"Imaginario kolektibo andaluzetik oso bestelako kooperatibagintza sortzen ari gara"

  • Andaluziako Morón de la Fronteran jaio eta hazia, lurralde ekonomian doktoratua da Oscar García Jurado. Sevillako Pablo de Olavide Unibertsitatean hainbat urtez aritu ondoren, bulego akademikoetatik kalera aldatzea erabaki zuen Autonomía Sur kooperatibarekin. Egun mugimendu sozialei eta SAT sindikatua edo Marinaleda kooperatiba bezalako proiektuei aholkularitza eskaintzen diete. Ezaguna da ekonomia eraldatzaileko euskal eragileen artean, eta ekintzailetasun soziala sustatzeko KoopFabrika programak gonbidatuta izan da gurean.

Oscar García Jurado: “Badago kazetaritza bat goian ‘ekonomia’ jartzen duena, baina ez duena kontatzen jendeak zer jaten duen lurralde honetan. Euskal Herrian jakin behar duzue zer dagoen Estepako mantekadoaren atzean” (Arg.: Urko Apaolaza)
Oscar García Jurado: “Badago kazetaritza bat goian ‘ekonomia’ jartzen duena, baina ez duena kontatzen jendeak zer jaten duen lurralde honetan. Euskal Herrian jakin behar duzue zer dagoen Estepako mantekadoaren atzean” (Arg.: Urko Apaolaza)

Ekonomia sozial eraldatzailea bultzada handia izaten ari da Euskal Herrian, Katalunian… nola dago egoera Andaluzian?

Andaluzian kooperatibagintzaz hitz egitean, nekazaritza lurjabe handien kooperatibez ari gara. Santuen izenak dituzten produktuak ikusten dituzuenean, normalean erregimen frankistako sektore sozialenek sortuak dira 50eko hamarkada amaieran, prezioak defenditzeko. Baina 2008an Coop57 sortu genuen eta hortik aurrera beste kooperatibagintza ernetzen ari da. Autonomía Sur-etik diskurtso bat sortzen ari gara kooperatiben inguruan, imajinario kolektibo andaluzean oso bestelakoa dena.

Huelvan edo Almerian ikusten ditugun azalera handiko baratzeak zer dira?

Gauza bera. Prezioak defenditzeko batu diren negutegien jabeak dira, baina ez dituzte lana, kontsumoa edo produkzio baliabideak kooperatibizatzen. Prezioak defenditzeko batzen dira, Europako merkatuetan marrubiak eta garaiz kanpoko barazkiak saltzen dituzten banaketa kate handien aurrean.

Marrubiak aipatu dituzu… Marokoko emakumeek biltzen dituzte, 13 urtetik beherako umeen amak, itzuliko direla bermatzeko.

Eta Bulgaria eta Errumaniako emakumeak ere jatorrian kontratatzen dituzte –CCOO eta UGT bitartekari direla, dena esan beharra dago–, aterki “legal” batekin muturreko esplotazio egoeran ekartzeko. Ekologikoki jasanezina da, bai akuiferoak deuseztatzen ari direlako, baita erabilitako ultra-teknologia holandarrarekin zorpetuta daudelako ere. Manuel Delgado Cabeza ekonomialariak dio “produkzio plataformak” direla, ez nekazaritza: input kostu ikaragarria duten hondartzak dira.
Andaluziako administrazio publikoak “alderdi-kooperatibagintza enpresariala” sustatzen duela salatu duzue.
Andaluziako Juntak diru-laguntza handiak lortzen dizkie nekazal kooperatibei, baina ez dakit zeinek kontrolatzen duen zein. Azken batean, olio kooperatibak DCoop taldearenak dira, eta kapital italiarrari edo iparramerikarrari loturiko agente globalen esku daude. Guztiz sinbiotikoa da.

Eztabaida dago horren inguruan. Diru-laguntza gutxiago jasota buruaskiagoak izango gara? Eremu publikoa ez al da herritarrok irabazi dugun eskubidea?

Neoliberalismoak zabaldu duen ideia da Estatuak ez duela ekonomian esku hartu behar. Eta hain zuzen, hori defendatzen dutenek jasotzen dute baliabide publiko gehien: I+G jada ez da existitzen enpresa handian, gezurra da, administrazio publikoak egiten du eta gero lizentziak pribatizatzen dira. Noski jo behar dugula laguntza horiek lortzera, jakina baliabide publiko horiek erreskatatu behar ditugula pribatuaren atzaparretatik. Arriskua zein da? Menpekotasuna. Baina horregatik ez diogu uko egin behar, ez da txuri ala beltz, jo dezakegu diputaziora, udaletxera eta beste iturrietara gure proiektuaren finantza-autonomia arriskuan ez jartzeko.   

“Ez dago Andaluzian Coop57 bezain ongi funtzionatzen duen erremintarik ekonomia eraldatzeko; izaera asanblearioa mantendu du, eta efizientziaz”

Kendu behar dugu burutik enpresa kapitalistak buruaskiak diren ideia?

Inor ez da buruaskia. Goi teknologiako kooperatiba lehiakor horrek nondik edaten du bada? Unibertsitatetik. Subentzionaturik daude, oinarrizko zientzian egiten den esfortzuaren bidez. Gertatzen dena da, nagusitu den kontakizunak itzalean uzten dituela laguntza horiek, eta aldiz, menpeko klaseek jasotzen dituztenak nabarmentzen ditu. Denbora asko aritu dira esaten Marinaleda proiektu subentzionatua dela.  

Marinaleda nola dago orain?

Oso momentu esperantzagarrian. Krisiak lehertu zuenean sufritu zuen, baina kooperatibistek pauso bat aurrera egin zuten eta orain egiatan ari dira autogestionatzen; Manuel Sánchez Gordillok erreferentzia izaten segitzen du. Marinaleda ez da kontziente kanpora begira duen esanahiaz: finantza arazo larria izan zuenean, Coop57-k hilabete bakarrean 600.000 euro bildu zituen, eurek ez zuten sinesten hori lortuko genuenik, txuleatzen ari ginela uste zuten.
    Zulo horretatik atera da funtsezko bi gauzarengatik: batetik, olibadia oso ondo lantzen dutelako eta kapitalismoak esaten duelako olioa orain garestia dela; eta bestetik, kooperatibistek kontrolatzen dutelako ekoizpena. Egun ez du kasik zorrik.

Hurrengo pausoa zein da? Marinaledako jarduera ekonomikoak koherente izan behar du banaketa alternatiboarekin, ekologiarekin, finantza etikoekin...

Euskal Herrian Koop57 duela urte gutxi sortu da, Andaluzian aldiz esperientzia gehiago duzue finantza etiko eta solidarioekin.
Bere laguntzarik gabe ekonomia sozialeko erakunde asko hilda leudeke. Ez dago Andaluzian Coop57 bezalako erreminta praktiko, baliagarri eta hain ongi funtzionatzen duenik ekonomia eraldatzeko. Eta baldin badago esan diezadatela zein den. Finantzen mundu konplexuan, dirua baino gauza kapitalistagorik ez baitago, gai izan da izaera asanblearioa mantendu eta mugimendu sozial izaten segitzeko. Eta efizientziaz: 30 milioi euro baino gehiago kudeatzen dute hamar langileren artean.

Eta nola egiten da hori?

Kudeaketa sozial eta demokratikoari uko ez egiten. Hainbeste milioi esku artean, normalena litzateke banku konbentzionalek nola egiten duten begiratzea… Baina haien antza hartuz hobeto joango zaigula uste badugu, oker gaude. Are gehiago esango nuke, lan taldean aritzeko gure gaitasunaren aurrean, enpresa kapitalista askotan “kalitatea” eta “kolaborazioa” hitzak erabiltzen hasi dira; taylorismoa amaitu eta toyotismoa hasi zen unetik, gutxi batzuen esku dauden kooperatiba kapital-pilatzaileak izan nahi dute. Ez gaitezen haiengana joan, haiek gurengana datozenean.

Autonomía Sur-en sindikatu eta kooperatibei aholkua ematen diezue, tartean kooperatiba turistiko bati ere bai. Nola da hori?

Euskaldunei hainbeste gustatzen zaizuen Conil de la Fronteran 50 ostatu txiki bigarren mailako kooperatiba batean antolatu dira. Campito ostatuaren inguruan bildutako jende batek esan zuen ez zuela jarraitu nahi Booking-i dirua ematen, ekonomia kolaboratiboarena amarrua delako…

… Euskal Herrian ere pisu turistikoekin eta horrelako atariekin kezka handia dago.

“Plataforma kapitalismoa” dira azken batean. Conileko ostatu hauek Booking-i ordaindu beharrean euren erreserba zentrala sortu zuten Conil Hospeda kooperatibaren bidez, hala interneten kokatu dira. Hurrengo pausoa izango da kontsumo turistiko alternatiboa sortzea: esplotaturiko Kelly-rik gabe, aberastasuna banatuz, tokian bertan erosketa kolektiboak eginez… Erronka zein da? Kooperatiba bat muntatzea erraza da, baina kooperatibistak sortzea oso zaila. Pertsona horiek elkartzen badira soilik etekinak handitzeko, ez dira inora joango. Baina suntsituriko kostalde andaluzaren kanonetatik salbatu den Conil bezalako herri ikusgarri batean, lurraldean txertaturiko garapen turistiko eredu berria sortzen badute, hori beste kontu bat da.   

Oscar García “lanaren burujabetzaz” aritu zen Arantzazun martxoan, KoopFabrikaren eskutik. “Aurpegia behar da hemen horretaz hitz egiteko: burujabetza ekonomikorik gabeko lurraldetik nator. Baina ez daukagunaz pentsatzetik hitz egingo dut, bestela ez ginateke gauden tokitik mugituko”. (Arg.: Urko Apaolaza)

Esku artean duzuen beste proiektu bat Portal de Andalucía da. Beharra ikusten zenuten ekonomiako albisteak beste modu batean azalduko dituen interneteko ataria sortzeko?

Aholkularitza lanaz gain ikerketa ere egiten dugu eta harremana dugu gure ideiekin bat egiten duten unibertsitateko jende batekin; haiei artikulu-idazle moduan espazio bat eskaini diegu atari honen bidez. Aktualitateari ere beste norabide bat eman nahi diogu –zer ari da gertatzen Andaluziako Parlamentuan?–, eta gure inguruan dabiltzan sindikatu eta erakundeak ikusgarriago egin. Ez zen halakorik existitzen, eta oso gaizki eginda ere, zerbait bada behintzat. Guk halakoak bultzatzen ditugu eta gero paretik kentzen gara... Badugu antzeko esperientzia banatzaile alternatibo batekin.

Banatzailea?

Interneteko erosketa plataforma bat da, Andaluziako Coop57ri loturiko produktuak edo Marinaledako zigilua daramatenak eskaintzen ditu. Ekonomia eraldatzailearen bermea dute: pasta ekologikoa, artisau garagardoa… Orain gutxi elkartu ditugu SAT sindikatuaren interneteko denda, Marinaledakoa eta Lamedina.coop. Nolabait, sartzen dena zentralizatu nahi dugu, baina irteten dena deszentralizatu, SAT, CGT eta eragile sozialen tokiko egoitzetan edo gune okupatuetan ere produktu horiek egon daitezen. Kontsumo militante horrekin enplegua sortzea da ideia. Guk hori bultzatu dugu, baina ahal dugun neurrian bere kabuz segi dezala nahi dugu. Portal de Andalucíarekin ere gauza bera da, bihar kazetariak-edo hurbiltzen bazaizkigu…

Atarian ez dago jenderik esklusiban lanean?

Ez, agian jarraitu nahi dugulako ekonomia gaiak beste modu batean lantzen. Badago kazetaritza bat goian “ekonomia” jartzen duena, baina ez duena kontatzen jendeak zer jaten duen lurralde horretan. Euskal Herrian jakin behar duzue zer dagoen Estepako mantekadoen edo Jabugoko urdaiazpikoaren atzean, nolakoa den ahora eramaten dugun mahairako oliben balio-katea, zer gertatzen den ontziolekin… Hori prentsa ekonomikoan ez da agertzen.
    Badaude hainbat Andaluzia: Sevilla edo Granada bezalako hirietakoa eta ikusezina den landa gunekoa. Hor ez daude jornaleroak soilik, agroelikadura industrian eta ehungintzan prekarietatea besterik ez diren azpikontratazio-kateak daude. Parisen Loewe markako poltsa bat 200 euro ordaindu dezakezu, baina poltsa hori Ubriqueko soto batean dagoen emakumeak egin du 3 euroren truke.

Azpikontratazioa, besteak beste, eraikuntzan gailendu da Euskal Herrian. Eta Andaluzian?

Astakeriak egin izan dira. 2005ean Morón de la Fronteran Sevilla II kartzela eraiki zen. Mugimendu sozialak antimilitaristak ginen, basea hor dagoelako, baina inoiz ez genuen kartzela zalantzan jarri; boterearen manipulazioa ikaragarria izan zen enplegua hitzemanez eta azpikontratak etortzen hasi ziren… Baina “sufrimenduaren industriatik” herrian azkenean ez zen ezer geratu eta hamabost urte geroago jarraitzen dugu fokua hor jarri gabe. Espetxeak eraikitzen dira –Andaluzian hamar daudela uste dut– baina pertsona batek zainak mozten baditu bere ziegan ez dago albisterik prentsan, ez onik eta ez txarrik, eta pertsona batek zainak moztu ditu Puerto de Santa Marían.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia eraldatzailea
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-03-03 | Garazi Zabaleta
Azokoop
Pirinioetako Artzibarren lan eta bizi: hurbileko kontsumorako denda eta proiektua

Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]


2023-11-08 | ARGIA
Aztarna ekologikoa murrizteko neurriak hartzen hasi da ARGIA liburuen eta aldizkariaren ekoizpenean

Kataluniako Ekoedizioaren Institutuko bazkide egin da ARGIA, Europako bakarra, eta Euskal Herrian halako urratsa eman duen lehen eragilea da. Zigilu baten bidez, bere argitalpenen aztarna ekologikoa neurtu eta garbi adieraziko du hemendik aurrera. Dagoeneko sei liburu ekoeditatu... [+]


Marinaledako lur komunalak espekulatzaile pribatuen eskuetan gera daitezkeela ohartarazi dute

Andaluziako Marinaleda herrian dagoen Los Humosos lursaila saldu nahi du Andaluziako Juntak. Duela hamarkada batzuk lur horiek okupatu zituztenetik kooperatiba baten bidez landu dituzte hango jornalariek, baina 2021an desalojatzeko agindua jaso zuten eta horri jarritako... [+]


Udalgintza eta herrigintza eraldatzailea: Euskal Herriko ekimen burujabeak saretzeko jardunaldiak Hernanin

Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19tik 21era, burujabetzen gaia ardatz hartuta, herrigintza eta udalgintza ikuspegi eraldatzaile batetik jorratzeko. Hainbat esperientziren inguruko hitzaldiak... [+]


Eguneraketa berriak daude