NUPek eskatu du eusteko urtebetez goragoko itunei finantzaketan

Ikasturtea hasi dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan. MU Mondragon Unibertsitateak «berrikuntza» goratu du berriz martxan jartzean

NUPen ikasturte hasierako ekitaldian, atzo, Gonzalo eta Txibite. IÑIGO URIZ/FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Finantzaketa ereduari eta unibertsitateek gizartean jokatzen duten rolari erreparatu dio Ramon Gonzalo NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak ikasturtearen hasierako ekitaldian. 400 pertsona inguru eta hainbat ordezkari instituzional bildu ziren atzo unibertsitateko El Sario eraikinean, eta Maria Txibite Nafarroako lehendakariarekin batera hartu zuen hitza Gonzalok.

Errektoreak kezka nagusi bat plazaratu du. «Funtsezkoa da unibertsitateari kudeaketa autonomia eta egonkortasuna esleitzen dioten finantzaketa akordioak gaurkotzea». Izan ere, 2017-2018ko ikasturtearen hasierako ekitaldian iragarri zuen orduko lehendakari Uxue Barkosek NUP finantzatzeko hitzarmen aitzindari bat: aurrenekoz sinatu zuten Nafarroako Gobernuak eta unibertsitateak urtebetez baino gehiago luzatuko zen finantzaketa itun bat. Ordura arte, aurrekontuaren eta emaitza akademikoaren araberakoa izaten zen unibertsitate publikoa finantzatzeko erabiltzen zen dirua. Orain, gobernu aldaketa dela medio, eredua berrestea ezinbestekoa dela gogoraraztea garrantzitsua iruditu zaio errektoreari. Txibitek baieztatu egin du jarduteko erari eusteko asmoa: «Akordioak mantenduko ditugu».

Lehen ikasturte hasierako ekitaldia du Gonzalok —maiatzean izendatu zuten errektore—, eta, inbertsioaz gaindi, beste kezka bat izan du hizpide. Paradigma aldaketa bat nabari du. «Talkan daude unibertsitatearen arima eta baloreak; eta presio ekonomiko, sozial eta politikoa». Oreka bilatu nahi du: garai berrietarako beharrak eta tradizioa uztartzen dituen estrategiak garatu behar direla uste du. Txibitek unibertsitate publikoari babesa erakutsi dio, eta zenbait neurri iragarri ditu: NUPen ikasteko 3,3 milioi euroren diru laguntzak eskaini nahi ditu.

Nafarroan legez, Mondragon Unibertsitateak ere atzo egin zuen ikasturte hasierako ekitaldia. Vicente Atxa errektoreak erronka nagusiak aipatu ditu: «Berrikuntza, etengabeko formakuntza eta ikerketa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.