Sekula ahaztuko ez dudan esperientzia

Ez nuen inoiz espero lurrikara bat bizitzea. Iazko udan, Kalifornian “host family” batekin oporrak pasatzen ari nintzela, gauza harrigarri bat gertatu zitzaidan. Abuztuaren 24an, goizeko bostetan, etxea mugitzen hasi zen. Logelan etxeko ahizpa txikienarekin lo egiten ari nintzela, ohea ez mugitzeko esan zidan. Nik, harridura azalduz, hauxe erantzun nion: “Hori eskatzea ere! Nola arituko naiz ohea mugitzen ordu hauetan, neska?”. Elkarri beldur aurpegiaz begiratu genion eta biak, ikaratuta, nire ohean sartu ginen, mugimendu hura amaitu zen arte. Une hartan, ahizpa zaharrena oihuka hasi zen, eta guregana etortzeko eskatu genion. Behin hirurak batera geundela, aita logelara sartu zen eta lurrikara bat baino ez zela izan esan zigun. Lurrikara hitza entzun eta gau osoa lorik egin gabe pasatu, biak bat!

Argazkia: huffingtonpost.com

Argazkia: huffingtonpost.com

Hurrengo goizean, lurrikara Napan gertatu zela ikusi genuen telebistan. Lurrikara honek 87 zauritu utzi zituen, 1989an izandakoa gaindituz. Hau da, adituek esan zuten 1989ko lurrikara, Ritcher eskalan,  zazpikoa izan zela;  guk bizitakoa, berriz, seikoa izan arren, sentsazioa 8.4koa izan omen zen.

Lurrikara lurzoruan gertatzen den mugimendu bortitza da eta zenbait jarraibide hartu behar dira kontuan. Horietako bat bizitzea tokatuz gero, komeni da oso ondo jakitea zer gin behar den. Edozein lurrikara hiru fasetan banatzen da: gertatu aurretik, bitartean eta ondoren. Lurrikara gertatu aurretik oso garrantzitsua da, alde batetik, botika-kutxa beteta egotea eta linternak, irratiak eta janaria eta edaria prest izatea. Bestetik, ebakuazio plan bat eduki behar da, hots, garbi izan behar dugu nora joan, lurrikara gertatzen ari den bitartean eta lurrak dar-dar egiteari uzten dioenean. Lurrikara gertatzen ari den bitartean, hortaz, bi aukera izango  ditugu. Batetik, kristalezko leiho guztietatik ahalik eta urrunena jartzea eta etxearen izkinetan kokatzea burua babesteko. Bestetik, egokia da mahai baten azpian jartzea, adibidez. Kasu honetan, mahaiaren hankak ondo eutsiko ditugu; horrela, mahaia ez da gure gainera eroriko eta gure burua babestuta izango dugu. Lurrikararen ondoren, zaurituak baldin badaude, komeni da laguntza eskatzea eta irratia piztea, bertako autoritateak esaten duena entzuteko eta guztiaren jakinaren gainean egoteko. Azkenik, ez genuke gerturatu behar poste altuetara eta kable elektrikoetara.

Imajinatzen duzuen bezala, bizi izan nuen momentu hau ahaztezina izango da. Momentuan ikaratuta egon nintzen. Lehenik, etxetik kanpo nengoelako; eta, bigarrenik,  gurasoak ez zeudelako nire alboan. Hala ere, bertako familiari eskerrak eman nizkion emandako laguntzarengatik eta maitasunarengatik momentu gogor haietan. Gogoratu, beraz: lurrikararen abisua jasotzen baduzue, aurreko paragrafoan aipatu ditudan aholkuak jarraitu eta ahalik eta laguntza gehiena eskaini zure albokoei.

,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->