Hiru muskerren topaleku bakarra

  • Bat, bi eta hiru. Hiru musker-begi zelatan, zeharka begira dauzkagu. Kareharrizko horma zaharrean daude eguzkia hartzen. Hiruek begirada berdina dute, begiak, aldiz, ezberdinak. Izan ere, Araotzeko mendietan musker-begiak hiru dira, hiru espezierenak. Eurek, noski, jakingo dute ezberdinak direla. Ez dute jakingo, ordea, Araotzeko euren horma zaharra dela Euskal Herrian hiru musker espezieak elkartzen diren gune bakarra. Gizakiok ere, udaberri honetan deskubritu dugu Araotzeko altxor hau eta geroztik zientzialarien ikerketa gune da.


2017ko abenduaren 10an
Araotzeko mendian, kareharriz altxatutako horma zaharra. Argazkia: Iñaki Sanz-Azkue.
Araotzeko mendian, kareharriz altxatutako horma zaharra. Argazkia: Iñaki Sanz-Azkue.

Araotz auzoa Oñatin dago. Gipuzkoako auzo bat izateko, ordea, eremuak badu zerbait berezia, zerbait, gainontzeko lekuetan ikusten ez dena: Araotzek Gipuzkoako gainontzeko lekuetan topa daitezkeen klima atlantiarreko espezieak ditu, eremu hezeak eta epelak behar dituztenak. Baina isurialde mediterranearraren gertutasunak kutsatuko balu bezala, Araotzeko mendietan ikus daitezke baita ere paisaia mediterranearreko eremuak, bertako fauna eta flora dituztenak. Bi baldintza horien nahasketak, eta paisaiak berak dituen habitat ezberdinen aberastasunak, Araotz gune berezia bihurtzen dute, fauna eta florarekiko, eta orokorrean, naturarekiko interesa duen edozein pertsona gerturatu eta liluratzeko modukoa.

Euskal Herriko muskerren topalekua

Hiru dira musker espezieak Euskal Herrian: Musker berdea, schreiber muskerra eta gardatxoa. Musker berdea isurialde atlantiarrean, klima hezeagoa den gunean da ohikoena. Schreiber muskerra ere isurialde atlantiarrera mugatzen da, baina musker berdearen behar ezberdinak ditu eta ez da hau bezainbeste aurkitzen. Gardatxoa, gune lehor eta eguzkitsuetakoa, eremu mediterranearreko muskerra da, Araban eta Nafarroa hegoaldean ohikoagoa.

Euskal Herrian, gardatxoa eta musker berdea elkarrengandik gertu bizi diren guneak dezente dira. Musker berdea eta schreiber muskerra topatzen diren guneak ere badira batzuk. Schreiber muskerra eta gardatxoa kilometro gutxira bizi diren guneak gutxiago dira, baina hiru muskerrak bailara berean, eremu berean elkarrekin bizi diren guneen artean bakarra ezagutzen da: Araotz.

Gertaera honek, bitxikeria hutsa izatetik harago, egundoko garrantzia du narrastien bizimodua eta biologia ikertzen duten herpetologoentzat. Izan ere, hiru espezieak elkarrekin edo elkarren lehian bizi diren eremu hau laborategi natural bikaina bihurtu daiteke muskerren bizimoduak, lehiak, mikrohabitat eskaerak edota erritmoak zeintzuk diren aztertzeko. Hiru espezieak lehian bizi diren gunean, zein da bakoitzaren estrategia bertan bizirauteko? Muskerren bat gailentzen al da besteekiko? Bizilekua elkarbanatzen dute edo ondo banatuak dituzte bakoitzaren eremuak? Musker hauek bizi diren gainontzeko eremuekiko, ba al dute jokaera ezberdinik Araotzekoek?

Gardatxoa Araotzen. Aurkikuntza baten kronika

Araotzen hiru muskerrak ikusi izana ez da aspaldiko kontua. Gezurra badirudi ere, XXI. mendean oraindik ere ezezagunak zaizkigu Euskal Herriko espezie askoren banaketak: non badauden, non ez dauden. Eta narrastiez ari bagara, zer esanik ez. Araotzen duela urtebete aurkitu zen schreiber muskerra aurreneko aldiz. Gardatxoaren kasua ere adibide garbia da. Udaberri honen hasiera arte Gipuzkoan ez zen sekula gardatxorik aurkitu. Beraz, esan daiteke, Araotzen udaberri honetan aurkituriko gardatxo populazioa dela Gipuzkoan ezagutzen den bakarra.

Gardatxoa behatu zen lehen egunetik, Aranzadi Zientzia Elkarteak koordinatuta, biologo eta naturzale talde bat Araotzeko lurrak lagintzeko lanetan ari da. Anfibioak, narrastiak, odonatuak, tximeletak eta landareak jomuga hartuta, ingurua ezagutzeko asmoz irteerak eta laginketak burutu dituzte udaberrian zehar.

Hezeguneak, erreka ertzak, ipuruez osaturiko eremuak... eta hormak, kareharrizko horma zaharrak behatu dituzte, narrastiei eta zehatzago muskerrei buruzko ezagutza handitu nahian.

Araotzeko mendietan, hormak eraikitzeko harriak banaka-banaka jarri zituen pertsona hark, ordea, ez zuen sekula pentsatuko lurrak banatzeko ez ezik, horma zaharrak muskerrak elkartzeko ere balioko zuenik. Izan ere, Araotzeko kareharrizko horma zaharretan, musker-begiak hiru dira eta hiruak ezberdinak.

MUSKER BERDEA (LACERTA BILINEATA)

Araotzen ateratako argazkian, musker berde arra. Argazkia: Ander Izagirre.

Isurialde atlantiarreko musker espezie arruntena. Bizkarraldea berdea izan ohi du, puntu txiki beltzez josia askotan eta sabelaldea horia. Emeek sarri bi edo lau marra zuri izaten dituzte bizkarraren bi aldeetan. Hortik bere izen zientifikoa (bilineata). Ugal garaian arrek burualdea urdindua izan ohi dute.

SCHREIBER MUSKERRA (LACERTA SCHREIBERI)

Araotzeko harri gainean Schreiber musker arra. Argazkia: Iñaki Sanz-Azkue.

Iberiar Penintsulan soilik aurki daiteke. Galizian ugaria da eta Euskal Herrira gerturatzen den heinean, banaketa estutuz doa: Bizkaitik eta Arabatik sortaldera ere murriztuz doa, eta Gipuzkoa ekialdean ez da oso arrunta, 1980ko hamarkadako aipamen bat da testigantza bakarra, Jaizkibelen. Arrek bizkarraldea berdeagoa izan ohi dute, orban txikiekin eta ugal garaian buru osoa leporaino urdintzen zaie. Emeek bizkarreko orbanak handiagoak izan ohi dituzte eta bai buru, bai bizkarraldea arre kolorekoa izan ohi dute. Egoitz Alkorta eta Ander Izagirre dira Araotzen espezie hau aurreneko aldiz ikusi dutenak.

GARDATXOA (TIMON LEPIDUS)

Araotzen, horma zaharrean ikusi zen lehenbiziko gardatxo heldua (arra). Argazkia: Iker Novoa.

Europako muskerrik handiena. Klima mediterranearreko espeziea da, gune irekiak gustuko dituena. Bizkarraldearen alboetan dituen orban urdinak eta tamaina handia dira bere bereizgarri nagusiak. Ibai Ugarte da Araotzen eta beraz, Gipuzkoan lehendabiziko aldiz ikusi duena.

ARAOTZEKO NARRASTIAK
Zirauna (Anguis fragilis)
Sugandilak:
Horma sugandila (Podarcis muralis)
Sugandila arrea (Podarcis liolepis)
Sugandila bizierrulea (Zootoca vivipara)
Sugeak:
Iparraldeko suge leuna (Coronella austriaca)
Hegoaldeko suge leuna (Coronella girondica)
Suge gorbataduna (Natrix astreptophora)
Suge biperakara (Natrix maura)
Eskulapioren sugea (Zamenis longissimus)
Sugegorri kantauriarra (Vipera seoanei)
Muskerrak:
Gardatxoa (Timon lepidus)
Musker berdea (Lacerta bilineata)
Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Biologia
Intsektuen apokalipsia antropozenoan

Galdera da ea edozein zibilizaziok gupidarik gabeko gerra egin dezakeen bizitzaren aurka, bere burua suntsitu gabe eta zibilizatua deitzeko eskubidea galdu gabe”. 1

Sei hamarkada igaro dira Rachel Carsonek bere Silent Spring (Udaberri isila) liburu bikaina idatzi... [+]


Cristina Claver.
"Ekosistema mesopelagikoan munduko arrain-biomasarik handiena dagoela pentsatzen da"

Cristina Claver-ek (Bilbo, 1996) Biologia-ikasketak egin zituen UPV/EHUn. Italiara joan zen Erasmus egitera, eta gero, itsas baliabide biologikoen masterra egin zuen. Nazioarteko masterra zen eta Frantzian, Italian, Irlandan, Suedian eta Seychelleetan egon zen ikasten... [+]


Jon Luzuriaga
"Birsortu nahi genuen ehunaren zelula espezializatuak lortzea izan zen gure helburua"

Jon Luzuriaga Gonzalez (Oñati, 1989) Biokimikan lizentziatu zen (2012) eta ikerketa Biomedikoan egin zuen masterra gero (2013); biak UPV/EHUn. 2018. urtean Biomedikuntzan doktoratu zen eta doktoratu osteko ikertzaile bezala egon ondoren, irakasle bezala dihardu UPV/EHUko... [+]


Alicia Gascon
"Zelulen egitura eta antolaketa hobeto ulertzea lortu dugu"

Alicia Gascon Gubieda (1993, Muxika) Biokimikan graduatu zen 2015ean. Gero, Erresumara Batura jo zuen biologia zelularrean espezializatzeko 2015-2021 urteetan, eta orain, UPV/EHUn lan egiten du, immunologia, mikrobiologia eta parasitologia departamenduan.


Izokina Euskal Herrian: arrain eta ondare

Historia luzeko soka du izokinak Euskal Herrian. Istorio ugari sortu ditu, hasi Historiaurretik eta egun arte. Haren arrantzak garrantzia sozio-ekonomiko handia izan du, eta hala sortu ziren hura erregulatzeko arauak. Atzetik etorri ziren gero, ordea, arau-hausteak, herritarren... [+]


Eguneraketa berriak daude