Politika -

Polemika

Eurovisionek barkamena eskatu du ikurriñari ezarritako betoagatik

Alderdi politiko guztiak eta Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua ados jarri dira, eta euskal banderaren alde egin dute.

Festibalaren arauek 2013tik tokian tokiko ikurrak debekatzen dituzte

1:08

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eurovisionek zerrenda bat plazaratu zuen, non zehaztu zuen zein bandera dauden "bereziki debekaturik" festibalaren hurrengo edizioan (maiatzaren 14an izango da, Stockholmen, Suedian), eta ikurrina zerrenda beltz horretan zegoen; hori dela eta, polemika labur baina bizia sortu da, eta hizpide izan dute komunikabideek ostegun gauetik. Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak eta alderdi guztiek hitz egin dute gertatutakoaz, eta, ohi ez bezala, denak izan dira ados: kolore eta ideologia askotariko alderdi eta erakundeek euskal banderaren alde egin dute, aho batez.

Ostegun gauean piztu zen eztabaida: maiatzaren 14ko hitzordurako sarrerak saltzen dituen webguneetako batek plazaratu zuen dokumentu bat zeinak azaltzen zuen zein arau dauden bertara eramatekoak diren banderei eta entseinei buruz.

Arau horietan, festibaleko antolatzaileek argitzen zuten ez dagoela onartuta erakustea "toki-, eskualde- edo probintzia-banderak".

Dena dela, debeku orokor horrekin batera, bederatzi banderetako zerrenda beltz bat ere txertatzen zuten; bertan, "bereziki ez onartuta" dauden bandera batzuk agertzen ziren. Horietan, hain zuzen, ikurrina zegoen, bai eta Estatu Islamikoaren bandera ere, besteak beste.

Ikurrina "bereziki debekatuta" egoteak, eta, batez ere, aipatu talde terroristako banderaren parean jartzeak, hautsak harrotu ditu alderdien artean, bai eta Eusko Jaurlaritzan eta Espainiako Gobernuan ere. Denek agertu dute euren haserrea eta galdatu diote festibalari errektifikatzeko eta ikurrina ez kriminalizatzeko.

Polemika politiko handia

Ildo horretan, Iñigo Urkullu lehendakariak eskatu dio Eurovisioni ikurrina zerrenda horretatik kentzeko; izan ere, Euskadiko bandera ofiziala da. Gainera, Urkulluk esan du ez litzatekeela "keinu txarra" Espainiak festibalean parte hartzeari uko egitea, baldin eta antolatzaileek atzera egingo ez balute.

Goiz osoan zehar, Eusko Jaurlaritzak Suediak Espainian duen enbaxadarekin egin ditu kontaktuak; halaber, Manuel Garcia-Margallo eta Alfonso Alonso Kanpo Arazoetako eta Osasun jarduneko ministroekin ere izan du etengabeko harremana. Alonso, halaber, Euskadiko PPren presidentea da.

Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkarik hitz egin dute, halaber, RTVEko presidentearekin eta zuzendari korporatiboarekin, alegia, Jose Antonio Sanchez eta Enrique Alejorekin; errektifikazio arina eskatu diete biei.

Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Gobernuko jarduneko Kanpo Arazoetako ministroak, ordea, "premiazko errektifikazioa" eskatu du, eta Suedian Espainiak duen enbaxadak, gainera, premiazko gestio informala egin du; berorren xedea izan da Eurovisioneko antolatzaileek zerrenda zuzen dezatela.

Euskal alderdiei dagokienez, guztiek, salbuespenik gabe, defendatu dute ikurrina, eta adierazi dute "iraingarria" zela zerrenda beltz horretan egotea.

Eurovisionen erreakzioa

Polemikaren ondorioz, Eurovisionek barkamena eskatu behar izan die irainduta sentitu ahal izan diren guztiei.

Ohar batean, festibaleko antolatzaileek aseguratu dute ulertzen eta aitortzen dutela zerrenda hau publikatzeak ekarri duen sentsibilizazioa: "Debekatutako banderak agertzen ziren, hainbat erakunde eta lurraldekoak; bakoitzak du bere jatorria, eta desberdinak dira euren artean".

Antolatzaileek azaldu dutenez, bereziki ez onarturik zeuden banderen zerrenda "eredu-sorta zen", eta ez zegoen aurreikusita argitaratzea; agindu dute segituan aldatzea. Lehen, izenburua zuen "debekatutako banderak", eta jarraian zehazten zuten nola zerrendako banderak "bereziki ez onartuak" ziren; orain, zerrendak izena du "debekatutako banderen adibideak", eta, jarraian, adierazten dute: "Bereziki ez onarturik dauden bandera-ereduak dira hauexek". Gainera, Estatu Islamikoaren bandera argi eta garbi diferentziatuta dago; beste txoko batean azaltzen da, eta hala dago zehaztuta: "Arestian aipatutako banderez gain, bandera hau zeharo debekatuta dago".

Neurri honekin, funtsean, ikurrinak jarraitzen du debekaturik festibalean; izan ere, eusten diote toki-, eskualde- edo probintzia-bandera guztientzako betoari. Hori bai, dagoeneko ez dago Estatu Islamikoaren banderaren parean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Europa bideoak Espainiako Gobernua albisteak Alderdi politikoak bideoak Gaurko azken orduko albistea Ikurrina albisteak