Bidelagun bat Gernikaren zidorretan

  • Espazioaren barrea (Gernika) erakusketan eginiko bisita gidatuaren kronika. Non: Donostian, San Telmo museoan. Noiz: Urtarrilaren 27an. Erakusketa zabalik otsailaren 25era arte.


2018ko otsailaren 18an

Larunbat goiza da. Eta han noa, itsas albotik, Urgull azpira, Jose Ramon Amondarainen Espazioaren barrea (Gernika) ikustera. Hamaikak jotzear sartu naiz San Telmora, lehen aldia dudan arren, bai baitakit orduan direla euskarazko bisita gidatuak. Sarrerakoak aurkeztu dit bisita egingo didan langilea, dei dezagun, M.

“Badirudi zu bakarrik egongo zarela”, diost. Tira, sorbaldak jaso, eta atzetik noa. Ate bat igaro, eta erakusketan sartu aurretik, sarreratxoa egin dit M-k. “Jendeak uste du Picassoren Gernika-ri buruzkoa dela erakusketa, baina ez: J.R. Amondarainen erakusketa bat da. Gernika aitzakia baino ez da”.

Bidelagun bihurtu gara, hemen eta orain, M eta biok. Erakusketaren atarian gaude, eta egurrezko zortzi kaxa handi ditugu parean. 2012an, Gernikaren 75. urtemugan, Dora Maarrek artistari egin zizkion zortzi argazkiak margotu zituen Amondarainek Gernikaren tamainan, Gasteizko Artiumerako. Picassoren oinordekoek jabetza eskubideak baliatuta, lanak kentzera behartu zuten. Bada, debekatutako oihal horiek daude kaxetan, azaldu dit M-k. Eta hor, lanok erakusteko ezinean eta arte sistemaren arrakaletan, ardaztu du Espazioaren barrea (Gernika) Amondarainek.

Orain bai, erakusketa aurrez aurre daukagu. Eskuineko bidean, hiru koadro daude –zuri-beltzean, koloretan eta kamuflaje koloretan–. “Gernikaren figurak ezin dira kopiatu, estiloa bai”, azaldu du antzekotasuna M-k. Hiru margolanetan azkena tamaina bikoitzekoa da. “Zergatik?”, diot. “Bisitaria txikiago sentiarazteko Gernika den ikonoaren aurrean”, dio. Ezkerraldean, olioa lehortuz egindako eskultura txikiak daude zintzilik. “Macguffin-ak” direla dio M-k, aitzakia bat. Kiskalita dirudite, eta bonbardaketaren usain errea dakarte. “Picassoren munduko sinboloak koadrotik atera ditu: margoaren materializazioa”. Ados diot buruarekin, ukitzen dut ideia.

Jarraitzen dugu erakusketatik pasieran, eta, iruditzen zait, azkena erakutsi didanak harrapatu nauela gehien. Argazkiak dirudite, baina margolanak dira, ikusleak gurutzatu eta eztabaidan jarri beharrekoak: Reina Sofian Gernikaren kontserbazioa egiten duen Pablito ordenagailua, Artiumeko sala bat, Gernikaren graffiti bat Gernika Espainiara heldu zenekoa, soldadu estatubatuarrak IwoJima-n eta hala hamasei lan denera. “Gernikaren biografiari buruzko marrazkiak dira”, dio M-k.

Horrekin amaitutzat eman ditu azalpenak. Niretzat baino ez, eta, halere, gogo biziz aritu da. Arratsaldean beste bisita bat duela diost, espainolez, eta hor bai, talde majoa elkartu ohi dela. Horma kontrako aulki batera itzuli da M, eta ibilitako bidea desibiltzen joan naiz ni. Gomendioa esan gabe doa: otsailaren 25era arte ibili ahalko dira Gernikaren zidorrak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Erakusketa lehenago kenduko dutelako zentsura salatu du Iruñeko LKN artistak

Talde erlijioso batek eskatuta kenduko dute LKN artistaren obra Iruñeko Morea saltokitik: "Ez dut inoiz iraintzeko asmorik izan; nire begirada artistikoa eskaini nahi nuen".


Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Lurraren defentsan "Hamaika" erakusketa artistiko ibiltaria abiatuko dute Beran martxoaren 1ean

"Hamaika arrazoi lurraldea defendatzeko" izeneko erakusketa artistiko honetan, Euskal Herriko hamaika ilustratzailek parte hartu dute eta makroproiektu eolikoek kaltetutako Euskal Herriko zenbait familia eta bizilagunen hamaika testigantza ere jasotzen dira. Etxalarko... [+]


Eguneraketa berriak daude