Sirian Estatu Islamikoa garaitu badute, zergatik ez da gerra amaitzen?

  • Estatu Islamikoa Alepotik 2016an kanporatu eta, batik bat, joan den urrian Al-Raqa eta inguruetan sakabanatuz geroztik, askok espero zuen Siriako gerra amaierara hurbiltzen hastea. Oso bestela gertatu da. Israel eta Iran zuzeneko talkara iritsi, Afrin eskualdeko gudua gogortu, lehenbizikoz AEBetako tropek eta Errusiako paramilitarrek elkarri eraso, Damasko hiriburuko Gutha auzoa airetik krudelki suntsitu... Siriako gatazkaren hariak inoiz baino nahasiagoak ageri dira.

Abdulmonam Eassak AFP agentziaren bidez zabaldu zuen argazki hau urtarrilaren 9an: neskato bat Siriako Gobernuaren hegazkinek jaurtitako bonbaz Goutha auzoan birrindutako eraikinen aurrien artetik ateratzen, hautsez josita, eskuetan daramala oinetakoetako
Abdulmonam Eassak AFP agentziaren bidez zabaldu zuen argazki hau urtarrilaren 9an: neskato bat Siriako Gobernuaren hegazkinek jaurtitako bonbaz Goutha auzoan birrindutako eraikinen aurrien artetik ateratzen, hautsez josita, eskuetan daramala oinetakoetako bat. Egun hartako erasoan 40 lagunek galdu zuen bizia. Amnesty Internationalek gerra krimentzat jo ditu Gouthan errusiarrek eta siriarrek herritarren kontra indiskriminatuki erabilitako “Edo alde egin edo bertan hil” taktika.

2018ko udaberri atarira iritsiagatik, ez da itxaropen kimu berririk erne Sirian. Tokitan geratu dira 2011ko udaberri arabiarren itxaropenak... Basta! magazine frantsesean Thomas Clerget kazetariak sintetizatu duenez, “sufrikariozko zazpi urteak arren, Siriako ‘gerra amaiezinari’ ez zaio berehalako irtenbiderik ikusten. (...) Gaur Siriak bizi duen bortizkerien gogortzeak erakusten du prozesu politikoa erabat estankatuta dagoela, gatazkan jokalari diren guztien militarki abantaila ateratzeko nahiak eragiten baititu bortizkeriok”.

Ekialde Hurbilean zerbait agindu nahi duten potentzia guztiek esku hartzen dutenez Sirian, nor bere posizio militarra sendotzeko lehia odoltsuan ari dira noizbait iritsi beharko omen duen irtenbiderako prest egoteko. Partida gogorretan egin ohi denez, edozein jokaldi ausartetan arriskatzeko gauza dela erakutsi nahi du bakoitzak.

Hala egin du Israelek –Clergeten analisia laburbilduko dugu hemen– otsailaren 10ean Sirian egindako eraso eta zuzenean Irango armadaren guneak atakatu dituenean. Israelek bat egiten du AEBek eskualde horretan –Golkoko monarkiekin elkarlanean– etsai nagusitzat Iran jotzean. Nola edo hala ahuldu beharra dago Teherandik hasita Iraken barrena Libanon Mediterraneoraino zabaltzen omen den arku xiitari.

Iranek hil ala biziko garrantzia eduki du Baxar Al-Assaden gobernuaren biziraupenean, nahiz eta Errusiak baino era diskretoagoan lagundu dion. Sostengu ekonomikoaz gain Iraultzaren Zaindariak bidali dizkio eta lekuko milizia xiitei babesa eman. “Errusia egin bada Siriako zeruetako [hegazkinengatik] nagusi 2015az geroztik, lurraldearen batasunari Siriako armadarekin batera eusten diotenak Iranen aldeko miliziak dira”, dio Clergetek.

Otsailaren 7an beste argi gorri bat piztu zen gatazkaren eskaladan. AEBetako hegazkinek eraso eta hil zituzten 200-300 mertzenario errusiar, Deir-Ezzor eskualdean Siriako armadarentzako lanean ari zirenak. Moskuk Sirian zeuzkan tropak atera dituen arren, 1.500-2.000 mertzenario errusiar ari dira borrokan Wagner konpainiak eramanik, ofizialki Vladimir Putinen gobernuaren ezjakinean.

Afrin eskualdekoa da beste gudu nagusi bat, gatazka zein korapilatsua den erakusten duena, hortik Turkiak YPGko kurduak ateratzeko antolatu duen Olibondo adarra operazioarekin. Turkiari bidea eragotziz Errusiak miliziano kurduei babesa eman izan die Afrinen. Gauza bitxia, jakina denean kurduak gainerako eremuetan AEBekin ari direla elkarlanean, yankiek ere ahazturik YPGkoak mugimendu ezkertiarra direla. Baina gerra guztietako “gure etsaien etsaiak geure lagun izan daitezke” leloa,   inon izatekotan Sirian ageri da.

Kontua da kurduak iritsi direla de facto Siriaren heren bat kontrolatzera. Estatu berri bat non eta Siria eta Turkia artean? Aldaketa handiegia Turkiaz gain beste gehiagorentzako.

Errusiak Afrindik erretiratuz kurduei ultimatuma eman die, hala azaldu du Piotr Apokov analistak: “Turkiaren mehatxuak denborarekin kurduak behartuko ditu beren lekua bilatzera Siriaren barruan. Bortxatuak izango dira horretara, bai Damasko eta Moskuk daukatelako ahalmena bermeak emateko turkiarrei, eta baita beren independentziak ez lituzkeelako babestuko Turkiaren operazio antiterroristetatik”.

Baina errusiarren plana ondo aterako balitz kurduek amore emanez, Damaskon Baxar Al-Assad geratuko litzateke kurduen laguntzat turkiarren aurrean. Auskalo horrek kurduen eta AEBen arteko harremana nola utziko lukeen...

XXI. mendeko gerra Gouthan ikusi

Goutha Ekialdean jokatzen da beste gudu erabakigarria. Damaskoren auzoa den Goutha Ekialdea 2011n Baxar Al-Assaden kontrako mobilizazioetan nabarmendu zen. Orduan zeuzkan milioi eta erdi biztanleak urritzen joan dira, batik bat 2013ko maiatzean gobernuaren tropek Irango milizien eta Hezbolaren laguntzarekin erabat inguratu eta setiatu zutenetik.

Bere karriketan lehen orduko milizia iraultzaileetatik hasita klase askotako miliziak pasatzen ikusi dituzten Gouthako biztanleek, astez aste ikasi behar izan dute bizirauten hornidura oinarrizkoenak barik, janaria eta iturriko ura barne. Gaur UNICEFen kalkuluetan 400.000 pertsona geratzen dira Goutha ekialdean, horien erdiak haur eta gaztetxoak.

Alepo, Al-Raqqa, Deir-Ezzor edo Afrinen islatzen badira bere konplexutasun nahasian Siriako gerraren osagai geopolitikoak –AEB, Israel, Errusia, Iran, Turkia, Saudi Arabia...– Goutha Ekialdeko populazioaren martirioak erakusten du gatazka honek gerra zibiletik, edo nahi bada gobernu autoritario baten erreakzio basatitik, daukana.

2013tik setioaz gain hainbeste bonbaketa eta eraso jasandako Goutha joan den azarotik egunero ari dira bonbardatzen Siriaren eta Errusiaren hegazkinak. Zanpaketa are larri eta sistematikoagoa da abendutik, artilleriak ere lagunduta. Azokak, ospitaleak, okindegi bakanen edo elikagaien banaketaren aurrean zain dauden jendetzak, etxebizitza blokeak... Erasoaren lehenbiziko astean 500 pertsona hil zituzten, geroztik eten gabe ugaritu dira hildakoak. Otsailaren 24an Nazio Batuen Erakundean adostutako hilabeterako su-etenak ez zuen biharamunera arte iraun, geroztik Errusiatik Vladimir Putinek iragarritako eguneroko 5 orduko barealdiak ez du arrakasta handiagoa izan.

Amnesty Internationalek salatu du Al-Assadek eta errusiarrek Gouthan darabilten estrategia dela “Edo alde egin, edo bertan hil” [We leave or we die]: herritarrei leher egin arazi haien artean babestutako oposizio armatua menderatzeko, gero negoziatzeko bizirik geratutako zibil eta gudarien ihesa. “Siria, ‘errenditu ala hil’ estrategia” agirian gordin deskribatzen da bai talde matxinoek baina nagusiki Damaskoko gobernuak nola erabiltzen duten estrategia hau.

Egia da munduko potentzia handien –funtsean AEB eta Errusiaren– gehi Israel, Turkia, Iran eta Golkoko estatuak bezalako potentzia txikiagoen arteko talka geopolitikoak dena zipriztintzen duela Siriako gerran, handik iristen diren informazioak kutsatzeraino. Baina aski da Gouthari airetik dronez Anadoluk ateratako bideo laburra ikustea –interneten dago, bi minutu dirau– jabetzeko zer den krimen hura.

Siriako populazioren zazpi urteotako sufrikarioa ikaragarria da. 2011 urteaz geroztiko 500.000 heriotza kalkulatzen dira, horietatik %30 edo %40 zibilak, eta bi milioi zauritu gehiago ere bai. (...) 22 milioi biztanleetatik 5,4 milioik ihes egin behar izan dute, 6,1 milioi gehiago herrialde barruan daude etxetik urrunduak. NBEaren arabera 13 milioik nozitzen dute laguntza mediku larria.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Siriako gerra
2022-11-08 | Aitor Aspuru Saez
Abdulkarim Omar
"Herri kurduaren aurka erabili ditu Turkiak, NATOra batzeko Suediak eta Finlandiak egindako eskaerak"

Abdulkarim Omar kurduak farmazia bat zuen Qamishlo-n, bere herriaren iraultza hasi zenean Sirian, 2012an. Orduan negozioa utzi eta lan politikoan sartu zen buru-belarri. Urriaren amaieran Euskal Herria bisitatu zuen, Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko ordezkari... [+]


AEBk Siriako base irandar batzuk bonbardatu ditu

Estatubatuar presidente Joe Bidenek eman du agindua Deir ez-Zor-eko bunker gunea bonbardatzeko. Munizioa biltegiratzeko eta laguntza logistikoa emateko erabiltzen diren bunkerrak direla adierazi du AEBtako armadak komunikatu batean.


2021-09-21 | Axier Lopez
Irailaren 11ko legatua: Yes we drone

2001eko urrian, irailaren 11n World Trade Centerren aurkako erasoak gertatu eta hilabetera, Amerikako Estatu Batuetako Aire Armadako pilotu batek historia egin zuen: drone moderno batekin (The Predator) eraso hilgarria egin zuen lehen pertsona izan zen. Ordutik, droneak XXI... [+]


2021-02-07 | Aitor Aspuru Saez
Siriako kurduen erronka zaila
Zer egin ISISeko milaka kide ohiekin?

Duela ia bi urte amaitu zen Daesheko Kalifatoa, baina erakunde horretan ibilitako milaka lagunek Siriako ekialde eta iparraldean jarraitzen dute. Kurduek gidatutako proiektu politikoak arazo larria du beste inork jaso nahi ez dituen pertsona hauek kudeatzen.


2020-07-22 | Mikel Eizagirre
Assaden Baaz alderdiak eta haren aliatuek irabazi dituzte Siriako parlamentuko hauteskundeak

255 eserlekutatik 177 eskuratu ditu al-Assaden “Batasun Nazionala” izeneko hautagaitzak.


Eguneraketa berriak daude