Bob Dylan eta Mikel Laboa ikusten Zurriolan

Autoa Zumarragan utzi eta trenez egin nuen atzo Donostiarako bidaia. Trenean jende asko eta gehienak 40 urtetik gorakoak, gazte garaiko musikariak ikustera zihoazenak. Donostiara iritsi bezain laster jendetza nabari zen kaleetan. Nire lagunak hondartzan zeuden 17:00ak ezkero eta poltsikoko telefonoz deitzekotan geratu nintzen iristen nintzenean. Baina, nola? Autoan ahaztu nuen-eta! Kabinak etorri zitzaizkidan orduan burura. Egoten da orain kabinarik? Nola funtzionatzen dute? Topatu nuen bat eta han joan nintzen hondartzara, lagunen bila.

Jendetza zegoen hondartzan dagoeneko; haur, gazte, nagusi zein zaharrak. Turista asko ere bai; italiarrak, frantsesak, ingelesak, alemanak… Eta euskaldunak leku denetatik etorriak; euskalkiak, behintzat, denetarikoak entzuten ziren.

Mikel Laboa hasi zen jotzen hondartzara sartzen ari nintzen bitartean. Disko berriko pare bat kantu jo zituen lehenengo. Azken kantuak, ezagunenak, patxada handiagoz entzuteko aukera izan nuen hondartzan bertan. Txoria txori, Izarren hautsa eta Gure bazterrak eskaini zituen amaitzeko. Emanaldia motza izan zen, baina merezi izan zuen hainbeste denbora agertu barik egon ondoren ikustea. Laboa beti izango da Laboa.

Laboa

Egia esan, gehiago espero nuen. Oso soso egon zen. Nik ez dakit beste kontzertuetan zerbait esaten duen edo ez, baina atzo ez zuen ezer esan. “Gabon Donostia” edo “Good night” esan balu, sikiera. Baina, ezer ez. Taula gainera igo eta abestiak jo zituen. Gu geunden lekutik ez genuen taula oso ondo ikusten, beraz pantaila erraldoietako batetik jarraitu genuen kontzertua. Plano orokorrak izan ziren denak, Dylanek ez zuen utzi bere lehen planorik hartzen utzi; Laboak bai, baina Dylanek ez.

Bob Dylan

Eta soinua oso txarra zen. Aurreko eta atzeko bozgorailuetatik entzuten genuen batera, eta atzekoak retardo pixka bat zuen. Gaizki entzuten zenez, jende asko berbetan egon zen eta ezin, bada, horrela disfrutatu.

Ez naiz Dylanen jarraitzaile sutsua, baina gustatzen zait eta abesti batzuk ezagutzen ditut. Hala ere, atzo ez nuen abestiekin disfrutatu: gaizki entzuten zen eta abesti asko zein ziren jakitea kostatu zitzaidan, egin zituen bertsioengatik.

  • Eskerrak bakearen aldeko kontzertua zela, bestela mutur joka amaituko zuten batzuk: bultzaka ibili zirenek, eserita zeudenen aurrean zutik egon zirenek…

Nahiko aurrean egon ziren batzuei entzun nien esaten oso ondo egon zela. Leku txarrean egongo ginen gu. Apuntetxo batzuk

  • Hondartzan izan zen kontzertua. Beraz, lurrean eserita zeudenek ezin dute pentsatu hondarrez zikindu gabe joango direnik etxera. Ezin zen batzuen ondotik pasa ere egin, a ze nolako begiratuak!

  • Niregatik, aurreztu dezakete su artifizialetan gastatu zuten dirua. Bakearen aldeko kontzertua baino Independence Day amerikanoa zirudien.
  • Argazkirik ezin (omen) zen atera, baina atera genituen batzuk. Han egon ginela esateko besterik ez bada…

3 iruzkin “Bob Dylan eta Mikel Laboa ikusten Zurriolan” bidalketan

  1. Imamon

    Ni ere atzo zurriolan izan nintzen. Mikel Laboaren kontzertua galdu genuen alde zaharrean poteatzen egon ginelako. Garestia da Ñoñostin poteatzea! Eskerrak kontzertua debalde zela…

    Erantzun
  2. Mathiasen kopilotua

    Aupa Uxo & Cia!

    Ba ni ere hortxe inguruan egon nintzen… Nafarroako ikurriñak gidatu ninduen lagunengana… Lagun askorik ez nuen egin bidean… Hala ere, zegoen giroa izan zen onena.

    Ez nintzen Laboa ikusteko garaiz heldu (pena!) baina Dylanekin soinua eskasa iruditu zitzaidan neri ere. Dylan, Van Morrison eta horrelakoen jarrera lotsagarria da.

    Su artifizialetan jarri zuten musika, negargarria. Ez zegoen ezer modernuagorik?

    Ni ere trenean joan nintzen Zumarragatik eta zu bezala 40 urtetik beherakoa naiz…

    Ea telefono kabinan berbetan zarela argazkirik jartzen duzun! Gaur ez da horrelakorik ikusten. Ezta metxeroak piztuta Dylanen kantuetan…

    Ondo segi eta zorionak kronikagatik.

    Erantzun
  3. Uxo

    Jo, aurretik jakin izan banu joango giñen danok batera, ez?

    Edu, sentitzen dot, baina kabinan neuala ez neban argazkirik etara. Egixa esan, ez neukan burua argazkixetan pentsatzeko. Hori estresa neukana! Ai ama! Mobil barik!! Mundua bukatuko da!!!

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude