"'Espetxe' eta 'iraunkor' hitzek alarma piztu beharko liokete gizarte demokratiko bati"

  • Espetxearen abolizionista gisa definitzen du bere burua Paz Frances Lekunberri legelariak (Iruñea, 1983). Zigor sistemaren eta patriarkatuaren arteko lotura aztertu zuen 2016an, eta lehena bigarrenaren “irudi eta antzera” sortua dagoela ondorioztatu zuen. Kezkagarritzat jo du gizartean, azkenaldian, delitugileentzako espetxealdi luzeak eskatzeko dagoen joera, eta zenbait alternatiba proposatu ditu.

"AEBetan, adibidez, frogatu dute heriotza zigorrak eta biziarteko espetxe zigorrak ez dietela pertsonei delituak egiteko asmoa kentzen". (Argazkia: Josu Santesteban)

Azkenaldian asko hitz egin da espetxealdi irakunkor berrikusgarriari buruz, eta horren aldeko sinadura bilketa ere egin dute. Kezkagarria da?
Bai, oso. Zigorraren logikak gure gizartean errotuta daude, guztiz: institutu batean gazte batek arazo bat duenean, hori konpontzeko dugun baliabide bakarra zigorra da. Horregatik, norbaitek oso garrantzitsuak diren gauzei kalte egiten dienean –bizitza edo sexu osotasuna, kasurako–, asko kostatzen zaigu logika horietatik irtetea eta epe luzeko erantzun integralak topatzea. Adi egon behar dugu, fenomeno konplexuen aurrean erantzun hutsaletan ez erortzeko.

Zigor horren alde egoteko arrazoietako bat ezjakintasuna izan liteke?
Gizarteak espetxealdi irakunkor berrikusgarriaren inguruko informazio eskasa du, eta komunikabide handietan ez dute azaltzen zer esan nahi duen, iritzi politikoetatik harago. Gizarteak, alde edo aurka egin ahal izateko, informazioa behar du; eta egiazkoa, ez amarrutsua. Gure gizartearen zeinu negatibo bat da halako zerbaiten aurrean denok batera kalera irteten ez garenean. Izan ere, formakuntza politikoa duen gizarte demokratiko bati, “espetxe” eta “iraunkor” hitzek alarma piztu beharko liokete.

Zigorraren populismoari buruz hitz egin da. Ados zaude kontzeptu horrekin?
Bai. PP saiatzen da kasu zehatz batzuei berehalako erantzuna ematen; eta horri populismo deitzen zaio, eta helburu elektoralistak ditu. Baina, gainera, zerbait larriagoa egiten du: gizakien eskubideak urratzen ditu. Zintzoa al da Madrilgo Gobernuan dagoen alderdiak “La Manada” edo Diana Quer bezalako kasuen biktimen mina erabiltzea neurri baten aldeko kanpaina egiteko?

Indarkeria matxistako kasu zehatz batzuen ondorioz, gizarteak kondena gogorragoak aldarrikatzea kezkagarria dela diozu. Zergatik?
Hor biktimen erabilpena dagoelako. Gobernuak, eta zehazki PPk, erabiltzen ditu gizonezkoek sistematikoki bortxatzen dituzten emakumeak, zigor politika zehatz batzuk sortzeko; ondoren, esaten du zuzenbide penalak emakumeak babesten dituela. Haatik, antidoto horiekin, erantzukizuna soilik errudunengan jartzen dute, eta estaltzen dute haiek egiten ez dutena: indarkeria matxista bultzatzen duten botere egiturak suntsitzea. Horregatik esaten dugu arriskutsua dela feminismoek sistema penalera jotzea.

Zigorren gogortzea biktimak babesteko arrazoiarekin justifikatzen dute.
Hala diote batzuek, baina argi utzi behar dugu ez dagoela inongo erlaziorik biktima babestearen eta zigorraren artean. Hori falazia bat da. Gizartea babestu nahi badugu, ahaleginak neurri sozialetara bideratu beharko ditugu. Izan ere, zuzenbideko estatu sozial eta demokratiko batean, zuzenbide penala azkeneko ratioa izan beharko luke.

Espainiako Estatuko Zigor Kodea, neurri hori gabe ere, oso gogorra da.
Bai, neurri hori ezarri aurretik Espainian 40 urte arteko zigorrak zeuden. Delitu gutxien egiten diren Europako herrialdeetako bat da, eta kartzelan pertsona gehien dituenetakoa. Horrek esan nahi du Zigor Kodean delitu gehiago aurreikusita daudela eta espetxearen erabilera izugarria dela.

Ez dago frogatua, ordea, zigor gogorrek delinkuentzia tasa murrizten dutenik.
Hala da. Europan ez dago ikerketa askorik; baina AEBetan, adibidez, frogatu dute heriotza zigorrak eta biziarteko espetxe zigorrak ez dietela pertsonei delituak egiteko asmoa kentzen. Ikusi da delitu larriak egiten direnean, atzetik arrazoi sozialak daudela; egiturazko arazoak.

Zein beste neurri aplikatu beharko lirateke, orduan, gizartea babesteko?
Lehenik, beharrezkoak diren politika sozial guztiak ezarri behar dira: oinarrizko errenta, hezkuntzari zuzendutako laguntzak, berdintasuneko hezkuntza... Hori baita delitua saihestea, pertsona guztiei eskubide eta baliabide gehiago ematea. Horrek huts egiten badu, beste aukera batzuk bilatu beharko ditugu; adibidez, administrazio-zigorrak. Eta, azkenik, horrek guztiak funtzionatzen ez badu, zuzenbide penalera jo beharko dugu. Hemen, ordea, aurreko guztia ahazten da: PPren gobernuarekin gizartea pobretu egiten da, desberdintasunak areagotzen dira eta azkeneko ratiora goaz, zuzenean. Ordenari buelta ematen diote, eta hori herrialde faxista baten berezko jokaera da: autoritarismoa.

Indarkeria matxistaren kasuan, zein litzateke bide egokia?
Zerrenda bat egitea ezinezkoa da; baina, hasteko, prebentzioa ezinbestekoa da. Patriarkatua zalantzan jarri behar dugu, bai eta orain arte izan dugun pribilegio egitura ere. Eta, zehazki, biktima bat dagoenean, hari galdetu behar diogu zer behar duen. Inork ez dio galdetu Sanferminetan bortxatutako neskari zer behar duen. Adibidez, 2015ean, Nafarroan, Delituen Biktimen Arretarako Bulegoa sortu zuten, hainbat neurri eta baliabide eskaintzen dituena; eta nik halako urratsak txalotzen ditut.

Justizia zuzentzailea helburu

“Kriminologoa naiz eta Zuzenbide Penaleko doktore laguntzailea, NUPen. Bitartekari gisa dihardut justizia konpontzaileko zerbitzuan: biktima eta delitugileen arteko elkarguneak egiten ditugu, prozesu penaletan logika konpontzaileagoetan sinesten dugulako. Bestetik, Salhaketa taldean ere ari naiz. Presoen eskubideak defendatzen ditugu eta espetxeaz bestelako neurriak bultzatu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexu Erasoak
Epailearen aurrera eraman dute bikotekide ohia giltzaperatu eta eraso egiteagatik atxilotutako gizona

Ertzaintzak jakinarazi duenez, gizonak Gasteizko Alde Zaharreko lonja batean bahituta izan du emakumea zenbait orduz, eta hainbat alditan egin dio eraso. Gizonak urruntze agindua zuen, aurrez egindako tratu txarrak tarteko. Astelehen goizean atxilotu zuen Ertzaintzak, eta... [+]


2024-03-15 | ARGIA
Gizon bati Iruñerriko institutu batean eta saltoki batzuetan emakumeak grabatzea leporatu diote

2023ko urrian jarritako salaketa baten harira, gizonaren etxeko gailu informatiko eta elektronikoak ikertzen ari da Foruzaingoa, eta material horretan aurkitu dituzte institutu bateko emakumeen komunetan egindako grabazioak, eta hainbat saltokitako aldageletakoak. Adimen... [+]


Lau urteko kartzela zigorra ezarri diote 41 urteko gizon bati Iruñean, bikotekideari sexu erasoak egiteagatik

Zortzi urtean ezingo da bikotekide ohiarengana hurbildu eta 5.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio.


Bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon, sei adingaberi sexu erasoak egitea egotzita

Polizia-ikerketa zabalik dago eta atxilotuei konfiskatutako material informatikoa eta gailu elektronikoak aztertzen ari dira. Ertzaintzak uste du biktima gehiago egon daitezkeela. Antza, "opariak" ematen zizkieten trukean.


2024-02-13 | ARGIA
Bi gizon atxilotu dituzte Tolosan eta Ibarran, hiru sexu-eraso egitea egotzita

28 eta 37 urteko bi gizonezko atxilo hartu ditu Ertzaintzak, bata Tolosan eta bestea Ibarran. Biktimetako bi adin txikikoak dira.


Eguneraketa berriak daude