Koronabirusa

Sagarduik «tentuz» jokatzeko eskatu du, joera «goranzkoa» delako

Sailburuaren hitzetan, goizegi da beste olatu bat datorrela esateko, eta ez dago jakiterik «goranzko» bilakaerak zer eragin izango duen ospitaleetan

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Gaur hogei egun bete dira Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia indargabetu eta COVID-19a ez hedatzeko neurri gehienak bertan behera laga zituenetik. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ohartarazi du birusa ez dela desagertu, eta «tentuz» jokatzeko eskatu du, birusaren hedapenaren joera «goranzkoa» delako. Atzo eman zuen bilakaeraren berri, gobernu bileraren ostean.

Azken egunetan, birusaren joera «goranzkoa» da, Sagarduiren hitzetan, eta hori berresteko datuak eman ditu: azken hamabi egunetan, handitzen ari da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia metatua, eta hala jarraituko duela uste dute. 76,1 kasukoa da egun; beraz, gainditu egiten du Eusko Jaurlaritzak muga gehienak kentzeko ezarritako 60 kasuren muga. Osasun larrialdira itzultzea pentsatzen ari ote diren galdetu diotenean, esan du kontuan eduki behar direla beste adierazle batzuk ere; hala nola ospitaleetako egoera, ZIUetakoa, gaixotutako pertsonen profila eta haien larritasuna.

Gainera, esan duenez, igoeraren intentsitatea aurrekoetan baino apalagoa da. «Oraindik goizegi da beste olatu bat datorrela esateko». Lehenago ere ikusi denez, birusaren aldaera berriek eragina izan dezakete positiboak areagotzean, baina, oraingoz, ziurtatu duenez, ez dute aurkitu birusaren aldaera berririk.

Kazetariek agerraldiei buruzko informazioa ere eskatu diote, eta Basurtuko erietxekoaz aritu da. Orotara, 30 positibo atzeman dituzte: 21 gaixok, sei bisitarik eta hiru langilek eman dute positibo. Egun agerraldia «kontrolpean» dagoela ziurtatu du.

Ospitaleetako datuak ere eguneratu ditu Sagarduik: 78 gaixo daude ospitaleratuta Osakidetzan, horietako 24 ZIU zainketa berezietako unitateetan. Sagarduiren esanetan, beste batzuetan ere geroago nabaritu izan da kasuen ugaritzea ospitaleetan, eta, momentuz, igoerarik ez dago ZIUetan. Ez du argi zein izango den bilakaera: «Oraindik goizegi da ikusteko goranzko joerak zer bilakaera izango duen». Esan du erietxeetan txertatutako nahiz txertatu gabeko gaixoak daudela, baina batez ere txertatu gabekoen kasuak direla larrienak. Hori horrela, oraindik txertorik hartu ez dutenak txertatzera animatu ditu, eta gogorarazi die ordua hartzeko aukera dutela osasun etxera deituta edo Osakidetzaren webgunearen bidez.

Nafarroan, delta plus

Jakinarazi dutenez, Nafarroan delta plus aldaeraren kasu bat atzeman dute. Esan dute kasu inportatua dela, Erresuma Batura egindako bidaia batean kutsatua. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariaren arabera, positibo horrek ez du agerraldirik sortu: «Ez dago agerraldirik, pertsona horren kontaktuek —familiako kasu jakinen batek izan ezik— negatibo eman baitute».Nabarmendu du sekuentziazioa zein garrantzitsua den horrelako aldaerak atzemateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.