Nor da haurtzaroen lapurra?

Argazkia: Wikimedia Commons

Argazkia: Wikimedia Commons

Aurrekoan Donostian paseoan nenbilela, San Martinen ireki berri duten Zara arropa denda erraldoiarekin topo egin nuen. Ez nuen arropa erosteko inongo asmorik, baina, ikusminak bultzatuta, sartzea erabaki nuen. Bertan, hogei euroko galtza polit batzuk ikusi nituen. Jakin-mina piztu eta etiketan non eginak ziren begiratu nuen. “Made in Morocco” jartzen zuen eta berehala zalantza egin dut. Zenbateko gastua izango zuen galtza hauek sortzeak? Zenbat sufrimendu? Etxera iristean, ordenagailua piztu nuen, zer edo zer argitzeko asmoz. “Inditex continúa explotando a niños esclavos” artikulua irakurri nuen. Orduan ulertu nuen praka horien benetako kostua. Hogei euro baino askoz ere gehiago, zenbakiz azaldu ezin daitekeen sufrimendu eta neurrigabekeria.

Baina Inditex ez da haurrak lanerako makina moduan erabiltzen dituen enpresa bakarra. Nike, Adidas, Gap… eta ezagun zaizkigun beste hainbat lantegitan ere esplotatzen dira umeak. Nekazaritza arloan ere adin txikiko asko egon ohi dira baldintza gogorren menpe lanean. Horren isla dira, OITek 2013an egindako ikerketaren emaitzek adierazten dituzten datu lazgarriak. Urte hartan, 168 milioi haur inguru zeuden gehiegikeria honen menpe, gehiengoa herrialde azpigaratuetan edo garatu bidean daudenetan. Nire iritziz, emaitza hauek lotsagarriak dira eta gure gizarteak hainbat aspektutan eman beharreko aurrerapausoak zein diren argi uzten du.

Askok eta askok baldintza oso gogorretan lan egin behar izaten dute eta nagusien esklabo bihurtzen dira. Lan ordu oso luzeak izaten dira, hainbatetan 12 ordukoak. Gainera, toki hauetan ez dute seinaren ongizatea zaintzen, ez euren elikadura ezta higienea ere. Eta zer esanik ez buruzagiak erabiltzen duen indarkeriaz.  Kondizio hauek bi motatako ondorioak eragiten dituzte neska-mutikoengan, artikulu honetan oso ondo esplikatzen direnak. Batetik, haurrak hezkuntzarako aukerarik gabe geratzen dira eta, bestetik, hor daude osasun arazoak, bai fisikoak eta baita psikologikoak ere.

Nork du eskubidea ume hauei haurtzaroa lapurtzeko? Garai horretan, etorkizuneko gizon eta emakume izango direnek maitasuna eta babesa jaso behar dute eta askotan ez gara ohartzen (edo ez ikusiarena egiten dugu!), baina gure nahi eta gutiziek hainbat lurraldetan adin txikiko askoren askatasuna mugatzen dute, marka dirudun hauek ez dutelako legea errespetatzen. Benetan errealitate lazgarria da.

Laburbilduz, haurren lan esplotazioa arazo unibertsal bat dela iruditzen zait eta, horregatik, denok egin behar dugu zerbait gaitz honekin akabatzeko. Horretarako, hainbat GKE daude lanean, Unicef kasu. Horrez gain, guk, mundu kontsumista honetan bizi garenok, erosteko garaian ondo aukeratzeko erantzukizuna dugu; bestetik, agintean daudenek enpresa hauei legeak betearazi behar dizkie eta justizia egin. Bat al zatozte nirekin?

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->