Community Managerraren garrantzia erakunde baten hizkuntza erabileran

EMUNek
martxan jarri duen Enpresen sareko hizkuntzak proiektuan
Community Managerraren inguruan
idazteko gonbidapena jaso dut. Galdera honi erantzuten saiatuko naiz:
Ze garrantzi du Community Managerrak erakunde baten hizkuntza
erabileran, duen sentsibilitateagatik, gaitasunagatik…?

Community Managerra(CM) izena azken boladan
modan jarri den termino eta lanbidea da, baina ingelesezko izen
horren atzean komunitate baten kudeatzailea dago. Interneten azken
urteotan sortu diren gizarte-sareekin geroz eta garrantzi handiago
hartu du komunitatea kudeatzeko zereginak. Azken finean, Community
Managerra enpresaren ahotsa da enpresatik kanpo, eta bezeroaren
ahotsa enpresa barruan. Horregatik, garrantzitsua izango da beti
CMaren jarrera erakunde baten hizkuntza erabileran.

CMak jakin beharko du zein hizkuntza
irizpide dituen kudeatu behar duen enpresa edo erakundeak eta
irizpide horien arabera jardun beharko du Interneten. Behin honaino
iritsita, suposatuko dugu euskara lehenetsita izango duela gure
enpresa edo erakundeak, eta hori kontuan hartuta lan egin beharko du
komunitate kudeatzaileak.

Hizkuntzaren erabilera,
kudeatzailearen egitekoen arabera

Entzun: gure enpresari buruz
sarean diotena jakin behar du etengabe. Horretaz gain, lehiakideez
diotena ere jakin behar du. Horretarako merkatua ondo zehaztua egon
beharko da, baita lehiakideak zein diren ere.

Lan hau egiteko erabiliko ditugu iturri
ezberdinak: blogetara harpidetu, twitter kontuak jarraitu, Facebooken
jarraitzaile egin, Flickrreko argazkiak edo Youtubeko bideoak
jarraitu… Hizkuntza erabilerari begira garrantzia izango du zeini
jarraitzen diogun, gero horrek gure sareko portaera ere alda
baitezake. Twitterren, adibidez, gure enpresak edo markak jarraitzen
dituen kontu guztiak gaztelaniaz ari badira, gaztelaniazko komunitate
batean egongo gara. Zaila izango da hor euskaraz jardutea, gure
markak edo enpresak hala lehenetsita izan arren.

Informazio hori enpresa barruan
hedatu
: entzundakotik informaziorik inportanteena jaso eta
enpresa edo erakundearen barruan zabalduko du. Hori egiteko CMak
erabiliko ditu neurketak, analitikak,… nahiz eta sarean horretarako
programa askorik (edo batere ez) ez egon horretarako, saiatu beti
euskaratzen eta enpresa barruan informazioa euskaraz ematen.

Komunikatu: enpresan edo
erakundean euskaraz komunikatzea baldin badago lehenetsita, hizkuntza
horretan hasiko ditugu elkarrizketak komunitateetan ere. Komunitate
kudeatzailea enpresaren ahotsa da komunitatearen aurrean.

Ez dira gutxietsi behar euskaraz ez
dakiten bezeroak edo gure markaren inguruko komunitateetako kideak.
Beti adi egon behar da zer dioten guri buruz eta kexaren bat baldin
badago hizkuntzaren inguruan enpresaren baloreak ondo azaldu.

  • Twitterren Joxe Rojasen
    artikuluari
     
    (eta artikuluko iruzkinei) kasu egingo diogu eta Facebooken
    jarduteko adibide ona da Ternuarena.

  • Enpresaren blogean euskarari
    emango zaio lehentasuna: lehenengo euskarazko artikulua argitaratu
    eta beste hizkuntzaren bat ere erabiltzen bada, handik denbora
    batera argitaratu. Dena dela, ez dago guztia hizkuntza ezberdinetan
    argitaratzen ibili beharrik. Artikulua zuzenduta dagoen
    komunitatearen edo merkatuaren araberakoa izango da erabiliko dugun
    hizkuntza ere; euskara, beti.

  • Tag edo etiketak jarri argazkiei,
    bideoei, artikuluei… euskaraz lehenengo, eta nahi bada, beste
    hizkuntza batzuetan ere bai.

Enpresaren eta komunitatearen arteko
elkarlanerako bideak bilatu
:
bilaketa horretan
komunikaziorako
erreminta ezberdinak izango ditugu askotan aurrean; euskarazko
bertsioak dituzten aplikazioak erabili, ahal den heinean.

Horiek dira
eguneroko lanetik euskararen alde egiteko bururatzen zaizkidanak.
Seguru egongo direla gehiago; iruzkinak ondo-etorriak izango dira.

Herritarron neurriko ekipamenduak behar ditugu

Azken 15 urteotako ohiturari jarraituz, txistu kontzertua egin genuen atzo. Badira urte batzuk udaletxeko osoko bilkuren aretoan egiten duguna; Maristetako zinema aretoan egiten genuen lehen, baina hura bota zutenetik udaletxean egin dugu urtero. Osoko bilkuren aretoa ez da lekurik aproposena, baina Antzuolan dauden beste aukerak ikusita txarrena ere ez. Leku txikia da, baina soinuari dagokionez herrian orain dugun onena.

Aurten ere bete egin da aretoa. Esango nuke jarrita baino jende gehiago zegoela zutik. Horrelako kontzertu baterako txiki gelditzen da udaletxea eta txistulariok bakarrik ez, herriko jende asko deseatzen egongo da kultur jardueretarako areto eroso, moderno eta erabilera anitzekoa edukitzeko.

Ai… inbidiaz begiratzen diot Elgetako Espaloia Kafe Antzokiari. Herri txiki batendako irtenbide bikaina iruditzen zait. Kultur ekintzak eskaintzeaz gain herritarren topagune ere bada eta herrian kultura bultzatzeko elkartzeko guneak egotea da onena.

Baina, Antzuolan, irudipena daukat, askotan uste dugula hiri handi batean bizi garela eta gauza handiak egitea gustatzen zaigu. Eraikin handi bat egingo dugu gauza pila batekin, benetan herritarrek zer nahi duten ondo aztertu barik. Seguru ekipamendu horietako asko behar direla herrian, ez dut hori ukatuko. Baina, hobe izaten da batzutan handikerietan ibili beharrean umiltasun pixka batekin jokatu eta herriari entzutea.

Bikote bila

Egun batzuk jai ditudanean egitekoen zerrenda luze bat osatzen dut.
Noski, zerrenda horretako guztiak egiteko behar diren orduak eta jai
ditudanak ez datoz bat, eta bat ez datozenez zerrendako pare bat gauza
bakarrik egiten ditut. Aitzakia ona, ezta?

Gabonetan egun batzuk jai izan ditut eta nire logelako kaxoiak
txukuntzea izan da lanetako bat. Hasteak pereza handia ematen dit,
baina behin hasita oso gustura egiten dut. Ia-ia arropa erostera joatea
bezala da: ze praka dira hauek? Niki hau, noiztik dago hemen? Ai… txamarra honen bila ibili nintzen, ba! Orduan konturatzen zara hurrengoan zerbait erostera joan baino lehen hobe dela armairua txukuntzea…

Baina, pena ere sentitu dut. Izan ere, 11 galtzetin topatu ditut
bikoterik gabe. Seguru nago ez direla denak nireak, baina, aizue, laguntza mereziko dute ba?

Txuriak eta beltzak dira gehienak, baina bada tartean
koloretako bat. Norbaitek hauendako moduko bikoterik baldin badu, jar
dadila nirekin harremanetan eta egingo dugu zerbait hauei eguna
alaitzeko:

Galtzetinak, bikote bila

Ez dut moderno izan nahi

Ez. Ez behintzat moderno izateak mendiak zulatzea badakar. Ez moderno
izateak herriak eta mendiak asfaltoz betetzea badakar. Modernitatea
dute aitzakia AHTa eraiki nahi dutenek. “Ez dugu modernitatearen trena
galdu behar”. Aspertuta nago horrelako arrazoi hutsalak entzuteaz.
Galdetu digu norbaitek horrelako modernoak izan nahi dugun? Ez, eta ez
digute galdetuko, guk ez dugu dirurik-eta.

Ama Lurra

Gero iragarki ederrak sortuko dituzte, Ama Lurra zaindu behar dugula
esanez, irudi bukoliko eta guzti. Beraien mezua: “Zuek herritarrok
zarete Ama Lurra xahutzen ari zaretenok. Ez duzue birziklatzen, ur
gehiegi gastatzen duzue, argi gehiegi”. Ados. Baina, ez gara bakarrak
eta ez begiratu beste alde batera. Galdetu diozue Ama Lurrari tren
azkarra nahi ote duen? Bere mendiak zulatu nahi dituen? Benetan Ama
Lurrari begira ari zarete “herria eraikitzen”?

Galderak airera botatzen ari naiz, badakit. Eta  horrek ematen dit
amorrua; kasurik ere ez digute egiten. Esan zuen baten batek gutxi
batzuk ginela, baina badaezpada ere ez dute galdeketarik egiten eta
lanak lehenbailehen hasi nahi dituzte, behin hasitakoan kritikak
isilduko direlakoan. Ea Ama Lurra eta bere seme-alabak esnatu eta
txikizioa geldiarazten dugun.

Dentistarenean

Aspaldiko partez egon nintzen atzo dentistarenean. Kontsulta dagoen etxeko atarira sartu bezain laster hartu nuen dentistareneko usaina, usain ahaztezin hori. Atera hurbildu eta bazirudien ate azpitik halako gas pozoitsu gris bat ateratzen ari zela, ai ama! Txirrina jo nuen eta neska batek irten zuen harrera egitera, irribarre handi batekin. Eskerrak! -pentsatu nuen- barre behintzat egiten dute.

Atea gurutzatu eta usaina barren barreneraino sartu zitzaidan. Itxaron gelan nengoela hagineko mina hasi zitzaidan. Bat batean, lokartzeko ematen duten ziztada nabaritu nuen ahoan eta ahoaren ezkerreko aldea lokartzen hasi zitzaidan. Hori guztia usainarekin bakarrik!
 

Zer ote du dentistareneko usain horrek? Anbientadore bereziren bat ote da minik gabe joanda ere mina sentitzeko? Edo, besterik gabe, haginetako taladroak zulatzerakoan ateratzen duen usaina da? (uf, eta ze higuina ematen duen taladroak hagina zulatzerakoan…).  

Dena ondo

Ia ordu erdiz zain egon ondoren, iritsi zen nire ordua. Besaulkian etzan, ahoa zabaldu eta beste ezer imajinatzen hasterako… “oso ondo dakezu dana. Garbiketa bat eingo dizeu, sarro pixkat dakezu-ta. Hartu hurrengoako txanda”.

Horrelaxe, pixka bat mareatuta (dena psikologikoa da, badakit) eta poz-pozik irten nintzen dentistarenetik. Azaroaren amaieran daukat garbitzeko txanda, ordurako hobeto preparatuko naiz psikologikoki…

Sartu naiz gurpilean

Eta ez diot hori spinninen apuntatu naizelako. Gaur atera dute azken asteotan herrian espero zen lista famatua: Eguzkia auzoan egingo dituzten 20 etxebizitza tasatuetarako
hautatuen behin behineko zerrenda. Egia esan, kostatu zaie. Uztailean
atera behar zuten lehenengo, irailean gero, iraila erdialdean gero…
zain geundenon ezinegona areagotuz.

Gaur argitaratu dute eta hor nago ni lehenengo postuan, iuju! Etxe
tasatua “tokatu” zait! 30 kilo inguru dira, baina inguruan dauden
prezioekin alderatuta txollo bat da, ez?

Etxetik joateko gogoz nabil aspaldian. Baina, pare bat urte itxoin
beharko dut oraindik. Bitartean, zer? Aita eta anaiarekin geratu edo
alokairuan jarri? Lehenengoa aukeratu beharko dut; errenta ordaintzen
hasten banaiz etxea ordaintzeko ez dut izango-eta!

Bueno, tokatu zait etxea. Orain, hainbeste eta hainbeste jende sartuta
dagoen gurpilean sartuko naiz: maileguak, interesak, euriborra…
lortuko dut irtetea?

Orain, behintzat, IKEAra joateko eskusa bila ibili beharrik ez daukat, ja!

A! Eta zorionak Nereari ere. Bizilagunak izango gara, Nere!

Bob Dylan eta Mikel Laboa ikusten Zurriolan

Autoa Zumarragan utzi eta trenez egin nuen atzo Donostiarako bidaia. Trenean jende asko eta gehienak 40 urtetik gorakoak, gazte garaiko musikariak ikustera zihoazenak. Donostiara iritsi bezain laster jendetza nabari zen kaleetan. Nire lagunak hondartzan zeuden 17:00ak ezkero eta poltsikoko telefonoz deitzekotan geratu nintzen iristen nintzenean. Baina, nola? Autoan ahaztu nuen-eta! Kabinak etorri zitzaizkidan orduan burura. Egoten da orain kabinarik? Nola funtzionatzen dute? Topatu nuen bat eta han joan nintzen hondartzara, lagunen bila.

Jendetza zegoen hondartzan dagoeneko; haur, gazte, nagusi zein zaharrak. Turista asko ere bai; italiarrak, frantsesak, ingelesak, alemanak… Eta euskaldunak leku denetatik etorriak; euskalkiak, behintzat, denetarikoak entzuten ziren.

Mikel Laboa hasi zen jotzen hondartzara sartzen ari nintzen bitartean. Disko berriko pare bat kantu jo zituen lehenengo. Azken kantuak, ezagunenak, patxada handiagoz entzuteko aukera izan nuen hondartzan bertan. Txoria txori, Izarren hautsa eta Gure bazterrak eskaini zituen amaitzeko. Emanaldia motza izan zen, baina merezi izan zuen hainbeste denbora agertu barik egon ondoren ikustea. Laboa beti izango da Laboa.

Laboa

Egia esan, gehiago espero nuen. Oso soso egon zen. Nik ez dakit beste kontzertuetan zerbait esaten duen edo ez, baina atzo ez zuen ezer esan. “Gabon Donostia” edo “Good night” esan balu, sikiera. Baina, ezer ez. Taula gainera igo eta abestiak jo zituen. Gu geunden lekutik ez genuen taula oso ondo ikusten, beraz pantaila erraldoietako batetik jarraitu genuen kontzertua. Plano orokorrak izan ziren denak, Dylanek ez zuen utzi bere lehen planorik hartzen utzi; Laboak bai, baina Dylanek ez.

Bob Dylan

Eta soinua oso txarra zen. Aurreko eta atzeko bozgorailuetatik entzuten genuen batera, eta atzekoak retardo pixka bat zuen. Gaizki entzuten zenez, jende asko berbetan egon zen eta ezin, bada, horrela disfrutatu.

Ez naiz Dylanen jarraitzaile sutsua, baina gustatzen zait eta abesti batzuk ezagutzen ditut. Hala ere, atzo ez nuen abestiekin disfrutatu: gaizki entzuten zen eta abesti asko zein ziren jakitea kostatu zitzaidan, egin zituen bertsioengatik.

  • Eskerrak bakearen aldeko kontzertua zela, bestela mutur joka amaituko zuten batzuk: bultzaka ibili zirenek, eserita zeudenen aurrean zutik egon zirenek…

Nahiko aurrean egon ziren batzuei entzun nien esaten oso ondo egon zela. Leku txarrean egongo ginen gu. Apuntetxo batzuk

  • Hondartzan izan zen kontzertua. Beraz, lurrean eserita zeudenek ezin dute pentsatu hondarrez zikindu gabe joango direnik etxera. Ezin zen batzuen ondotik pasa ere egin, a ze nolako begiratuak!

  • Niregatik, aurreztu dezakete su artifizialetan gastatu zuten dirua. Bakearen aldeko kontzertua baino Independence Day amerikanoa zirudien.
  • Argazkirik ezin (omen) zen atera, baina atera genituen batzuk. Han egon ginela esateko besterik ez bada…

Urteko garairik onena

Oraintxe hasten da niretzako urteko garairik onena. Udaberriarekin ere asko gozatu dut, baina orain bizkortzen zait bihotza. San Juan bezpera, sua, gaurik motzena… magikoak dira niretzako. Aitita bizi zenean sua egiten genuen baserrian eta gau zoragarria izaten zen. Hura hil zenean kaleko San Juan sua ezagutu nuen; ez zuen baserrikoarekin antz handirik, baina magikoa izaten jarraitzen zuen. Aspaldian ez naiz egon lehen bezala suari begira, baina badut gogoa. Ea aurten egiten dudan!

Urteko garairik onena dela esan dut hau, baina ez San Juan jaiengatik bakarrik. Hor daude San Pedroak, nire auzoko jaiak, San Ferminak, nire urtebetetzea, Antzuolako jaiak, eguzkia, gaueko terrazako tertuliak, opor usaina… denak zerrendatzearekin bakarrik bihotza saltoka hasten zait. Hauxe da nire hilabetea, Cancer guztiona, eta disfrutatu egin behar! (ez beste guztiak baino gutxiago, baina bai modu berezian).

Nire inguruan ibiliko zaretenok, kontuz! Horrenbesteko adrenalinarekin inaguantable xamar ere egon naiteke-eta!

Maiatzaren leheneko festa Larraitzen

Maiatzaren lehena festa handia izan ohi da Larraitzen, Txindokiren magalean.

Txindoki

Aralarko larreen irekiera egin ohi dute eta egun horixe izaten da ardiak eta bestelako ganadua Aralarrera eramateko eguna. Duela bederatzi urte hasi ziren jaia antolatzen eta urtero jendetza biltzen da bertan. Eguraldi onak, gainera, jendetza hori bikoiztu egin ohi du eta Txindokirako bidean ziren mendizaleei festa gogoz joan zirenak gehitu zitzaizkien. Larraitz eta inguruko errepideak autoz bete ziren eta izan zen zirkulazio arazo bat edo beste.

Jaiaren gaineko informazio gehiago duzue Tolosaldeko Hitzan.

dantza3

Ni, hala ere, argazkilari lanetan aritu nintzen. Dirurik gabe igo nintzen eta ezin, ba, postuetako baten ere ezer erosi. Beasaingo Ostadar eta Amezketako Arkupe dantza taldeak aritu ziren jo eta ke dantzan Larraitzera inguratu zirenen gozamenerako.

Hemen bildu ditut argazkiak.

Erretiroa eta erreforma

Osaba Inixiok erretiroa hartu du. Berez oraindik ez ditu 65 urte bete, baina lantegiko lana utzi du (baserrikoak ere utziko lituzke, baina zailagoa izango zaio hori). Erretiroa ospatzeko bildu ginen atzo familiakook Baztarrikan. Zahartzaroa, erretiroa, lana… horrelakoak izan genituen mahaiaren bueltan berbetarako gaiak.

Josek esan zuen Portugalen erretiratzeari “reformar” esaten diotela. Pozik entzun zuen hori osabak eta ingurukoei egin zien keinua; berak erreformatzeko ordua duela eta baserriko lanak egin beharko dituela besteren batek. Gutxik entzun zuten esandakoa, inork ez zuen-eta aipamenik egin.

Erretiroaz ari ginela, galdera pare bat etorri zitzaizkidan:

  • Noiz hartu ahal izango dugu guk erretiroa, etxea ordaintzen 50 urte eman behar baditugu?
  • Egongo da norbait guri erretiroa ordaintzeko prest?

Osaba Inixiok ere zalantza horiek zituen orain gutxi arte, baina berak erretiroa hartu duenean aurkitu du soluzioa: egin ezazue guztiok lan 70 urte bete arte! Hori dioen legeren bat ateratzen badute baiezkoa bozkatuko dut nik. Asaldatu egin ginen guztiok. Baina, aizue, ez dut uste hain gaizki dabilenik.