Hego Lapurdiko hautetsiek salaketa jarriko dute Larhun aldeko suteengatik

Mendiko laborantza suteen aukera guztiz baztertu dute auzapezek. Mugaz gaindiko harremanak sustatzeko beharra azpimarratu dute

Hautetsiak atzo Urruñan egin zuten prentsaurrekoan. GUILLAUME FAUVEAU.
Andrea Ibarra - Oihana Teyseyre Koskarat
Urruña
2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Bidaso aldean asteburuan piztutako suteen harira, Hego Lapurdiko hautetsiek salaketa jarriko dutela iragarri zuten atzo. Battitt Laborde Sarako auzapeza eta Euskal Hirigune Elkargoko mendiaren arduradunak, Solange Demarcq-Egiguren Biriatuko auzapezak, Joseba Erremundegi elkargoko mugaz gaindiko elkarlanerako hautetsiak, Eneko Aldana Ziburuko auzapezak, Filipe Aramendi Urruñako auzapezak eta Jean Louis Fournier Azkainekoak aho batez salatu zuten sute «kriminalak» izan direla.

Suteak izan diren Iparraldeko herrietako hautetsiek salaketa jarriko dute Baionako Jerome Bourrier prokuradoreak abiatutako ikerketaren barruan. Ikerketa zabaldu berria bada ere, berehala gezurtatu zuten mendiko laborantza sutearen hipotesia. Izan ere, mendialdea garbitzeko suteak egiteko, herriko etxeen baimena beharrezkoa da. Auzapezen arabera, ez zen eskaerarik izan iragan astebururako. Laborde: «Ez zen laborantza suteak debekatzeko beharrik ere izan, laborariek berek badakitelako larunbateko haizearekin ezinezkoak zirela». Laborarien kontrako «kriminalizazioa» gaitzetsi zuen Aramendik, era berean. Hautetsiek mendialdearen zaintza hobeto kudeatzeko Gure Mendia proiektua baliatuko dute.

Nafarroako Gobernuak ere martxan du Berako eta Lesakako suen inguruko ikerketa; lehen zantzuen arabera, uste dute gizakiaren jardunarekin lotuta egon daitekeela sutea. Kalteen ondoriozko salaketak ere jasotzen hasiak dira gobernuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.