Herri Urrats

Herri Urratsen 37. aldia kolegioak laguntzeko eginen dute

Gaki ge (bagoaz) lelopean egingo dute Herri Urrats, maiatzaren 10ean. Kolegioetako ikasle kopuruaren gorakadari erantzuteko eraikin berriak diruztatzeko izango da.

Herri Urrats aurkeztu dute, aurtengo marrazkiak irudikatzen duen txapela buruan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko urtarrilaren 15a
13:00
Entzun

Seaskako lau kolegioak ikaslez «gainezka» daudela azaldu du Peio Jorajuria elkarteko lehendakariak. Aterabide berriak behar ditu Seaskak beharrari erantzuteko. Horregatik, Piarres Larzabal, Ziburuko (Lapurdi) kolegioak jasoko du Herri Urratsen laguntza. Maiatzaren 10ean iraganen da ekitaldia, Senperen (Lapurdi). Lehen aldiz, 1.000 ikasleen heina gaindituko dute Seaskako lau kolegioek 2021. urtean. Ziburuko ikastetxea 300 ikasle eskolatzeko prestatua da, baina gaur egun 321 ikaslek ikasten dute han. «Ikastetxe horren hazkundeari aterabide bat atzemateko azken epea dugu aurtengoa», azaldu du Jorajuriak. Oraindik ez dakite zehazki «noiz, non eta nola» egokituko duten plangintza. Aukera bat baino gehiago aipatu dituzte: eraikina handitzea, ikasleen banaketa karta egokitzea, eta Lapurdi kostaldean kolegio berri bat eraikitzea. «Egia erran, denborak harrapatu gaitu, eta ikasleen hazkundea gure obren plangintza baino fiteago doa. Beharrak ahalak baino anitzez fiteago garatzen ari dira», Jorajuriak esan duenez.

Antolatzaileek nabarmendu dute urtero egiten den ekitaldia ez dela «besta bat soilik». «Ipar Euskal Herriko ikastolen sostengatzeko hitzordu nagusia da» Emile Negelua Seaskako gurasoaren ustez. Jorajuriak nabarmendu du irakasle postuen negoziazioetarako azken epea ere izan ohi dela Herri Urrats. «Aurten ere negoziazioak egin behar ditugu beharrezkoak ditugun postuak ukaiteko. Estatuarekin hizketan ari gara, baina oraindik ez dugu ezer irabazia».

Ihintza Bidart Herri Urratseko koordinatzaileak aurkeztu ditu aurtengo lema eta marrazkia. Gaki ge Senpere aldeko (Lapurdi) euskalkian erabiltzen da, «bagoaz» esateko. «Herri Urratserat Gaki ge euskarari behar duen sostengua ematerat, geroa euskaraz eraikitzerat, brebeta eta baxoa euskaraz izan daitezen erdiesterat» aldarrikatu du Bidartek. Marrazkiak Herri Urratsen egunean lagun askok burugainean daramaten xapelari egiten dio erreferentzia, ikurrina eta lauburuarekin: «aurten logo bihurtu dugu urtez urte hainbeste agertu den xapela». Urtero bezala, kantu berezia izango du 37. aldiak. Diabolo Kiwi talde garaztarrak musikatu ditu Ortzi Idoate bertsolariaren hitzak. Ondoko asteetan entzuten ahalko da, bideoklipa grabatzen ari baitira oraindik.

Giroa prestatzen hasteko, ekitaldi zenbait antolatu dituzte Seaskaren laguntzeko. Lehenik, Zapiain, Astigarragako (Gipuzkoa) sagardotegian egingo dute bertso afaria, urtarrilaren 31n. Iker Zubeldia eta Amets Arzallus arituko dira. Otsailaren 9an, BECtso saioa izanen da Senpereko (Lapurdi) Larreko gelan: Euskal Herriko bertsolari txapelketako zortzi finalistak ariko dira kantuz. Azkenik, otsailaren 20an GO!azen telesaileko azken denboraldia estreinatuko dute; lekua zehaztu behar dute oraindik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.