Koronabirusa

TERMOMETROA (XIV)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolako (Gipuzkoa), Iruñeko, Baionako, Donostiako eta, halabeharrez —ahotsetako batek anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
«Birus honen aitzakian,
handiei begira egiten da arraun»

Josebe Blanco Baserritarra
    Arkume batzuk hiltegira eraman ditugu gaur, Oñatiko Zubillagara. Hiltegi publikoa da, eta txikia. Zatiketa gela daukanez eta ontziratzea ere egiten duenez, ezinbestekoa da salmenta zuzena egiten dugunontzat. Joan den ostiralean jakin genuen, bada, Eusko Jaurlaritzak, Hazi Fundazioaren bitartez, tratua itxi duela baserritarrek kentzeko dauzkaten arkumeak Urkaiko hiltegian —parte bat publikoa du, bestea pribatua—hil ditzaten eta Harakai kooperatibak merkaturatu diezazkion Eroskiri. 12.000 bat arkume izango direla kalkulatu dute. Kezkatzen nau solaskideen artean hiltegi publikoak eta artzain elkarteak —besteak beste— ez egoteak. Kezkatzen nau, neurri berean, nekazari sindikatu batzuen —EHNE Gipuzkoa, Enba eta UAGA— zuzendaritzek honi baietz esan izanak.
    Hiltegi gehienak publikoak dira Gipuzkoan. Jaurlaritzak bere indar guztiak jartzen baditu erdi-pribatua den hiltegi batean, bada, zer gertatuko zaie publikoei, ikusezinak badira? Eta Urkaikon hilko dituzten 12.000 arkumeetako gehienak izoztu eta Gabonetan aterako dituzte saltzera? Zer eragin izan ahal du horrek artzainen Gabonetako kanpainan? Orduan ematen zaio arkumeari balio pixka bat, izan ere. Kezka handia dut, birus honen aitzakian handien interesei begira egiten baita arraun.

«Buru osasun arazoekin etorri ziren
pazienteen erdiak baino gehiago»

Markel Flores Larrialdietako erizaina
    Azken asteotan txanda berezietan aritu ostean, pandemia aurreko ordutegietara itzuli gara. 22:00etatik 08:00etarako txanda egokitu zait gaur. Horrek ez du esan nahi, jakina, hau bukatu denik. Gaitza garatu dutenen zainketak hartuko du lan gehien, ZIU oheak betez joango zaizkigu pixkanaka.
    Asteburuari dagokionez, lasai joan da. Larunbatean arnasketa arazodunen zirkuituan aritu nintzen, jantzita. Jantzita diodanean, hamaika babesgarri plastifikatu soinean dituzula ibiltzea esan nahi dut. Eta itogarria da. Horregatik, hiru orduko txandak egiten ditugu lanaldiko: nik, hiru ordu; lankideak, beste hiru... Pazienteari odola ateratzeko zaina harrapatzen ere komeriak izaten ditugu.
    Igandean, beste zirkuituan aritu nintzen lanean, eta oso lasai joan zen. Hor ere izan zen datu deigarririk: 20 paziente ikusi banituen txanda osoan, erdiak baino gehiago buru osasun arazoekin etorritakoak ziren; 40 urte ingurukoak gehienak; itxialdiak sortutako egonezinarekin denak. «Etxean sartuta, ezin dut gehiago», esaten zuten. Konfinamenduak aurrera egin ahala, gero eta gehiago izango dira. Denoi dakarkigu estres mental handia etxetik irten ezinda egoteak; batzuei, are larriagoa. 

«Beti ber gauza da, eta ez dut
lehen bezain kasu egiten albisteei»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea
    Asteburua barnean joan da, trankil, berrikuntza handirik gabe. Etxekoekin hitz egin dut, eta haiek ere ontsa dira. Ateratzen ahal dira, eta, baditugunez mendiak-eta etxe inguruan, joan dira mendira, eta ez dute nehor ikusi. Geu ere ateratzen gara, baina ez da ber gauza. Atestazioak portablarekin bete ahal ditugu orain, eta errazagoa da, baina galdegin dute jendeari ez horretaz baliatzea gehiago ateratzeko.
    Egunak berdinak dira beti. Albisteak ere ez dira biziki aldatzen. Bon, Herri Urrats bera ere ezeztatua izan da, eta albiste handia izan da hori denontzat. Ongi ikusten dut erabakia: konfinamendua bukatua izanen da ordurako, beharbada, baina jende elkarketa handiak, Herri Urrats bezalako festak, ez dira onartuak izanen, ene ustez. Lanjerosa da itxialdiaren segidan jende kopuru handi bat biltzea.
    Gainontzean, badu aste bat ez dela gauza anitz aldatu; ez dut lehen bezain kasu egiten albisteei, beraz. Beti ber gauza da: gu barnean, medikuak kexu, hildako eta gaixoen zenbakiak... Hurbilean ez dugu kutsaturik, bederen, eta hori albiste ona da.
    Ari naiz Leturiaren egunkari ezkutua irakurtzen. Gogoz heldu diot; egunero kontatzen du egiten duena, nik bezala ia, desberdina izanik ere. Eta maite dut.

«Konfinamendu barruan bereizita
bizi izan naiz bi astez; gaur arte»

Urko Rodriguez Autobus gidaria
    Konfinamendua martxoko hirugarren igandean hasi zen arren, aste bat gehiago egin nuen lanera joan-etorriak eginez, lantokian baimena eskatu eta eman zidaten arte. Azkenean, martxoaren 23an hasi nuen nire itxialdi partikularra. Horraino heldu nintzenerako, baneukan kezka nagusi bat: «Nork ziurtatzen dit niri orain birusa ez daukadala eta etxekoak kutsatuko ez ditudala?».
    Horiek horrela, konfinamenduaren barruko konfinamendu bat eratu genuen, matrioxken moduan; etxekoekiko aldenduta egin ditut azken bi asteak. Logela batean bereizirik, distantzia une oro mantentzen saiatuz —etxean ez gara oso besarkatzaile edota muxukatzaileak; ez digu berebiziko aldaketarik ekarri alde horretatik— eta otorduetan gainontzekoen ondoren janez, mahaia aldi berean ez partekatzeagatik. Are gehiago: nik erabilitako plater, sardexka eta koilarek marka bat edota kolorezko bereizgarriren bat dute.
    Bereizita —afro-euskaldunak garela ez ahaztu!— bizi izan naiz, beraz, konfinamenduaren barnean. Gaur arte.
    Bi aste bete ditudan honetan, neurriak zertxobait laxatuko ditut, txakurra ateratzen duen bakarra ni naizen arren.

«Etxekoandreak emandako sosekin
logela hau pagatuko ahal dut!»

X.X. Etxeko zaintzailea
    Iratzarri orduko jaiki, dutxatu, ilea atondu eta sukaldera joan naiz gaur, etxean txanda gorde behar izaten dugulako jatorduak prestatzeko. Etxekoandreak idatzi dit gero: azken hilabeteko lanak ordaindu behar dizkidala, eta lan egin ez dudan azken aste horren kontuak hitz egingo ditugula; kontsultatu egin behar duela. Ez dakidala zenbat ordainduko didaten hil honetan, alegia. Nagusiak zehaztuko du bere ordenamendua, eta nik ez diot berehalakoan erantzungo, neuk ere neure kontuak atera behar ditudalako. Haiek badituzte beren lege aholkulariak, baina, eta nik ez. Etxekoandreak emandakoarekin logela hau ordainduko ahal dut, behintzat. Kezkatuta nago, noski, baina ez dut loa galdu nahi.
    Eskerrak barrerako tarterik ere izan dudan. Whatsappeko lagun taldean batek idatzi du: «Pandemia hau bukatzean zenbat maitemin ez ote den azalduko!». Beste batek erantzun dio: «Zenbat emakume ez ote den agertuko haurdun, bikotekidearekin egun osoz itxita egonda! Okerren, itxialdiak antisorgailurik gabe harrapatu dituen neskak egongo dira». Nik, ama tankeran, galdetu diet: «Baina ze demontretan ari zarete pentsatzen beti?». Etorriko den dibortzio mordoaz ere hitz egin dugu. Barre asko egin dugu elkarrekin. Horixe gure terapia.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.