Auzarazako etxe batzuetako balkoiak botatzera derrigortu du Udala epai batek

Uztarria.eus 2016ko mai. 10a, 11:10

EAEko Auzitegi Nagusiak 18. karrerako balkoiak botatzea eskatu du, Esklabetako lursailaren aldera daudenak. Urbanizazio osoko atikoak -laugarren solairuetakoak- deuseztea eta soilik ganbara erabilerarako baimentzea ere agintzen du epaiak. Epaiaren jakinarazpena jasotzen duen unetik exekutatzeko bi hilabeteko epea ezarri zaio Udalari. Egoera aztertzeko batzorde berezia sortu dute Udalean.

Auzarazako etxebizitzen gatazka luzeari epai irmo bat gehitu zaio azken egunotan. EAEko Auzitegi Gorenak eman du epaia eta, beste behin, etxebizitza horien eraikuntza auzitan jarriz lehen aldiz orain dela hamasei urte auzitegietara jo zuten auzi-jartzaileen aldekoa da, eta Azpeitiko Udalaren eta Promociones Leku-Eder SAren kontrakoa.

Epaiak agindutakoa betez gero, ordea, eragin zuzenak Auzarazako etxejabeek pairatuko dituzte. EAEko Auzitegi Gorenaren azken epai horrek "derrigorrez bete beharrekoa" dela dio eta hiru neurri nagusi ezartzen ditu. Batetik, urbanizazioko teilatupeko etxebizitza guztietan -laugarren solairukoetan, alegia- dituzten atikoak deuseztea, etxebizitzen barrukaldetik atikoetara dauden sarbideak indargabetuz, eta gaur egun bizileku gisa erabiltzen diren gune horiei ganbara erabilera soilik baimenduz. Bestetik, Esklabetako eremuaren lursailen aldera dauden balkoiak botatzea agintzen du epaiak; eta, horrekin batera, lursail beraren zatia hartzen duten urbanizazioaren elementuak ere kentzea. Azkenik, Ezkerretegiko errekatxoa estalgabetzea agintzen du epaiak, gainean eraikinik ez duen guneetan, beti ere. Epaia betearaztearen kostuak, berriz, Udalaren gain geratuko lirateke.

Epaiaren jakinarazpena jasotzen duen unetik exekutatzeko bi hilabeteko epea ezarri zaio Udalari. Egoera aztertzeko batzorde berezia sortu dute Udalean.

Gatazkaren erdian, hasieratik

Auzarazako AIU 14ko etxebizitzak (76 guztira, bi bloketan banatuta) 1999an hasi ziren eraikitzen eta, ia une beretik, auzibidean egon dira. Arau Subsidiarioek markatzen zituzten eraikuntzaren alineazioak ez betetzeagatik eta Arau Subsidiarioek markatutakoa baino gehiagoko eraikuntza egoteagatik -laugarren solairuetako atikoak-, eraikuntza errekurritu egin zuten Joan Amenabarrek, Jabier Iturraldek eta Jexux Larrañagak. Jose Mari Bastida alkate zela, Udalak baimenak mantentzea erabaki zuen eta Promociones Leku-Eder SAk aurrera jarraitu zuen etxebizitzen eraikuntzarekin eta eskaintzarekin. Gutun hau argitaratu zuten auzi-jartzaileek 2001eko martxoko Uztarria aldizkarian.

Harrezkero, Auzarazako etxeen auziak bide luzea eta korapilatsua izan du. Epaiak eta helegiteak, errekurtsoak eta epaiak, EAEko Auzitegi Gorenak eman duen oraingo honetara iritsi arte. Epai guztiak edo gehientsuenak, hori bai, auzi-jartzaileen aldekoak izan dira; gaur egun, auzi-jartzaile bakar bezala agertzen da agirietan Belen Aginagalde, Jabier Iturralderen emaztea. Horrela, 2007an Espainiako Auzitegi Gorenak Auzarazako etxeak legez kanpo eraikita zeudela ebatzi zuen, 2003an EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaia berretsiz eta Udalaren eta eraikuntza enpresaren helegiteak atzera botata. Epaiak eraikitakoa botatzea agintzen zuen, baina Azpeitiko Udalak sententzia exekuta ezina zela onartzea eskatu zuen.

2008ko apirilean, beste gutun hau argitaratu zuten auzi-jartzaileek. Bertan, besteak beste, "sententziak ez exekutatzeko prozedura guztiak agortuta" zeudela zioten, etxebizitzak legalizatzeko bide juridiko guztiak "itxita", eta "inplikatutako aldeen akordio baten bidez izan ezik" ezingo zela auzia konpondu. "Gainera, hemendik aurrera, sententzia horiek irabazi ditugunok eskubidea dugu sententzia hori derrigorrean betetzea exijitzeko", zioten. 2010ean, sententziaren exekuzioaren prozedura etetea eskatu zuten auzi-jartzaileek. Baina 2012ko abenduan, Espainiako Auzitegi Gorenak 2007ko Arau Osagarrien berrazterketa baliogabetu ondoren eta baliogabetze hori medio Udalak Auzarazarako Plan Berezia behin betiko onartu bezperetan, auzi-jartzaileek bere garaian exekutatu gabe gelditu zen epaia abian jartzeko eskaera egin zuten EAEko Auzitegi Nagusian. Plan Berezia onartzeko ez-ohiko plenoan jakinarazi zuen hori Udalak.