Gizartea -

SEXU-ERASOA KORDOBAN

Sanferminetako bortxakegatik auzipetutakoen lagunek deklaratu dute Kordoban

Iazko sanferminetako bortxaketagatik akusatutako bost lagunetako lauri Kordoban 21 urteko emakume bati sexu-abusuak egitea leporatzen diote.

Sanferminetako talde bortxaketako bost akusatuetako lauri beste eraso bat leporatzen diete. EFE
Sanferminetako talde bortxaketako bost akusatuetako lauri beste eraso bat leporatzen diete. EFE
Sanferminetako talde bortxaketaren 4 auzipeturen lagunek deklaratuko dute

1:18

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pozoblancoko Lehen Auzialdiko 1 zenbakiko Epaitegian deklaratu dute iazko sanferminetako talde bortxaketagatik akusatutako bost gizonetako lauren hiru lagunek. Izan ere, horietako lauri 2016ko maiatzean 21 urteko emakume bati Torrecampon (Kordoba) sexu-abusuak egitea leporatzen diete.

Iruñeko kasuagatik auzipetutako bost lagunak behin-behinean espetxean daude, Nafarroako Probintzia Auzitegiak defentsak egindako askatasun eskaera baztertu ostean. Kasu horretan, epaiketa epaiaren zain dago.

Iturri judizialen arabera, hiru lagun horiek lehenago deklaratu behar zuten, baina Iruñeko epaiketa zela-eta agerraldia atzeratu egin zen.

Kordobako auzian, lau akusatuek uko egin zioten ibilgailuaren barruan gertatu zenaren (bideoz grabatu zuten) eta WhatsApp sare sozialean zabaldutako mezuen inguruan deklaratzeari. Aipaturiko bideoa WhatsAppez zabaldu zuten.

Beraz, lau ikertuek bideoaren edukiaz salbu beste galdera guztiak erantzun zituzten. Defentsaren esanetan, bideoa beste prozedura judizial batetik "baimenik gabe" gehitu da eta, horrenbestez, akusatuen oinarrizko eskubideak "urratu" dira.

WhatsApp bidez zabaldutako bideoan eta horren inguruan egindako iruzkinetan bortxaketa zantzu argiak ikusi zituen Iruñeko epaileak. Arrazoi horregatik, gertatutakoa argitzeko ardura Kordobako epaitegiari eman zion joan den hilabetean.

Iruñeko epailearen ustez, "zantzu argiak daude biktima konorterik gabe uzteko substantziak erabili zituztela ondorioztatzeko". Ebazpenean jaso zuenez, autoan sartu bezain pronto, neskak kordea galdu zuen. Hala, ibilgailuan bertan bortxatu zutela gaineratu zuen epaileak.

Epailearen arabera, akusatuek autoaren barruan gertatutakoa bideoan grabatu zuten eta, jarraian, WhatsApp bidez zabaldu zuten. Neska esnatu zenean, "erabat biluzik zegoen", atzeko jesarlekuan eserita. Orduan, auzipetu batek sexu-harremanak izatea eskatu zion neskari, baina ezetz esan zuenez, birritan jo eta ibilgailutik kanpora bultzatu zuen.

Salaketa jarri zuen 21 urteko emakumeak birritan deklaratu du epailearen aurrean. Emakumeak Iruñeko epailearen aurrean esandakoa berretsi zuen Kordobako Auzitegian.

_________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Iruñeko albisteak Tratu txarrak Gaurko albisteak Nafarroan Espainia argazkiak Sanferminak 2024 Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea