Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Hegal egiten (VI)

Hegal egiten (VI)

Mikel Iturria 2016/04/17 21:10
Poch & Derribos Arias. Édipo (Companhia do Chapitô). #KatiuskaErronka

Poch & Derribos Arias

Ostiral arratsaldea, Ernest Lluch Kultur Etxean hitzordu bikoitza. Alde batetik, Carlos Rego kazetariak Derribos Arias taldeari buruz idatzi duen liburuaren aurkezpena. Bestetik, Rafael Berriok alma mater izandako Poch-en omenezko kontzertua (PochXBerrio).

Ricardo Aldarondok parte hartu behar zuen aurkezpenean, baina azken orduko lan arazoak zirela medio ezin izan zuen egon (bai ondorengo kontzertuan). Carlos Rego, Alejo Alberdi (Derribos Arias taldeko kidea), Rafael Berrio eta Gregorio Gálvezek aurkeztu zuten liburua. Nik ez dut irakurri eta ez nuen taldea gertutik jarraitu garai hartan, baina aurkezpenak bere xedea lortu zuen: liburua irakurtzeko gogoa piztea.

Ordu erdiko atsedenaldiaren ondoren, publikoak antolatzaileak jarritako zerbezak edaten pasa zuena, Rafael Berrio igo zen kultur etxeko eszenatoki txikira. Berarekin batera, Iñaki Huarte Fisuras (gitarra), Ikerne Giménez (baxua) eta Nagore Etxabe (bateria). Elena Setien ere egon zen taula gainean, baita Carlos Rego bera ere.

Aretoa txikia da, baina aulkiak kenduta asko irabazten du horrelako kontzertu bat egiteko. Argiztapenak lagundu zuen garai bateko institutuetako areto itxura izateko. Soinua oso ona eta taldeak errepaso ederra eman zion errepertorioari.

Adibide gisa hona hemen Javi Haspik grabatutako "Íntima decoración".

Édipo (Companhia do Chapitô)

Larunbat iluntzean, berriz, Egiako Gazteszena aretoa lepo bete zen Portugalgo konpainia honen Edipoa ikusteko. Nik ez nituen inoiz ikusi, baina behin baino gehiagotan etorri dira Donostiara eta Euskal Herrira.

Teloia zabaldu zenean, eszenatoki hutsa agertu zen ikuslearen begi aurrean. Berehala agertu ziren hiru aktoreak eta dena bete zuten. Apartekoa pertsonaia eta giro guztiak irudikatzeko orduan azaldutako abilidadea.

Antzezlan mordoa ikusten duen lankide batek esan zidan, iaz ikusi zuen antzezlanik onena izan zela hau. Berriro joan zen ikustera, haurrekin batera atzo. Eta haurrek oso ondo pasa zuten.

Zuen herrira hurbiltzen bada Companhia do Chapitô, zoazte ikustera. Ez horregatik.

#KatiuskaErronka

Donostia Kulturako langile talde batek martxan jarritako Katiuska Erronka ekimenaren ekitaldi nagusia izan da gaur eguerdian San Telmo Museoaren aurreko Zuloaga plazan. Europara iristen diren errefuxiatuentzako botak jasotzea eta pairatzen duten egoera salatzea izan dira kanpaina honen helburu nagusiak.

Ez dakit zeintzuk ziren espektatibak baina larunbatera arte 15.000 bota pare bildu dira Gipuzkoan. Izan ere, talde eragileak abiatutakoa beste hainbat jendek (lagun koadrilak, erakundeak, enpresak, udalak, ikastetxeak...) egin du berea. Eta oso anitza suertatu da, zorionez. Datozen egunetan jakingo dugu zenbat bildu den orotara.

Herritarrek igande goizean ekarritako botekin instalazioa egin du Zuhar Iruretagoiena artistak. Hona hemen Javier Hernández-en argazki esanguratsua.

Javier Hernández-en argazkia: #KatiuskaErronka

Bigarren hau nirea da:

#KatiuskaErronka

Volando voy (VI), este apunte en castellano.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter