Cowboysen ere bazuten izaera anarkikoa. Eneko Sierra eta Jon Agiriano nahi zutenean igotzen ziren saxo eta gitarrarekin laguntzera. “Cowboysek horrela zen: bi bateria jotzaile, hiru gitarra, saxofoia... bakoitzak nahi zuena egiten zuen. Orain esan daiteke pixka bat lasaitu eta kantekin fidelagoak izan nahi dugula”. Talde-komunitate filosofia horri jarraituz, diskoan aritu dira ere Beñat Antxustegi, Joseba B. Lenoir, Olatz Salvador, Lander Ganzo eta Xabier Viscay lagunak euren alea jartzen.

Unai Pelayo:
“Ez dugu famatuak izan nahi, baina ezta ahanzturan erori nahi ere”

Lanari bi helburu soilik jarri dizkiote, “egia esatea eta zuzenekoetan defendatzea: hori da Rock’n’Rolla” dio Pelayok. “Ez dugu famatuak izan nahi, baina ezta ahanzturan erori ere. Izan ere, errekonozimendua lortzea zaila da Euskal Herrian, ez baduzu interes jakin batzuen arabera jokatzen, behintzat. Baina gauzak aldatzen ari dira. Beste filosofia batekin hasi da geroz eta jende gehiago programatzen. Hala ere, ez da sinplea, ezin delako eszena bakar bezala ikusi Euskal Herria. Ez da berdina Gipuzkoako underground-a, Arabakoa edo Ipar Euskal Herrikoa”.

Himnoak sortzen dituen musikaria da Pelayo. Izan ere, musika bi gauza dira: sentimendua eta komunitatea, eta kantek zentzua hartzen dute biak batera agertzen direnean –teknika bien arteko zubia baino ez da–. Bukowskira joandako ikusleek zaletasuna baino zerbait gehiago konpartitzen dute; bizitzeko modu bat, auzoa eta hiria ulertzeko manera bat. Pelaxek horri abesten dio, eta hortik. Eta hor elkartu gaitu eta elkartuko gaitu, beste behin. “Abestiek balio dute, gauzak ez diren bezala kontatzeko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Rock
Arizkun Rock. Albaro Soule eta Eider Bidegain.
"Dena eginda jaso nahi dugu eta galtzen ari da militantzia"

Nekea eta errelebo falta. Horixe argudiatuta jakinarazi zuen agurra Arizkun Rock jaialdiak martxoaren hasieran. Aurtengo edizioa izango da azkena; ekainaren 23an ospatuko da. Ganoraz despeditzeko gogoz daude. Zerbait berezia antolatzeak satisfazioa ematen du, baina nekatu ere... [+]


Agur esango du Arizkun Rock jaialdiak: aurtengoa izango da azkena

"Lan-karga arras handia da hain antolakuntza txikiarendako", jakinarazi du ohar bidez Arizkun Rock jaialdiko antolakuntzak. "Ongi hausnartuta" hartu duten erabakia da: hamar urtez halako mailako ekimena antolatzeak eragiten duen nekea dago batetik;... [+]


2022-09-23 | ARGIA
Hertzainak taldea agertokietara igoko da berriz, agur esateko

‘Azkena gure alde’ izeneko azken bira egingo dute taldeko Gari, Josu Zabala eta Txanpik. Irailaren 29an emango dute xehetasun gehiago.


Vulk gara

Orain hiru urte eskaini zuen azkenengoz Vulk taldeak kontzertu bat Bilbon –azaroko emanaldi berezia kenduta–. Hiru urte non mundua eta berau habitatzen dugunok izugarri aldatu garen. Denbora honetan bilbotar laukoteak disko berria kaleratu du, Vulk ez da (Montgri,... [+]


2022-05-01 | Iker Barandiaran
Metala bere pisu eta adiera adierazgarrienean

Mutrikuko laukoteak aurre egin dio pandemiaren garai ilunari eta lana sendo eginez bueltan da, taldekide aldaketekin eta crowdfunding bidez (aupa zuek!) landutako bigarren disko luze eta biribil honekin.

2017an sortu zuten Saia Goait beste hainbat taldetan (Keike, Kraussk,... [+]


Eguneraketa berriak daude