Moral bikoitzak kondenatuak

'Alferrak eta gaizkileak' izateagatik atxilotu zituztenak omentzeko erakusketa bat egin du aldundiak Gasteizen. Orduan ahotsik izan ez zutenei lekua eman nahi izan diete gaur.

Presoak desfilatzen, 1960ko hamarkadan, Langraiz Okako espetxean (Araba); Alfer eta Gaizkileen Legearen arabera kartzelatu zituzten horietako asko. JAVIER GOMEZ.
iraia vieira gil
2023ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
«Francoren diktadura kanon moral oso zorrotzetan oinarrituta zegoen, eta kanon horietatik kanpo geratzen zen guztiari jazarri egiten zitzaion, bai epaitegietan eta bai jendaurrean», azaldu du Javier Gomez EHUko historialariak eta Alferrak, gaizkileak eta arriskugarritasun soziala (1933-1995). Jazarpen baten historia grafikoa erakusketaren antolatzaileak. Arabako Foru Aldundiarekin eraman du aurrera proiektua, eta urte horietan Alferren eta Gaizkileen Legeak zigortu zituen gizon eta emakumeei ikusgaitasuna ematea izan dute helburu nagusi. Atxilotutakoen fitxen azterketan oinarritutako 24 panelek osatzen dute erakusketa, eta Gasteizko Probintzia plazan izango dira ikusgai otsailaren 2ra arte.

1933an ezarri zuten Alferren eta Gaizkileen Legea, eta 1995era arte iraun zuen indarrean. «1971n, izena aldatu zioten: Arriskugarritasun eta Errehabilitazio Sozialaren Legea», baina, funtsean, arau bera zen. «Askotariko jendeari jazartzen zitzaion: karta jokalariei —jokoa ilegala zen orduan—, prostitutei, eskaleei... Txiroei, oro har». 1954tik aurrera, homosexualei eta trabestiei ere bai. «Aurretik, legeak ez zituen homosexualak alfer eta gaizkiletzat hartzen, baina, hala ere, ohikoa zen haiek atxilotzea».

Euskal Herrian, Langraiz Okako espetxeak (Araba) izan zuen preso homosexual gehien. Atxilotutako homosexual gehienakgizonak ziren. «1970eko hamarkada aldera arte, ez zuten lesbianismoa esplizituki aipatu», azaldu du Gomezek. «Mari-mutil hitza erabiltzen zuten liburu batzuetan, baina inon ez dugu ikusi emakumeen lekukotzen arrastorik».

Ia ezinezkoa da Langraiz Okako espetxean egondako gizonen lekukotzak aurkitzea ere. «Juan Soto Puente zen kartzela horretan homosexual izateagatik preso egon zen lekuko bakarra, eta duela urte batzuk hil zen». Hil aurretik, bere bizipenak biltzen zituen liburua idatzi zuen Sotok. «1930eko hamarkadan atxilotu zuten. Espetxera iritsi zenean, homosexualei pauso bat emateko eskatu zien ofizialak». Sotok agindua bete zuen. «Garai hartan emakumeek egin behar zituzten lanak ematen zizkieten homosexualei: joskintza, garbiketa...». Gainerako presoak lan astunak egiteaz arduratzen ziren:errepideak asfaltatzeaz edo baratzea lantzeaz, gehienetan.

Espetxeko ofizialek etxera eramaten zituzten homosexualak, garbitzaile lanak eta erosketak egiteko. «Neskame hartzen zituzten, baina ez zieten ordaintzen». Hori gertatu zitzaion Sotori «Emagizon moduan ikusten zituztenez, emakume izenak ere jartzen zizkieten, eta, ofizialen etxean garbitzen zeudenean, ezizen hori erabiltzen zuten haiei deitzeko». Katy, ezizen hori jarri zioten Sotori. «Katy izeneko gizon bat [Un hombre llamado Katy] izenburua jarri zion idatzi zuen liburuari».

1978an, homosexualei jazartzea debekatzeko erreforma egin zuten politikariek Alferren eta Gaizkileen Legean, «ez baitzetorren bat Espainiako Konstituzioan bildu zutenarekin». Kartzelan zeuden homosexual guztiak, beraz, karguetatik libre geratu ziren. «Gainerako kolektiboak atxilotzea, ordea, legezkoa izan zen aurrerantzean ere».

Prostitutak eta ijitoak

«Erregimenarentzat, zer zen benetan amorala?», galdetu du Gomezek. Eta erantzun: «Kalean bizitzea. Are gehiago borondatez bazen». Hala, prostitutak eta ijitoak ere Alferren eta Gaizkileen Legearen menpe geratu ziren. Prostituzioaren kasua bereziki ironikoa izan zen. «Erregimenean erabat onarturik eta antolaturik zegoen prostituzioa. Goi kargudunek ere kontsumitzen zuten, eta maila handikoa zen». Erregimenak onartzen ez zuena, berriz, bestelako zerbait zen. «1960ko hamarkadan abolitu egin zuten prostituzioa, baina legeak ghettoetan lan egiten zuten prostitutei eragiten zien, gehienbat». Hau da, prostituzioa kontsumitu nahi zuten, baina ez zuten nahi prostituzio hori ikusgai egon zedin. Hala, leku publikoetan lan egiten zuten prostitutak eta proxenetakatxilotzen zituen Poliziak, baita han sexua izaten zuten bezeroak ere. «Hori zen, hain zuzen, diktaduraren moral bikoitza».

Ijitoei kalean bizitzeagatik eta nomadak izateagatik jazartzen zitzaizkien. «Bereziki ezaguna da Eleuterio Sanchezen kasua». Oilo bat lapurtzeagatik atxilotu zuten Sanchez lehen aldiz, eta, ordutik, bizitza osoa eman zuen gaizkile lanetan. «Kartzelako sartu-irten etengabean ibiltzen zen, jendeak beldur handiagoa zielako oiloak eta untxiak lapurtzen zituztenei delitugile handiei baino». Jesus Gil Espainiako enpresari ezagunak, esaterako, etxebizitza eraikin bat egin zuen 1960ko hamarkadan. Jendea hara bizitzera joan eta denbora gutxira, eraikina erori egin zen, eta 80 bat pertsona hil ziren. «Urte eta erdiko zigorra besterik ez zuen jaso Gilek, ez zutelako haren inguruko aurreiritzirik».

Espetxealdiak sei eta zortzi hilabete artekoak izan ohi ziren. «Ez ziren kondena luzeak, baina bizimodu normala izateko aukera kentzen zien kartzelatutakoei». Behin alfer eta gaizkile izateagatik kartzelan egonda, oso zaila zen gero lana lortzea, eta, ondorioz, lapurretan hasi edo jarraitu behar zuten askok. «Delitugileak sortzen zituen makina bat zen erregimena».

1995ean indargabetu zuten Alferren eta Gaizkileen Legea. Gomez: «Garai hartan atxilotutakoek fitxa eskatzen badute, agian aurrekari horiek izango dituzte oraindik». Homosexualen kasua bestelakoa da. 2009an, kalte ordaina eskatzeko atea ireki zieten homosexualei, eta, 2018an, aurrekariak zituztenei kargu horiek ezabatzea onartu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.