Euskadiko Xake Kopako lehen kanporaketa irabazi dute Xaputarrek

Uztarria.eus 2016ko mai. 9a, 14:03

Joan den zapatuan, maiatzak 7, Euskadiko Xake Kopako lehen kanporaketa jokatu zuten Xaputarrak Azpeitiko Xake Taldeko kideek. Aitor Priya, Iñaki Uranga, Gorka Uranga eta Patxi Isasmendi aritu ziren lehian Bergarako Zaleak A taldearen aurka, eta 1-3 nagusitu ziren azpeitiarrak. Horrenbestez, txapelketako bigarren kanporaketa jokatuko dute Xaputarrek.  

Beste hitzordu bat ere izan zuten azpeitiar xakelariek larunbatean. Izan ere, Azkoitian izan ziren, Elgoibarko xake taldeak azkoitiarrei botatako erronkan parte hartzen. Azpeitia, Azkoitia, Getaria, Legazpia, Elgoibar, Urnieta, Elorrioko 46 xakelarik hartu zuten parte erronkan. 

Herri galdeketari babesa

Xaputarrak Xake Taldeak, Hitzartuk ekainaren 5ean egingo duen herri galdeketa bebesteko xake txapelketa antolatu du iganderako, asteburuan egingo den Kirol jaiaren baitan. Txapelketa sanagustinpean izango da, 10:30ean hasita. Izena emateko urangajedrez@gmail.com helbidera edo 665-700 501 zenbakira mezu bat bidali behar da. Guztira 7 partida jokatuko dituzte, eta jokalari bakoitzak 10 minutu izango ditu.