Community Managerraren garrantzia erakunde baten hizkuntza erabileran

EMUNek
martxan jarri duen Enpresen sareko hizkuntzak proiektuan
Community Managerraren inguruan
idazteko gonbidapena jaso dut. Galdera honi erantzuten saiatuko naiz:
Ze garrantzi du Community Managerrak erakunde baten hizkuntza
erabileran, duen sentsibilitateagatik, gaitasunagatik…?

Community Managerra(CM) izena azken boladan
modan jarri den termino eta lanbidea da, baina ingelesezko izen
horren atzean komunitate baten kudeatzailea dago. Interneten azken
urteotan sortu diren gizarte-sareekin geroz eta garrantzi handiago
hartu du komunitatea kudeatzeko zereginak. Azken finean, Community
Managerra enpresaren ahotsa da enpresatik kanpo, eta bezeroaren
ahotsa enpresa barruan. Horregatik, garrantzitsua izango da beti
CMaren jarrera erakunde baten hizkuntza erabileran.

CMak jakin beharko du zein hizkuntza
irizpide dituen kudeatu behar duen enpresa edo erakundeak eta
irizpide horien arabera jardun beharko du Interneten. Behin honaino
iritsita, suposatuko dugu euskara lehenetsita izango duela gure
enpresa edo erakundeak, eta hori kontuan hartuta lan egin beharko du
komunitate kudeatzaileak.

Hizkuntzaren erabilera,
kudeatzailearen egitekoen arabera

Entzun: gure enpresari buruz
sarean diotena jakin behar du etengabe. Horretaz gain, lehiakideez
diotena ere jakin behar du. Horretarako merkatua ondo zehaztua egon
beharko da, baita lehiakideak zein diren ere.

Lan hau egiteko erabiliko ditugu iturri
ezberdinak: blogetara harpidetu, twitter kontuak jarraitu, Facebooken
jarraitzaile egin, Flickrreko argazkiak edo Youtubeko bideoak
jarraitu… Hizkuntza erabilerari begira garrantzia izango du zeini
jarraitzen diogun, gero horrek gure sareko portaera ere alda
baitezake. Twitterren, adibidez, gure enpresak edo markak jarraitzen
dituen kontu guztiak gaztelaniaz ari badira, gaztelaniazko komunitate
batean egongo gara. Zaila izango da hor euskaraz jardutea, gure
markak edo enpresak hala lehenetsita izan arren.

Informazio hori enpresa barruan
hedatu
: entzundakotik informaziorik inportanteena jaso eta
enpresa edo erakundearen barruan zabalduko du. Hori egiteko CMak
erabiliko ditu neurketak, analitikak,… nahiz eta sarean horretarako
programa askorik (edo batere ez) ez egon horretarako, saiatu beti
euskaratzen eta enpresa barruan informazioa euskaraz ematen.

Komunikatu: enpresan edo
erakundean euskaraz komunikatzea baldin badago lehenetsita, hizkuntza
horretan hasiko ditugu elkarrizketak komunitateetan ere. Komunitate
kudeatzailea enpresaren ahotsa da komunitatearen aurrean.

Ez dira gutxietsi behar euskaraz ez
dakiten bezeroak edo gure markaren inguruko komunitateetako kideak.
Beti adi egon behar da zer dioten guri buruz eta kexaren bat baldin
badago hizkuntzaren inguruan enpresaren baloreak ondo azaldu.

  • Twitterren Joxe Rojasen
    artikuluari
     
    (eta artikuluko iruzkinei) kasu egingo diogu eta Facebooken
    jarduteko adibide ona da Ternuarena.

  • Enpresaren blogean euskarari
    emango zaio lehentasuna: lehenengo euskarazko artikulua argitaratu
    eta beste hizkuntzaren bat ere erabiltzen bada, handik denbora
    batera argitaratu. Dena dela, ez dago guztia hizkuntza ezberdinetan
    argitaratzen ibili beharrik. Artikulua zuzenduta dagoen
    komunitatearen edo merkatuaren araberakoa izango da erabiliko dugun
    hizkuntza ere; euskara, beti.

  • Tag edo etiketak jarri argazkiei,
    bideoei, artikuluei… euskaraz lehenengo, eta nahi bada, beste
    hizkuntza batzuetan ere bai.

Enpresaren eta komunitatearen arteko
elkarlanerako bideak bilatu
:
bilaketa horretan
komunikaziorako
erreminta ezberdinak izango ditugu askotan aurrean; euskarazko
bertsioak dituzten aplikazioak erabili, ahal den heinean.

Horiek dira
eguneroko lanetik euskararen alde egiteko bururatzen zaizkidanak.
Seguru egongo direla gehiago; iruzkinak ondo-etorriak izango dira.

4 iruzkin “Community Managerraren garrantzia erakunde baten hizkuntza erabileran” bidalketan

  1. txerra

    Orokorrean ados nago zuk esandakoarekin, baina bi ohartxo egin gurako nituzke:

    – Nire ustez, euskaraz aritu behar den CM batek ezagutu egin behar du euskarazko sare sozialen egoera, euskarazko sare sozialetan “guruak”-edo zeintzuk diren, eta abar. Mundu horretatik oso aparte ezin da ibili. Euskarazko komunitatea egon badago, eta bere arauak, guruak, esamoldeak eta abar ditu, eta horiek jagon egin behar dira.

    – Bigarrenez, euskarazko tresnak, edukiak eta abar ezagutu behar ditu. Euskara ezagutu bai, baina horrekin ez da nahikoa.

    Erantzun
  2. Uxo

    Ados esandakoarekin, Txerra. Zure lehen puntua Entzun ataleko gehigarri izan daiteke. Eta bigarrena nire azken puntuarekin 🙂 Eskerrik asko ekarpenagatik!

    Erantzun
  3. Edurne

    Ados zuk diozunarekin. Baina oinarrizko gauzak izan arren, nik honako hauek ere gehituko nituzke:
    – Community Managerra izendatzerakoan hau euskalduna izatea
    – Euskaraz zuzen eta egoki idazteko gai dena, erabilera desegokiek (ortografia akatsak…) enpresaren irudiari kalte egin diezaiokete.

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude