"Datuek erakusten digute Sardiniakoak euskararen aztarnak direla"

  • Euskara eta paleosardiniera –erromatarrek irla konkistatu baino lehen Sardinian hitz egiten zen hizkuntza–, lotu ditu Juan Martin Elexpuru (Ubera, Bergara, 1950) idazle eta hizkuntzalariak Euskararen aztarnak Sardinian? (Pamiela, 2017) liburuan. Lehen-lehenik, harridura eragiten duen hipotesia, ez berria.

“Hipotesi nagusia da azken glaziazioaren ondoren, izotza erretiratu zenean, gure gune geografiko honetatik, ‘euskal babeslekua’ edo ‘franko-kantabrikoa’ esaten zaionetik, jendea hara eta hona barreiatu zela. Besteak beste, Sardiniara”. Argazkia: Zaldi Ero
“Hipotesi nagusia da azken glaziazioaren ondoren, izotza erretiratu zenean, gure gune geografiko honetatik, ‘euskal babeslekua’ edo ‘franko-kantabrikoa’ esaten zaionetik, jendea hara eta hona barreiatu zela. Besteak beste, Sardiniara”. Argazkia: Zaldi Ero.

Badakizu harrimena eragiten duela euskara eta Sardiniako hizkuntza zaharra loturik daudela aditzeak.

Jakina. Hala ere, lehenengo datuak eman behar dira han euskararen arrastoak daudela baieztatzeko. Helburu horixe gogoan, saiatu naiz liburu honetan. Ez naiz horretan saiatu den lehena, ez proposamena egiten ere lehena, baina bai agian datu gehien eman duena, toponimian eta bestetan. Ikerlana eginda, datuak mahai gainean neuzkala, hipotesiak egitea zegokidan, eta horrixe lotu nintzaion. Hipotesien artean –eta ez nirea bakarrik–, hipotesi nagusia da azken glaziazioaren ondoren, izotza erretiratu zenean, gure gune geografiko honetatik, “euskal babeslekua” edo “franko-kantabrikoa” esaten zaionetik, jendea hara eta hona barreiatu zela. Besteak beste, Sardiniara.

Noiz?

Mesolito garaian, ziurrenik. Duela zazpi-zortzi edo hamar mila urte, jendea ez baitzen behin bakarrik mugitu. Mugitu zela, berriz, segurua da. Hipotesi horren alde daude arkeologoak eta genetistak. Bada beste hipotesi bat, euskara Anatoliatik etorri zela dioena. Neolito garaian gertatuko zen etorrera. Honenbestez, lehenengo hipotesiak adierazten duena ez, baina alderantzizko bidea genuke: giza jende hura Sardiniatik igaroko zen Euskal Herrira baino lehenago. Baina indar gutxiago du bigarren hipotesi honek, nahiz eta baduen bere pisua. Eta bada beste hipotesi bat ere, zeinaren arabera euskarak eta paleosardinierak bietatik izango baitute, ekarpen paleolitikoa, babeslekukoa, eta neolitikoa, ekialdetikoa. Bien fusioa, alegia.

Liburuan irakurtzen ahal dugunez, duela 100 urte ere heldu zioten gai honi hizkuntzalariek. Vittorio Bertoldik, besteak beste.

Garai hartan modan zegoen substratu mediterraneoaren teoria. Hitz gutxitan, teoria horren arabera, egun Mediterraneo aldean hitz egiten diren hizkuntza guztiak kanpotik etorriak dira, eta ez oso aspaldi ere: hau da, Kristo jaio baino mila edo bi mila urte lehenago heldu ziren greziera eta hizkuntza italikoak –latina, tartean–, Mediterraneo aldera, espantsio indoeuroparrarekin batera. Herri indoeuropar horiek, inondik ere, bertan aurkitu zituzten kultura eta hizkuntzek erabiltzen zituzten hainbat kontzeptu bereganatu zituzten, dela kontzeptu abstraktuak, dela leku, animalia, landare eta besteren izenak; substratu mediterraneoaren teoriaren arabera, betiere. Bada esaten duenik –eskola italiarrekoak dira, batik bat–, grezieran nahiz latinean ageri diren hizkuntz elementuen %40 substratu horretakoak direla. Uste horretakoa da Bertoldi, beste hainbatekin batera.

Zertan da, orduan, gure eguneko hizkuntzalari Eduardo Blasco Ferrerren ekarria?

Bertoldi eta gainerakoen garaian, euskara eta paleosardiniera lotzeko froga, zenbait hitz baino ez ziren: gorosti / golostri; mukuru / mogoro; ospel / ospile… dozena bat hitz zituzten eta zenbait toponimo. Blasco Ferrer, aldiz, askoz urrunago heldu zen. Substratu mediterraneoaren teoria aintzat hartu gabe, euskararen eta paleosardinieraren arteko senidetasunari ematen dio garrantzia. Blasco Ferrerren iritziz, jatorrian hizkuntza bat bera ziren euskara eta paleosardiniera eta, gero, bakoitzak bere bidea hartu zuen.

2010ean ekin zenion estreinakoz buru-belarri Sardinian.

Iruña-Veleia dela eta, Luis Silgo hizkuntzalari valentziarrak Blasco Ferrerren lana aipatu zidan. Liburua argitaratzeko zorian zegoela, antza. Blascorekin harremanetan jarri nintzen. Orduan heldu nion gaiari, neure buruari galdera eginda, liburuaren izenean egiten dudan moduan: Euskararen aztarnak Sardinian?, galdera ikur eta guzti. Izan ere, aspaldiko kontuak diren kasuetan, ziurtasunak urri dira. Galdera eginda, hari erantzuten saiatu naiz, eta konklusioetara iristen. Eta, nire ustez, datuek horixe erakusten digute, euskararen aztarnak badirela Sardinian. Beste inork besterik esaten baldin badu, edo kontra egiteko aski argudio baldin badu, esan dezala.

Sardiniako mapa osatu duzu, euskararen aztarna duten toponimoak ageri direla. Asko baino gehiago dira.

Asko dira, bai. Sizilian gauza bera egiten saiatu naiz, eta ez dago ia horrelakorik. Hiruzpalau kointzidentzia, besterik ez dut aurkitu. Sardinian, aldiz, ugari dira euskal erroren bat dutenak, nik 4.000tik gora zerrendatu ditut. Bestalde, harrigarria da horien artean Aspidatzu, Urrosolo, Meskiriz, Izturiz bezalako izenak egotea. Non agertzen diren ere, esanguratsua da. Sardinian, irlaren erdi ekialdera ageri dira gehien “euskal” izenak, hau da, orografia guztiz kaotikoa den alderdian, konkistatzaileek oso nekez mendean hartu izan dutenean; Barbaria izena eman diote alde horri. Eta hortxe euskararen izen gehien. Hizkuntzan bertan ere badira ezaugarri oso bereziak, r-aren erabilera eza hitz hasieran, v-rik ez agertzea…

Ebidentziak handiak izanagatik ere, kexu zara Euskal Herriko komunitate zientifikoak ez diolako gaiari arretarik ematen.

Lehenik, onartutzat ematen dute euskarari ez zaiola seniderik aurkitu, ez hizkuntza hilen artean, ez bizien artean ere. Eta orain artean gure komunitate zientifikoko kideek ez badute aurkitu, beste inork ere nekez aurkituko duela uste dute. Esan bai, esaten da: “Ebidentziak aurkitzen badira, onartuko ditugu”. Baina gero ez da horrela. Bigarren arrazoi bat ere badago. Antzinateaz dokumentazio gutxi dugunez –erromatar garaiko hilarri eta aldareetan agertzen diren euskal izenak besterik ez, ia-ia–, berreraiketa hartzen da atzera egiteko metodo ia bakartzat. Sardiniako ebidentziak aintzat hartuz gero, berriz, –edota Iruña-Veleiakoak–,  berreraiketak pisua galduko luke, neurri batean behintzat.

Neurri batean, hala ere.

Bai, baina zenbaiti ez zaio gustatzen ezertan oker egon litekeela onartzea.  Hirugarren arrazoi bat: segurutzat ematen diren zenbait etimologia –esaterako, euskarazko hobi latinezko foveum-etik datorrela–, ezeztatuta geratuko litzateke Sardinian hitz edo erro hori usu agertzen bada hitz hasieran, erdian, amaieran… Blasco Ferrerrek azpimarratzen du hau bere liburuan.  Egia esan, ez zegoen haraino joan beharrik gurean hilobi, harrobi hitzak edo Errobi edo Urrobi ibai-izenak izanda. Edo soro-ren adibidea jar daiteke: [Euskal Hiztegi] Orotarikoaren arabera, latineko solum-etik dator. Hitz horrek euskaraz zoru emango zuen, bai, zolua, zapaltzen dugun hori, baina ez soroa edo soloa, “laborantza-lurra”. Hizkuntza erromanikoetan solum-ek ez du “laborantza-soro” esan nahi inon. Sardinian soro zein solo ugari agertzen da. Sorabile erromatar garaiko herria da Barbarian, Orgósolo egungo herri famatua. Garbi daukat Sardiniako hainbat datuk Mitxelenak eta haren jarraitzaileek ontzat eman dituzten zenbait etimologia eta teoria zalantzan jartzen dituela. Edota hitzaren amaierako -a artikulua –determinatzailea deitzea hobe–, Erdi Arokoa omen dena; hipotesia izatetik ia dogma bihurtu da gure fakultateetan. Sardinian Arana, Arria, Barria, Basaura, Ilarra, Iria, Lasa, Maia, Sarria… bezalako toponimoak ageri dira, eta honek nire ustez teoria indargabetzen du. Iruditzen zait ofizioko euskal filologoek pozik egon beharko luketela aurkikuntza berriekin; esperantza dut begi-bistan dauden datuek gogoeta eragingo diela mundu horretan mugitzen direnei, belaunaldi zaharrei ez bada berriei.

Oraingo belaunaldi zaharrak ez, berriak bai, menturaz.

“Komunitate zientifikoak” sikiera erantzungo balu, argumentuak eman, kontra-argudioak bada ere. Arrazoinatuz gero, eztabaida daiteke, baina taktika ignoratzea da, aintzat ez hartzea, ezer ez esatea. Zortzi hilabete dira liburua argitaratu zenetik, eta oraindik ez da ez kritikarik ez iruzkinik publikatu. Aurkezpena egin genuenetik, honako ARGIAko hauxe dut prentsa idatziko lehen elkarrizketa, nahiz eta hedabide askorekin saiatu naizen. Badirudi “euskal elite kulturalak” ez duela Euskal Herriko Unibertsitateak edo Euskaltzaindiak esaten dutena besterik onartzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen historia
Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


2024-01-29 | Cira Crespo
José Pablo Ulibarri: euskaldunei euskaraz

1785ean Bilboko Abandoko elizaldera joango bagina, Arabako Okondotik etorritako 9 urteko mutiko bat ikusiko genukeen. Bere izebaren etxera joana zen albaitari ofizioa ikastera. Geroago, 20 urte baino gutxiagorekin Gipuzkoara joan zen soldadu, Frantziaren aurka gerran aritzera... [+]


2024-01-26 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: Bizkarsoro

Bizkarsoro filmak jaso du ikus-entzunezkoen Argia Saria. Euskararen iragan hurbilari errepasoa egiteaz gain, jasandako zapalkuntzari eta altxatzeko grina izan zutenei aitortza egiteko modu bat da pelikula. Saria jaso dute Josu Martinez zuzendariak, Katti Pochelu ekoizleak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude