Frantziako agintariak ere kriminalizatzen ari dira borroka sozialak

  • Atxiloketak, poliziek eragindako zauriak eta espetxe zigorrak ugaritu zaizkie Frantziako Estatuan pil pilean dauden mugimendu sozialetako partaideei, izan Notre-Dame-Des-Landeseko zadista ala unibertsitate okupatuetako ikasle, zabortegi nuklear erraldoi berri bati aurre egiten dioten militante edo arriskuan zeuden etorkin ilegalak aterpetu dituen herritar. Parisko agintariek, gainera, ohartarazi diete gero eta estuago hartuko dituztela, gaizkile elkarteentzako legea aplikatuz.

Jean-Christophe Verhaegenen argazkian, Bure inguruan –Frantziako ipar-ekialdean– Mandres en Barroiseko oihana okupatzen zuten boluntarioetako batzuk. Agintariekin elkarlanean desjabetutako 15 kilometro koadroko gunean industria nuklearrak eraiki nahi du h
Jean-Christophe Verhaegenen argazkian, Bure inguruan –Frantziako ipar-ekialdean– Mandres en Barroiseko oihana okupatzen zuten boluntarioetako batzuk. Agintariekin elkarlanean desjabetutako 15 kilometro koadroko gunean industria nuklearrak eraiki nahi du hondakin erradioaktiboentzako lurpeko zabortegia, datozen 130 urteetan betez joango direna. Bureko ZADeko ekintzaileei poliziak eta epaileek ‘gaizkileen elkarteak’ zigortzeko legea aplikatu diete.

Hego Euskal Herrian bezala Espainian Mozal Legea aplikatu dizutelako Frantziako Estatura ihes egin eta aterpe eskatzea pentsatzen ari baldin bazara, aurretik atera kontuak. Disidentziaren kontrako jazarpenari dagokionez inoiz baino egiagoa da “hemen ere zakurrak hanka-hutsik” esaera zaharra.

Maiatzaren 26an Frantziako Estatuan ezkerreko jendeak Emmanuel Macronen politiken kontrako “marée populaire” [herri uholdea] burutzean zenbait hiritan liskarrak gertatu zirenean, Gerard Collomb Barne ministroak erantzukizuna manifestatzaile baketsuak ere egotzi zien: “Manifestatzeko eskubidea, oinarrizko libertate bat dena, bizirik atxiki nahi badugu, derrigorrezkoa da beren iritzia adierazi nahi duten jendeek era berean aurre egitea liskar sortzaileei eta ez, beren pasibitatearekin, gertatzen denaren konplize izatea”. Argi esanda: edo manifestatzaileak bihurtzen dira poliziaren laguntzaile, edo bestela konplize izanen dira eta zigorrak jaso ahal izango dituzte.

Edozein manifestatzaile atxilotuko ote dute konplize izateagatik? Azken hilabeteotan, ugaritzen ari dira manifestatzaile, aktibista eta ikasleen atxiloketa, galdaketa eta auziperatzeak. Azkena, eta sonatua, Bure inguruetan –Hexagonoko ipar-ekialdean– hondakin nuklearrentzako biltegi erraldoi bat eraikitzearen kontra ari diren militanteena.

Jendarmeen kontrola Bure inguruan. (Argazkia: La Croix)

Ekainaren 16an 3.000 lagun inguru bilduak ziren Buren protestan. 19 pertsona atxilotu zituzten poliziek eta horietatik bi epaileak espetxera bidali agenteen kontra bortizkeria erabiltzeagatik. Lau egun geroago, 20an, goizeko zazpietan hasita jendarmeek hamar etxe miatu zituzten Verdun, Bure, Commercy eta baita Parisen ere. Zortzi pertsona atxilotu zituzten, tartean militanteen abokatua bera, Frantzian batere ohikoa ez dena.

Étienne Ambroselli abokatuari, atxilotzeaz gain, ordenadorea bahitu zioten poliziek, esan nahi baita, daramatzan kasu eta bezeroen artxibo osoa. Bost egunez saiatu behar izan zuten abokatuen elkarteek epaileak materialok itzul ziezazkion. Vincent Niorék, abokatuen Parisko dekanoak –batonnier, frantsesez– kasuotarako izendatua daukan ordezkariak esan du: “Urteak daramatzat lan honetan (...) eta sekula ez nuen pentsatuko noizbait iritsiko nintzenik defenditu dudana bezalako kausa bat defenditu behar izatera”. Izan ere, ezer ez da berdin agintariak hasi direnetik gatazka sozialetan inplikatutako militanteei gaizkile elkarteen kontrako legedia aplikatzen.

Etienne Ambroselli Bureko ekintzaile antinuklearren abokatua epaitegitik irteten, aldarrikapenezko afixa eskuan. (Argazkia: Le Figaro)

Termometro adierazgarria da Bureko gatazka, Frantziako zabortegi nuklear handiena eraikitzen hasiak dira bertan, baimen guztiak lortu aurretik. Lurpean, 500 metroko sakoneran biltegi erraldoia antolatzeko desjabetu duten baso bat okupatu zuten duela bi urte ekintzaileek, Bureko ZADa sortuz. Joan den otsailaren 22an 500 jendarme bidali zituzten jendeak oihanetik ateratzera. Hiru asteko protestetan 25 pertsona atxilotu zituzten: haietatik bi oraindik espetxean daude baina gainerakoek ere presondegian bukatzeko arriskua dute, eta askoz gehiago daude edo eskualdera edo departamendura itzultzeko eskubidea kenduta.

Bureko basoaren hustea, orain ikusten da, entsegua izan zen hilabete batzuk geroago Bretainian Notre-Dame-Des-Landesen egingo zutenerako. 70 atxilotu zituzten hemen apirilean eta geroztik epaileek espetxe zigorrak banatzeari ekin diote, azkena bi urteko kondena ekaineko epaiketa batean.

Interes orokorra versus etxeko etsaiak

Uhin errepresiboa ez da ingurumenaren bueltako gatazken esklusiba. Maiatzaren 1eko manifestazioetan Parisen 200 lagun arrestatu zituen poliziak, horietatik 100 galdekatu eta 30 auziperatzeko. McDonald bat erasotu zutela eta, “txikizioak egiteko elkartea antolatzea” egotzi diete, Nicolas Sarkozyren garaian 2010ean onartutako lege aldaketan oinarrituta.

Maiatzaren 22an ikasleek Frantziako Estatu osoan antolatu zituzten protesta eta itxialdietako batean, Parisko Arago lizeoan, poliziek 100 ikasle atxilotu zituzten, horietatik 40 adin txikikoak, hauei ere Sarkozyren legea aplikatuz. Baina ez dago zertan ezer txikitu edo okupatu beharrik Estatuaren hatzaparra zaman sentitzeko, paperik gabe muga inguruetan ezin bizirik dabiltzan etorkinei laguntzen dieten jendeek beren larruan frogatu dutenez.

Maiatzean bertan Martine Landry Amnesty Internationaleko kidea epaitu dute, adin txikiko bi gaztetxori muga zeharkatzen laguntzeagatik. Maiatzean epaitu dituzte “les trois de Briançon” ere, hiru boluntario suitzar eta italiar Alpe mendietako mugan etorkinen alde mobilizatzeagatik. Association en bande organisée delitua egotzita, hamar urte arteko espetxe zigorra ezarri diezaiekete. Bitartean, hiru auziperatuen aurka eskuin muturreko jende xenofoboek lasai ederrean egin zuten manifestazioa...

Gizarte mugimenduen eta disidentziaren aurkako jazarpenen zerrenda osoa askoz luzeagoa da. Jean-Jacques Gandini Frantziako abokatuen lehendakari ohiak honela ikusi du uholdea: “Azken hamar urteotan mugimendu sozialen gaineko errepresioa gero eta gogorragoa da. Lege gero eta errepresiboagoak liskarrak baretzeko aitzakiarekin erabiltzen dira mugimendu sozialaren kontra. Hala gertatu da lege antiterroristekin ere, azkenean hori aplikatu zaie 2015ean Klimaren Gailurrean manifestatu zirenei bezala Lanaren lege berriaren kontrarioei”.

Kode penal frantsesaren 450-1 artikulua kokatzen da Parisek Napoleonen garaietatik matxinadak pertsegitzeko antolatutako legeetan. 1983an Robert Badinter Justizia ministro zela, Mitterrandekin, ezabatu zuen association de malfaiteurs delitua, baina hiru urte geroago Chiracek ezarri berriro, atentatu terrorista batzuen estakuruz.

Sarkozy presidenteak gogortu zuen legea 2010ean, aprobetxatuz Tarnac afera, estatua hankaz gora jartzeko atentatu hilgarriak ere egiteko prestatzen ari omen ziren militante anarkista batzuen atxiloketa. Omen azpimarratu dugu, zeren eta hilabeteak aurrera ahala ustezko konspirazio anarkista hura deusetan geratu baitzen; funtsean izan zen Michele Alliot-Marie ministro lapurtarrak antolatutako operazio politiko-mediatikoa. Baina kaltea egina zegoen: edozein motatako disidentzia zigortzeko bidea zabaltzea.

Komunikazioen kontrolak, komisaldegira behin eta berriro deitzeak, miaketak... gero eta estuago bizi dira disidenteak Frantzian ere, etsaiaren zuzenbide penalaren mende, zaku berean sartuta terroristak, laguntzaileak, protestalariak, legez kontra iritsitako etorkinak... Kanpoko edo etxeko, etsaiak denak, legearen bermerik merezi ez dutenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


"Gazteok zutik eta mugimenduan gaude, errealitate gordin baten aurrean"

Askotariko erresistentziak gorpuzten eta aldarrikatzen ditu Aiert Alberdi kantautore oñatiarrak oholtzan zein egunerokoan: gaztea, genero disidentea, euskalduna, langile klasekoa eta herri txikikoa… Musika eta feminismoa ditu indarkeria patriarkalari aurre egiteko... [+]


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
"Lurra taupaka" festara deitu du Amillubi proiektuak, maiatzaren 11n

Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun osoko festa antolatu du Amillubin bertan, egitasmoari bultzada emateko.


2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Eguneraketa berriak daude