Liburutegiak jomugan

Antton Olariaga

Egin dezagun amets. Behin bazen irakurle herri bat. Horretan, bakoitza joan zitekeen etxetik hurbil zegoen leku batetara, (...) leku bero bat non norberak bere burua eta besteena deskubritu zezakeen, non ikasi, irudikatu, trukatu, bidaiatu zezakeen. (...) Herri hori, gurea da, Frantzia da. Guri dagokigu existitu dadin”.

Prediku hitz horiekin bururatzen da Erik Orsenna Frantses Akademia kidearen eta Noël Corbin Frantziako Kultur Saileko Ikuskari Orokorraren txosten bat, 2018ko otsailean agertua, Liburutegien herrian bidaiaz izendatua. Emmanuel Macron lehendakariak galdeginik, bi adituek Frantziako liburutegien itzulia egin dute, eta horien egoera-akta agerrarazi.

Txosten horretan, egileek azpimarratzen dute jende franko letragabea dela Frantzian. Ongi dakigu ere ezaxola gero eta handiagoa dagoela gizartean literaturarekiko, batez ere garaikidea ez den literaturari begira. Hots, liburutegietan gehien aurkitzen den fondoari begira. Egoera hori problematikoa da bai kulturalki– bere iragan kulturala ezagutzen ez duen herri batek ez dukeelako etorkizun oparorik– bai politikoki ahultze demokratikoaren seinalea datekeelako.

Hain zuzen, demokraziaren indartzea daukate helburu Orsennak eta Corbinek beren lanean: horien ustez, liburutegiak gehiago sostengatu beharko lirateke, jende gehiago erakar dezaten, Frantzia herri ikasi eta argiagoa bihur dadin. Baina xede horretan egiten dituzten proposamenak dudazkoak dira: liburutegiek beharko lukete ongizate guneak bilakatu, jakitateaz gain solastatzeko gune informal erosoak eskainiz, jan-edateko tokiekin, haurrendako joko dibertigarriekin, akituak diren pertsonendako lo egiteko guneekin, zerbitzu publikoei dedikatu tokiekin (langabetuen harrera, posta); gehi, bistan dena, ongi ekipatua litekeen informatika gela bat. Eta liburuzainez, zer? Formazio bereziak segitu beharko lituzkete jende harreran, beren funtzio berriei egokitzeko; lagundu beharko lukete beren lantokia automatizatua bihurrarazten, astean zazpi egun eta egunean hogeitalau orduz zabaldua izan dadin; publikoaren artean bolondresen bila joan beharko lukete laguntza eskuratzera, lan berri zamari aurre egiteko.

Hots, demokrazia, jakintza hedatzea, norbanakoaren eta jendartearen adimen garatzearen izenean, Orsenna eta Corbinen txostenak kontsumerismoa eta liburutegien errentagarritasuna du bultzatzen, liburuzainen lan funtsa gutietsiz, animatzaile soil edo bezero arpoitzale bihurrarazi nahi du, liburutegiak desakralizatuz merkatarien esku uzteko.

Bonne sieste à la bibliothèque artikuluan (Le Monde Diplomatique, 2018ko ekaina, 771. zb., 27.orria.), Éric Dussert eta Cristina Ion idazleek sakondu dute liburutegien bilakaera hori, eta erakusten dute Ameriketako Estatu Batuetako ereduaren ildotik dabiltzala Frantzia: hezkuntza herrikoia eskaintzeko xedearen gibelean, enpresa eta fundazio pribatu handien konkurrentzia izugarria eragiten duen eredua.

Bizi naizen eskualdean, jadanik frogatua dut bolondresik gabe liburutegi publikoak ez duela funtzionatzen ahal, baina ez da oraino merkatu espazioa bihurtua: hurbiltzen den jendea oraino “irakurle” deitzen dute, eta ez “bezero”. Ondoko hilabeteetan gauzatu daitekeen bilakaerari erresistentzia egiteko garaia daukagu oraindik, beraz, xoko honetan behintzat, eta modu hoberena izanen dugu liburutegitik liburuak mailegatzea, eta horiek sorrarazi gozamena partekatzea. Mentura hori zureganatuko duzulakoan zuk ere bai, ARGIAko irakurle, uda ona pasa!


ASTEKARIA
2018ko uztailaren 15a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude