Begoña Zabala: "Orain badugu ikuspegia esateko errepresio global bat egon zela"

  • Iruñera 1977an iritsi zen Begoña Zabala (Getxo, Algorta, 1950) eta lehen lerrotik bizi izan zuen zezen plaza barruan zein kanpoan 1978ko Sanferminetako poliziaren erasoa. Abokatua lanbidez, gertaera haiek argitzeko adituen ikerketa batzordeko kide da eta alde juridikoa landu du. 70eko hamarkadatik mugimendu feministan buru-belarri aritutakoa, Feminismo, Transición y Sanfermines del 78 liburua kaleratu berri du.

1976an Bizkaiko lehen emakume asanbladan hartu zuen parte Begoña Zabalak; hortik gutxira aldatu zen Iruñera eta han ere mugimendu feminista bizia aurkitu zuen, Sanferminetako gertaeren atarian. (Arg.: Foku / Iñigo Uriz)
1976an Bizkaiko lehen emakume asanbladan hartu zuen parte Begoña Zabalak; hortik gutxira aldatu zen Iruñera eta han ere mugimendu feminista bizia aurkitu zuen, Sanferminetako gertaeren atarian. (Arg.: Foku / Iñigo Uriz)

Judizialki kasua hainbat sumariotan banatzeak ikerketa oztopatu zuela diozue. Nahita egindako zerbait izan zen?

Sumarioak bananduta instruitzea ez da normala, erlazionaturiko hainbat gertaera daudenean aukera dago dena batzeko. Zergatik da garrantzitsua hori? Bost sumario daude –horietako hiru dira garrantzitsuenak, hildakoak eta zaurituak daudelako– eta ekintza polizialaren continuum bat egon zela agerian uzten dute, zezen plaza barruan hasi eta ondoren kanpoan ere bai, polizia-buru berdinen agindupean eta gobernadore zibilak ezer egin gabe.

Sumarioak bananduz beste irakurketa politiko-juridiko bat egin nahi izan da: polizia sartzen da plazara, eta “turbek” erreakzionatzean, beste gertaera bat dago. Guk sumario baten frogak beste sumario batean ere kontuan eduki eta gertatutakoari azalpen logiko bat ematea nahi dugu.

Frogak onartu ziren, baina ez ziren egin…

Frogen kontua ere iluna da oso, eta inpunitate handia erakusten du. Peñen ikerketa batzordeak ahozko froga ugari aurkeztu zuen, eta horren ondoren idatzizkoak eskatzen hasten dira, txostenak eta abar, baina desagertu egin omen dira edo erreserbatuta segitzen dute. Polizia-buruek deklaratzea ere eskatu zen, baina ez zuten halakorik egin hiru urte gerora arte…

"Guk kereila berria proposatzen dugu, mahai gainean jartzeko Sanferminetako gertaerak gizateriaren kontrako krimena izan zirela"

Froga horiek 40 urteren ondoren balio dute?

Froga asko sumarioetan dago jadanik, guk ez dugu oraindik sarbiderik izan; peñen abokatuek bala-zorroak eta guzti aurkeztu zituzten… Zer balio izan dezaketen? Dokumentaturik dagoen denak izan dezake balioa. Kuriosoa da, zeren eta beraiek [poliziak] egindako dokumentuak dira eta beraiek hartutako deklarazioetan oinarrituta.

Gizateriaren kontrako krimen izateak zer ekar dezake erantzukizunen aldetik?

Nazioarteko zuzenbidearen arlora eramaten gaitu horrek. Akordio eta tratatuek definitzen dute zer den gizateriaren kontrako krimena, ez Estatuak, horrek egiten du interesgarri. Berezitasunak ditu: herritarren gehiengoaren kontrako ekintza izatea, indar armatuak izatea babesik gabeko herritarrei eraso egiten dietenak… Emakume baten bortxaketa delitua da adibidez, baina emakume komunitate oso baten bortxaketa masiboa gizateriaren kontrako krimena da, errepresio eta askatasunik gabeko giro batean gertaturikoa. Estatua derrigortuta dago krimena ikertu eta pertsegitzera, baina ez badu egiten, badago foro bat hori zigortzeko.

Kereila jartzeko “momentua” orain dela diozue, zergatik?

Ez dugu esan nahi epea iraungiko denik. Seguruenik ez dago aukerarik kereila bat jartzeko esanez “hau zauritu egin zuten, beste hori hil… eta ez da epaiketarik egon”. Erantzungo dutena da preskribitu egin duela, beste askotan bezala. Baina momentu honetan badugu errepresio global bat egon zela esateko ikuspegia, eta 1978an agian ez ginen horretaz kontziente: Gasteizko martxoaren 3ko gertaerak, Madrileko abokatuen hilketa, Maiatzaren Leheneko eta amnistiaren aldeko mobilizazioen errepresioa… Hori guztiagatik jar daiteke kereila,  gizateriaren aurkako krimena izan zela esanez.

Frankismoaren krimenen kontrako kereila argentinarrak 1977ko Amnistiaren Legearekin egin du topo Espainiako Estatuko auzitegietan. Kasu honetan gertaerak geroagokoak dira ordea…

1978koa ez dago amnistiaturik, jakina, beste kontu bat da epaileak preskribitu duela esatea. Kereila, normalean, zuregandik gertuen dagoen auzitegian jartzen duzu, gero helegiteen ondorioz nazioartera egin dezake jauzi. Hala ere, Argentinako kereila beste gauza bat da –Sanferminak 78 Gogoan ere pertsonatu da bertan– eta bere bidea darama. Guk kereila berria proposatzen dugu, mahai gainean jartzeko Sanferminetako gertaerak gizateriaren kontrako krimena izan zirela.

Desklasifikatu gabeko dokumentuak eta “desagertu” diren txostenak daudela aipatu duzu. Kereila batek noraino egin dezake hori gabe?

Desklasifikatzea erraza da, dokumentazioa hor dago eta prozedura kontu bat da; edozein auzitegi, parlamentu edo gobernuk eska dezake. Gainera, ministerioaren ekintza ofizialak dira eta ez dut uste txostenetan egia osorik esango dutenik, alderantziz, euren errelatoa agertuko da. Baina jakin ditzakegu nahigabe ihes egindako gauza asko, haien walkie-talkietan grabatutakoak bezalakoak, inpunitate handiz aritzen baitziren. Eta oraingoz dauzkagun datuekin esan dezakegu aurrez prestaturiko plan bat izan zela, herritarren eta orduko mugimenduen kontra.

Haustura mugimenduak zirela aipatu izan duzu. 1977 amaieran Iruñera iritsi zinenean, adibidez, Emakumeen Askapenerako Mugimendua (EAM) aurkitu zenuen.

1975ean mugimendu feminista oso erradikala eta politizatua sortzen hasi zen, diktaduraren kontrako borrokan zuzenean eta arlo guztietan parte hartzeko aukera ikusi zuena: eguneroko bizitzan, botere-harremanetan, kalean, festetan… Bateratze bat gertatzen da familietan, lanean, Elizan eta Estatuan dagoen dominazio patriarkalaren aurka. Horrek, beste mugimendu haustaile batzuekin aliantza sendoa osatzen du.

"Boterearen mezua izan zen atzera egin behar zela, ororen gainetik festa behar zela. Esan nahi zuten gizonezkoak kalera irten eta zortzi egunez mozkortzen diren festa eredu horretara itzuli behar ginela, erabat maskulinoa den katarsia. Politikak ez du espaziorik Sanfermin horietan"

Liburuan festaz hitz egiten duzu, subertsio espazio bezala, feminismoak ere espazio hori konkistatu nahi du subertsioa aldarrikatzeko…

Feministek diote: “Kalea gure ere bada, gaua gurea ere bada”, ordura arte emakumeentzat betoa jarrita baitzegoen. Festa oso garrantzitsua da, tradizioa aldarrikatzera irten beharrean –jende askok uste duen moduan– subertsioa aldarrikatzera irteten baitira. Garai haietan  El espacio de la fiesta y la subversión liburua argitaratu zen, Iruñeko Alde Zaharraren azterketa bat, eta bertan ikusten da nola ari ziren kaleak festarako okupatzen, arau sozialak eta loturak hautsiz; feminismoak bat egin zuen horrekin.

Zer gertatu zen 1978an peñen “amabitxi” delakoekin? Hor ere pankarta izan zen tartean…

Peña gehienetan gizonezkoek bakarrik hartu zezaketen parte, eta urtean behin madrina edo “amabitxia” aukeratzen zuten emakume guztiak ordezkatzeko, estereotipo ohikoak jarraituz (ederra, apaina…). Urte hartan, uztailaren 1eko peñen festan amabitxien aurkezpena egin zen zezen plazan. Pankarta pila bat zegoen, amnistia eskatuz edo borrokan zebiltzan preso komunen alde. Bada, EAMekoek euren pankartatxoa ere atera zuten: Madrinas kanpora! esaten zuen. Irudi patriarkal horren kontrako mezua zen, urte osoan debekaturik izan ostean emakumea desfile batera eramaten baitzuten mantelina soinean zuela. Alardean egun gertatzen dena ez da oso ezberdina.

Zer ondorio izan zuen 1978ko oldarraldiak, festari eta feminismoari dagokionez?

Boterearen mezua izan zen atzera egin behar zela, ororen gainetik festa behar zela. Esan nahi zuten gizonezkoak kalera irten eta zortzi egunez mozkortzen diren festa eredu horretara itzuli behar ginela, erabat maskulinoa den katarsia. Politikak ez du espaziorik Sanfermin horietan.

Ondoren errepresioa dator, eta hasten dira [Germanen heriotza gogoratzeko] manifestazioa debekatu eta isunak jartzen. Beste jende bat ere hasten da esaten ahaztu behar dela, lehengo kontuak direla, deserosoa da festetan policía asesina oihukatzea… Feminismo asko agertu ziren, baita ikusi nahi ez direnak ere, tartean zuriz eta gorriz txukun jantzita doan hori, gizonezkoek nahi dutena egiten duten bitartean. Horretara iritsi gara eta orain buelta eman behar diogu.


ASTEKARIA
2018ko uztailaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude