"Txirrindularitzaren bizi tipoa gustatzen zait"

  • Ziklismo munduan ari da laguntzaile lanean (soigneur). Mediku izan gabe ere, sendalari da, sasimediku, entrenatzaile, zaintzaile… Fisioterapia eta Kirol Zientziak ikasitakoa, goi mailako txirrindulariez arduratzen da, talde profesionaletan.


2018ko uztailaren 08an
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Ainara Epelde Bikendi (Azpeitia, 1991)

Fisioterapia eta Soin Hezkuntza eta Kirol Zientziak ikasketak egina. Kirolaria. Herri krosak egiten hasi zen, eta ez zen herrena. Saskibaloian jokatu zuen, eta Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioekin jokatu zuen, eta irabazita dago Espainiako txapelketak ere. Espainiako Bi Ligan eta Espainiako maila nazionalean ere jokatuta dago Madrilgo CREF Alameda de Osuna taldean bi urtez. Txirrindularitzan dabil, soigneur lanean, bateko eta besteko taldean: Trek, Murias, Aqua Blue, Espainiako Emakumeen selekzioan… Gustuko lanean.

Saskibaloi jokalaria izana, Fisioterapia eta Soin Hezkuntza eta Kirol Zientziak ikasia, 2014an sartu zinen txirrindularitza profesionalaren munduan.

Bai. Artean, ahizpa [Mireia Epelde] txirrindulari ari zen, eta Espainiako selekzioan masajista egokitu zitzaiona, Josue Aran, Trek taldeko masajista zen aldi berean. Mireiak Josueri esan zion ea egunen batean eramango ninduen lasterketaren batera, eta horrela hasi nintzen. Betitik ezagutzen dut txirrindularitza mundua, ahizpari segika ibiltzen nintzen-eta, taldeko zuzendarien autoan sartuta, askotan. Ikasketetako azken urtean, berriz, lau hilabeteko praktikaldia egin behar, eta Trek taldean egin nuen. Kirolari baten segimendua egitea zen helburua, eta Haimar Zubeldiarena egin nuen. Eskumuturretik operatu berria zen Haimar, eta nire lana izan zen ziklisten entrenamenduak ikustea ez ezik, Haimarren jarraipen zehatza egitea. Bestalde, egunero bizpahiru ziklistari masajeak eman behar izaten nizkien; tartean, Haimarri, haren eskumuturreko lesioa nola sendatzen ari zen aztertuz. Primeran egon nintzen. Entrenamendu garaia zen, giroa lasaia zen, ez zen lasterketa bateko egoera larria.

Zer moduz Haimar Zubeldiarekin?

Oso ondo, oso mutil sanoa da… Markel Irizarrekin ere izan nintzen. Hau ere oso jatorra. Oso diferenteak dira, baina primeran osatzen dute elkar.

Euskaraz aritzen zineten?

Akabo, bada!

Murias taldean lan egin zenuen gero, bi urtez.

Bai, iaz arte. Kontaktu kontua da. Curriculuma, esaten dute, baina askok ez diote curriculumari begiratzen. Nonbaiten ondo lan egin baduzu, nahikoa da baten batek behar den lekuan esatea: “Treken lau hilabetean egon da praktikak egiten, balio du”. Horrelaxe izan zen Muriasen kasuan. Jakin zuten Trekekin praktikak egin nituela, ikasketak bukatu berria nintzela, euskalduna, fisioterapeuta… eta kasu egin zidaten. Nik txirrindularitza munduan egin nahi nuen lan, aukera etorri zitzaidan, eta halaxe.

Txirrindularitza zalea zaitugu?

Txirrindularitza giroa gustatzen zait. Kirola biltzen duen zera hori. Telebistan ikustea gustatzen zait, bai, baina telebistan ikustekotan, nahiago ditut beste kirol batzuk. Txirrindularitzaren bizi tipoa gustatzen zait. Surfak ere badu bizi tipo hori. Hemendik hara eta handik hona bizi, nomada… Orain momentuan gustatu egiten zait bizimodu hori. Ziklismo munduan ikusten ditut batzuk lanean, gurasoak dira, edo familia dute, 40 urtetik gora dituzte. Horretan ez, nik ez dut ikusten nire burua 40 urterekin ziklismoan lanean. Egur handia iruditzen zait, egun asko kanpoan, eta kanpoko egunetan lan asko egiten da, ekipoaren mende bizi zara eguneko 24 orduetan, beraiekin batera egiten duzu lo, besterentzako bizi zara eguneko 24 orduetan. Beharbada, astean behin, edo bitan, korrika egiteko tartea izango duzu. Bizimodu gogorra da, baina gustatzen zaidan bizia. Bizi berezi bat da.

Argazkia Ainara Epeldek utzia da.

Ez zara, hala ere, talde jakin bateko langile, zeure buruaren jabe baizik.

Bi eratara egin ohi da lan: talde jakin batekin urteko kontratua sinatuta, edota, bestela, egunka. Kontratupean lan eginez gero, hileroko soldata finkoa duzu, oporrak ere ordainduta, lanegun kopuru zehatz bat. Bizimodu orekatu xamarra da, nahi izanez gero. Hala ere, gaur egun kontratua lortzea oso zaila da, taldeek nahiago dute-eta egunka hartzea gu bezalako langileak. Merkeago zaie, jakina. Egunka ordaintzen dute, eta gero, norberak konpondu behar du ogasunarekin. Ni hasiberria naiz, eta egunka ari naiz. Jakina, gustura lan egingo nuke kontratupean, baina, bitartean, talde batek hots egin eta esaten dizunean: “Halako lasterketara etortzerik ba al daukazu?”. “Bada, bai!”. Baliteke talde batek baino gehiagok hots egitea aldi berean-edo, baina kontua da, ahal dela, beti talde berarekin lan egitea.

Aqua Blue Sport taldearekin ari zara orain. Zer lasterketa egin dituzu aurten?

Aqua Bluerekin ari naiz, baina urtea Caja Ruralekin hasi nuen: Mallorcako Itzulia, Bessègeseko Izarra eta Omaneko Itzulia egin nituen. Harrezkero hasi nintzen Aqua Bluerekin, eta zenbait klasiko egin nituen Belgikan, Kroazian, Yorkshiren (Ingalaterra), Norvegiako Itzulia, eta ondoren hiru asteko pausaldia eduki dut. Orain, berriz, zain dut tour pribatu bat. AEBetan eta beste zenbait herrialdetan, afizionatuek, edo masterrek, ohitura dute talde txiki bat osatu eta itzuli moduko bat egitea. Lagunduko dien talde teknikoa behar izaten dute, eta tartean, fisioterapeuta. Hori eginda, denboraldiko bigarren partea etorriko zait, baina horretaz ezer ere ez dakit oraindik. Urtean 150en bat lanegun egiten ditugu, eta dagoeneko egun asko egin ditut, edo dezente.

Ziklista lasterketak ikusten ditu zaleak, kanpotik. Barrutik, zer ikusten duzu zuk?

Zer zirku dagoen txirrindularitzaren atzean! Horixe ikusten dut: nola dagoen antolatua, zein bizimodu nomada dugun, zenbat gauza behar diren txirrindulari batek etapa bizikleta gainean egin dezan, zenbat material behar den, zein jateko, zein ordutegi diren… Esaterako, bost orduko karrera egin ahal izateko, hemezortzi lanordu egin behar izaten ditugu guk. Beste lan askotan bezala, ziklisten karreraren atzean dagoena ez da ikusten, ez dago agerian.

Hemezortzi ordu esan duzu, eta ez dakit esate aldera esan duzun, beroarena kenduta ulertu behar dugun…

Goizeko zazpiak aldera jaiki, eta ohera gaueko hamar eta erdietan edo hamaiketan joan. Horixe gure ordutegia. Ez gara ari denbora guztian lanean, baina zer edo zertan ari gara denbora guztian.

Ainara Epelde fisioterapeuta da, baina ez da egiten duen lan bakarra,
makina bat aldiz egon da anoa puntuetan txirrindulariei janaria eta edaria ematen. Argazkia Ainara Epeldek utzia da.

Zein duzu egun bateko lana?

Bi eratako lana egin dezakegu: hotelekoa, edo karrerakoa. Hoteleko lana egiten duenak, goizeko zazpietan jaiki, gosaldu eta ziklistek karrerarako behar duten materiala prestatzen du: bidoiak edariz eta elikagaiez bete, hozkailuak osatu –eguraldiaren arabera, gatz eta ur kantitateak aldatu egiten dira–, ziklistentzako gosaria gertatu, lantalde teknikoaren bazkaria, autoak barrutik garbitu –mekanikariek garbitzen dituzte kanpotik–, traste eta maleta guztiak jaso, kamioia edo dena delako ibilgailua prestatu eta martxa, karrera hasi baino ordu erdi bat lehenago, egun horretako helmugari dagokion hotelera, 200-300 kilometrora, gehienetan. Hotelera heldu, eta sarrera guztia egitea dagokigu. Gero, hurrengo eguneko elikagai zenbait prestatu behar izaten dira; arroz-pastela, adibidez, bezperan egin behar izaten da-eta. Ziklisten janari-gela ere antolatu behar izaten da, masaje-gela… Ziklistak etortzen direnerako prest egon behar dute gauza guztiek. Eta hurrengo eguneko ordutegia zein izango den ere jakin behar izaten du.

Zerrenda luzea da. Ez da lana bukatzen?

… Baita kamioia garbitu ere. Eta garbigailua jarri… Horixe egiten du hotelaz arduratzen den pertsonak. Lan asko dira, xehetasun asko, lan zaila ez bada ere. Nik, hala ere, hoteleko lan hori egin beharrean, bestea egiten dut, karrerakoa. Orduan, lasterketarekin batera auto ilaran joatea da nire lana: ziklistak irten baino ordu erdi lehenago irtengo naiz autoan. Anoa-gunera joango naiz, eta ziklistei ura emateko gunera, eta, gero, handik helmugara. Bostak jota iritsi ohi gara helmugara, eta handik hotelera egiten dugu. Ziklistek eguna bukatu dutenean mekanikariek bizikletak garbitzen eta aztertzen dituzte, eta gu –hiru bat pertsona, gutxienez, talde bakoitzean–, ziklista guztiei masajea ematen hasten gara. Hori egin eta gero, dutxatu eta afaltzera. Gertatu izan zaigu, Yorkshiren, adibidez, hotelean azkeneko afari txanda bederatzietan izatea, eta guk masajea ematen hamarretan bukatzea. Plater hotz bat jartzen ziguten, eta halaxe afaltzen genuen. Normalean, hala ere, garaiz afaltzera iristen gara. Berandu xamar bada ere.

Zenbat gauza!

Ez da lan zaila, gauza txiki asko dira, xehetasunak zaindu behar izaten ditugu… Horrelaxe joaten dira gure egunak. Antzekoak dira beti. Tira, taldeak etapa ona egin badu, edo karrera irabazi badu, masajeko edo afaltzeko giroa ezberdina da, ziklistak daukan umorea aldatu egiten da. Fisioterapeuta naiz, baina bi-hiru ordutan egiten dut fisio lana. Gainerakoan, psikologo izan naiteke, edo ama, edo sukaldari eta garbitzaile… Rol denak egiten ditugu soigneur garenok. Talde handi batean, hamar bat lagun izan gaitezke soigneur lanean, batzuk fisio gara, beste batzuk kirol masajistak…

Zenbat emakume ari zarete ziklismo munduan lanean?

Oso gutxi ere. Oraingo Acqua Bluen, adibidez, emakume bakarra naiz. Baita Murias taldean ere. Treken, beste bat ere bazen. Dimension Data-n baziren batzuk. Oso neska gutxi gara txirrindularitzan. Gizonezkoen txirrindularitzan, dena den, zenbait taldetan emakumezkoak nahi dituzte, giroa orekatzen laguntzen dugula esaten dute, gizonezkoaren eromen puntua baretzen omen dugu. Zenbait taldetan, ordea, ez dute emakumerik nahi, gizonaren pareko lanik ezin dugula egin diote.

Hoteleko lanean nahiz lasterketakoan, soigneur-ek ez duzue karrera ikusten.

Nik lasterketako lana egiten dut, horixe gustatzen zait, eta bi puntutan pasatzen ikusten ditut ziklistak, anoa-gunean eta ura ematerakoan. Beste karrerarik ez dut ikusten nik. Kar, kar…

Zenbat zabor botatzen duten ziklistek anoa-gunearen inguruan, edota helmugara iristean.

Hori aldatzen ari da, beste gauza asko bezala. Bada elikatzeko 500 metroko tarte bat, eta hantxe eman diezaiekegu anoa ziklistei. Horren ondoren, beste tarte bat, 500 metrokoa, ziklistek zaborra botatzekoa. Gauza berria da, baina horretan ari dira. Esate baterako, Norvegiatik etorri berria naiz, eta han, delako zabor-gune horretan, karreraren atzetik etortzen diren langileek –anoa-guneko pankartak-eta kentzen, besteak beste–, ziklistek botatako zaborra biltzen dute. Zenbait karreratan, bi zabor-gune ere jartzen dituzte. Eta, bestalde, zenbait ziklistek, zabor-gune horietan ezin izan dutelako-edo, aulki azpian ere gordetzen dute zenbait zabor, aluminio-papera eta beste.

Argazkia: Dani Blanco.

Aldatzen ari da hori ere…

Bai, bai. Ziklistak zigortzera ere iritsi dira horregatik. Ez bakarrik autoari helduta tarte bat egiteagatik, baita ziklismoaren irudia kaltetzen omen duten jokabideengatik ere.

Zein hizkuntzatan komunikatzen zarete?

Gaur egun, denek dakite ingelesez. Ziklistekin, beraz, ingelesez, batere eragozpenik gabe egiten dut. Bestalde, gaztelaniaz, italieraz eta euskaraz ere badakit, eta horiek ere erabiltzen ditut hizkuntza horietako ziklistekin. Frantsesez, neurri batean moldatzen naiz. Garai batean, frantsesa zen ziklismoko hizkuntza ofiziala, eta, gaur egun, berriz, ingelesa eta frantsesa dira. Tokian tokiko karrera eta itzulietan, bertako hizkuntza erabiltzen dute lehenengo, eta ingelesa bigarren. Hala ere, adin bateko epaileek-eta, frantsesa erabiltzen dute oraindik, nahiz eta ingelesa ikastera ere derrigortuta dauden. Horrez aparte, asko gustatzen zaizkit hizkuntzak, eta inora noala ere, bertako hizkuntzan zer edo zer esaten saiatzen naiz, “eskerrik asko”, eta “agur” besterik ez bada ere. Saiatu, behintzat.

Fisioterapiarekin batera, Kirol Zientziak ikasia, ziklismo-talde profesionaletan lanean, zein bide egin nahiko zenuke etorkizunean?

Ez dut askorik pentsatu. Oraintxe, hauxe gustatzen zait. Entrenatzaile pertsonala izan nintekeen, edo soin hezkuntzako irakasle ikastetxe batean, baina hezkuntza fisikoa ikasteak eman didan alderdi jakin bat estimatzen dut gehien: kirola ikusteko eta ulertzeko era. Fisioterapiak, bestalde, kirolari bakoitza modu jakin eta berezi batean tratatu behar dudala erakutsi dit, ez dit erakutsi nola artatu behar dudan, zehatz, baina bai modu berezi batean egin behar dudala. Lanak berak erakutsiko dit beste guztia.

Afizioa

“Hemengo afizioak oso fama handia du, asko animatzen ditu ziklistak, baina Belgikakoa ere ikaragarria da. Hango klasikoak ikusi nahi, eta hiru egun lehenago joaten da jendea leku on bat hartzera. Bestalde, harrituta geratu naiz aurten, Yorkshiren ikusi dudanarekin. Harrigarria. Sekulako eguraldia egin digu, eta hura jendetza, ziklistak ikusten!”.
 

Bidoiak asfaltoan

“Gauza ikaragarri aldatzen da herrialdetik herrialdera. Omanen, adibidez, iraintzat dute ziklistek bidoia bide bazterrera botatzea. Debekatua dute. Beste leku batzuetan, berriz, jendea anoa-gune inguruan izaten da, ziklistek botatzen dituztenak biltzen, dela bidoiak, poltsak, energia-barratxoak… Edozer gauza!”.

Azken hitza: Egunka lanean

“Egunka lanean ari naiz, eta ez dakit zer izango den hurrengo urtean, baina ezta hemendik lau hilabetera non ibiliko naizen ere. Oraindik orain, Ramontxu Gonzalez Arrietak hots egin dit, Espainiako emakumezko ziklisten taldearekin Europako txapelketara joateko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txirrindularitza
2023-10-29 | Jon Torner Zabala
Nola jan espazioa, espazioa jan duenari?

Martxoaren 22an, Frantziako Tourra hasteko 100 egun falta zirenean, Bilboko San Mames estadioan lur hartu zuen Juan Mari Aburto alkateak. Hainbat lagunek osatutako tropelaren erdian zihoan, Bilbaobizi alokairu-zerbitzuaren logoa zuen bizikleta elektriko gorri batean, erakusteko... [+]


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


Bilbao ikurrinarekin zoriondu dute Tourrean: batzuk pozik, besteak hasarre

Pello Bilbao txirrindulari gernikarrak irabazi du astearteko Frantziako Tourreko lasterketa. Txapelketaren Twitter kontutik Espainiako bandera batekin zoriondu dute hasieran, baina bi minutu pasa ostean txio hori ezabatu eta ikurrina jarri diote. Pozez hartu dute batzuek, baina... [+]


Txirrindularitzarekiko zaletasuna turismoaren negozioa bultzatzeko baliatu nahi dutela salatu dute

Asteburuan Frantziako Tourraren 2023ko edizioa Bilbotik abiatuko da, eta lasterketak Euskal Herria zeharkatuko du lehenengo hiru etapetan. Ibilbidea Bilbon hasi eta, besteak beste, Gasteiz, Donostia eta Baiona hirietatik pasako da. Donostiako Bizilagunekin Plataformak Tourraren... [+]


Tourraren irabazleak eta... galtzaileak?

Frantziako Tourra hastera doan honetan, Bilbon hotelen prezioak izugarri garestitu dira eta luxuzko jatetxeetan tokirik ez dago aspaldi. Bizkitartean, ostalaritzako langileak greban dira, inflazioaren eta behin behinekotasunaren ondorioz galdutakoa berreskuratu nahian.


Eguneraketa berriak daude